Eusko Jaurlaritzak inposatu nahi zuen klaserako itzulera benetako porrota izan da ikasleok - ikasle greba orokorra deituz - irakasleek eta familiekin batera egin dugun presioari eta antolakuntzari esker. Argi esan genuen eta berresten dugu, gure osasunarekin eta gure etorkizunarekin ez da jolasten! Horrek erakusten du, elkarrekin borrokatzen badugu mobilizazio irmo baten baitan, hezkuntza publikoa gizarte-larrialdiko egoeratik erreskatatzea lor dezakegula, gobernu zentralen eta autonomikoen etengabeko erasoen eta datorren ikasturterako marrazten hasi diren egoera onartezinaren aurrean. Hori da gure hezkuntzarako eskubidea segurtasun baldintza duinetan bermatzeko modu bakarra!
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, institutuen %20k eta "Lanbide Heziketa ia osoak" ireki dituzte ateak maiatzaren 25ean. Baina horrek ez du zerikusirik errealitatearekin. Geletara bertaratzea oso baxua izan da, pratikan ia batere ez. Errealitate horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak entzungor egiten jarraitu nahi dio hezkuntza-komunitatearen oposizio orokorrari eta eskatu ditugun aldarrikapen zehatzei, eta irakasleentzat itzulera nahitaezkoa izatea planteatu du. Ikasgelak irekitzeko eta azterketak egiteko etengabeko presioa egiten jarraitzen du, publikoki erabakia ikastetxeen esku egongo zela esan zuen arren. Bere xantaia eta autoritarismoaren aurrean, borrokarekin jarraitzea inoiz baino beharrezkoagoa da!
Hezkuntza publikoa eta gure eskubideak borrokarekin defendatzen dira
Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeriaren eta autoritarismoaren aurrean, greba izan da ikasleoi gure osasuna eta etorkizuna defendatzeko utzi diguten aukera bakarra. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak eta hainbat zentrotako zuzendaritzek guretzat funtsezkoa den eskubide bat urratu dute. Orain, ikastetxe askotan oso eraso larriak gertatzen dira, hala nola asistentzia huts egiteen zigorrak, ikastaroko nota jokoan ezartzen duten azterketak, inolako mugarik gabeko lanak, online azterketetan nota onak ateratzen baditugu kriminalizatzea eta kopiatzea leporatzen digute, eta abar. Laudioko HHEn, esaterako, grebarekin bat egin nahi izanez gero ikastaroari uko egin beharko ziotela mehatxu egin diote ikasleei. Erabat onartezina da!
Zentzu honetan, eraso larrienetako bat izan da Eusko Jaurlaritzak Goi mailako sarbidea prestatzen ari ziren HHEetako ikasleei aste bateko epearekin jakinarazi diela azterketen data, aukera hori bakarrik emanik eta hilabete hauetan bazterkeria handiena jasan duten ikasleak izan direnean. Ikasleok egin genuen presioaren bidez, atzera egin eta azterketak atzeratu behar izan zituzten.
Ikasleen greba kriminalizatzeko ahalegin etengabea dago, ikasleak besterik gabe klaseak saltatu nahi ditugun alfer batzuk garen irudia zabalduz. Hori manipulazio zabarra da. Gure borroka, hain zuzen ere, kalitatezko hezkuntza publikoa izateko eskubidea defendatzean datza, hori ukatzen baitzaigu behin eta berriz murrizketen, pribatizazioen eta langile familietako seme-alabak hezkuntza-sistematik kanporatzeko egindako lege klasisten bidez. Langile klaseari ez digute inoiz ezer oparitu. Eskubide guztiak borrokarekin lortu ditugu, eta horrela defendatuko dugu hezkuntza publikoa ere, datorren ikasturterako marrazten dituzten erasoen aurrean.
Hezkuntza publikoa erreskatatu behar da
Eusko Jaurlaritzak ikasgeletara itzultzeko agindua eman zuen, arrazoi zehatz batengatik. Ez zen irizpide sanitario batengatik izan, eta are gutxiago hezkuntza irizpide batengatik; aitzitik, gu ikasgeletara bidaltzen hasi nahi zuen, gurasoak lanean hasteko eta enprese irabaziak gizentzen jarraitzeko. Halaber, lehentasuna eman diona titulazioa jokoan dagoen azterketak egitea edo goi-mailako ikasketetara sartzeko azterketak egitea izan da, langile familien bazterkeriari eusteko. Nekane Murgak esan zuen klasera itzultzeak "behar den diziplina soziala" erakutsiko zigula. Horixe da euskal eskuinak patronalarekin erakutsi nahi digun esplotazio-diziplina.
Ikasle Sindikatutik murrizketen, pribatizazioen eta hezkuntza klasistaren logikari aurre egiten jarraituko dugu. Egia esan, oraindik ez dira baldintzak betetzen ikasketa-zentroetara itzultzeko. Gainera, ikusi dugu EAJ saiatu dela irekieraren erantzule ikastetxeak egiten, ikasgelak irekitzeko edo hirugarren ebaluazioko azterketak egiteko ustezko “autonomia” aldarrikatuz. Hori bai, EAJk ikastetxeen "autonomiaz" publikoki hitz egiten duen bitartean, gure institutuetan ondo baino hobeto dakigu zuzendaritzak presionatzen jarraitzen duela ikasgelak irekitzeko.
Ikasle grebak eta ikasgeletara itzultzearen aurrean irakasleek agertu duten oposizioak berriro erakutsi dute borrokan bat eginez gero EAJ garaitu dezakegula. Datorren ikasturtean gure osasuna eta hezkuntza publikorako eskubidea bermatu ahal izateko, beharrezkoa da hezkuntza-komunitatearen borroka-plan bat altxatzea eta Eusko Jaurlaritzari eta PSOE-UPko Gobernuari eskatzea berehala abian jar dezatela hezkuntza publikoa erreskatatzeko plan bat.
Elkarrekin borrokatuz, mobilizazio irmoekin hau eta askoz gehiago lor dezakegu: pribatizazioa eta murrizketak amaitzea, hezkuntzakoak ez ezik, baita osasun publikoa, zaharren egoitzei eta pentsioei egindakoak ere, eta patronalaren ofentsibarekin amaitzea, kaleratze, ERTE eta prekarietatearekin, langabeziarekin, matxismoarekin eta sistema honek mantentzen duen ingurumenaren suntsipenarekin amaitzea. Borrokak aurrera jarraitzen du!