“Kalitatezko hezkuntza publiko presentzial eta segurua izateko dugun eskubidea bermatzeko, irtenbide bakarra dago: hezkuntza publikoa erreskatatzeko plan bat abiatzea”

Joan den ikasturte amaiera, EAEn, irakasleen protestekin eta ikasle greba orokorrarekin amaitu zen Urkulluk ezarritako eskoletara itzultzearen aurka. Orain hasten dena hezkuntza-komunitatean gero eta handiagoa den haserreak markatzen jarraitzen du, bitarteko faltaren aurrean. Ikasle Sindikatuak greba deitu du berriro, baina oraingoan Euskal Herritik haratago doa. Irailaren 16, 17an eta 18an Estatu osoko ikasleei ikasgelak hustera deitzen diete eta 15ean greba hasiko dute EAEn, irakasleen sindikatuekin batera. Laura Luengo Ikasle Sindikatuko bozeramailea elkarrizketatu dugu.


EHS —  Zein da borrokara bultzatu zaituzten egoera eta zein dira zuen aldarrikapenak?

EAJk urteetan hezkuntza publikoa murrizten eta erasotzen eta itunpeko pribatuaren mesedetan egin dituen politikek ondorio katastrofikoak izan dituzte. Pandemian zehar, langile familietako milaka ikasle erabat abandonatu dituzte. Orain, hilabete hauen ondoren, gela masifikatuetan eta baliabiderik gabe klasera itzultzea nahi dute.

Nahi duguna oso argi dago: kalitatezko hezkuntza publiko presentziala izateko dugun eskubidea bermatzea, segurtasun baldintzetan. Hori bermatu ahal izateko, irtenbide bakarra dago: ratioak ikasgela bakoitzeko 15 ikaslera murriztea, 10.000 irakasle inguru kontratatzea eta beharrezko espazioak prestatzea, garbiketa eta osasun langileak kontratatzea, etab.

Hala ere, argi dago EAJrentzat lehentasuna enpresa irabaziak direla, eta eskola publikoa gurasoak lanera joan daitezen seme-alabak uzteko tokia baino ez dela.

EHS – PSOE eta UPren koalizio Gobernua ere salatzen duzue. Zertan datza kritika?

Gobernu honen jarrera ez ikusiarena egitea izan da eta ez du ezer egin. Eskuina agintean den tokietan murrizketak egiten ari da eta Hezkuntza Ministerioa isilik geratu da, hezkuntza publikoa erreskatatu beharrean. Koalizio Gobernuak asko hitz egiten du ezkutu sozialaz baina PPk hezkuntza publikoan egin zituen murrizketak bere horretan jarraitzen dute, eta bitartean 100.000 milioi oparitu dizkie enpresa handiei eta IBEX 35ari.
Berehala zuzendu behar dituzte neurriak! Horregatik greba Estatu mailara zabaltzen da eta oso positiboa da Estatuko beste lurraldeetan egun horietan irakasle sindikatu batzuk grebara deitu izana -esate baterako CIGak Galizian 16ean edota CGTk Andaluzian 18an-. Zenbat eta indar gehiago batu are indartsuago izango gara, bai Madrilgo Gobernua presionatzeko eta baita Urkullu geldiarazteko ere.

EHS – Garrantzia handia ematen diozue hezkuntza komunitate guztiaren batasunari…

Noski. Hori da gakoa eta EAEn hilaren 15ean irakasle sindikatu guztiek greba egingo dutela jakin bezain laster, ez dugu zalantzarik izan deialdia ikasleei zabaltzeko. Hori da EAJ-PSEren Gobernua benetan isolaturik dagoela eta ahula dela erakusten duen froga hoberena. Elkarrekin borrokatzea da gure aldarrikapenak lortzeko bide bakarra. Eta posible da garaipena lortzea tinko borrokatzen jarraitzen badugu.