Kriminalak, basatiak, ezjakinak eta gaizkileak: azken asteotan komunikabideek gazteen aurka esan dituzten adjektiboetako batzuk dira. “Istilu ugari botiloi jendetsuetan”, “Botilatik botilakadara” edo “Botiloi belaunaldia” gisako titularrekin, helburu politiko argia duen beste propaganda kanpaina higuingarri baten aurrean gaude: aurrean duten etorkizun iluna dela-eta gazteek duten haserrea, sufrimendua eta amorrua ezkutatzea eta gutxiestea.

Krisi ekonomikoak eta pandemiak gogorren jo duen sektoreetako baten aurkako gorrotoan urrutien iritsi dena ABC egunkari eskuindarra izan da. Halaxe zioen irailaren 28ko editorialean: “Sare sozialen bidez antolatuta, milaka gazte Espainiako hiri nagusiak kolonizatzen ari dira asteburuetan [...] Festa masibo bakoitza kale-indarkeriarekin eta hiri-altzarien txikizioarekin amaitzeko ohitura dute, basakeria dibertimenduaren parte hartuta [...] Madrilgo eta Bartzelonako elkarbizitza baketsua asaldatzen ari den ordena publikoko kontua da [...] Labankadak, jabetza pribatuetan sartzea, lapurretak, suteak... Guztia bilakatu da errutina dekadente”.

El Mundo Today-ren artikulu umoretsu bat gogorarazten duen mezu gogor eta interesatu hori prentsa “serioaren” erreportaje bat baino gehiago da: Espainiako Estatuan milioika gaztek egunero entzuten dugun mezua da. 78ko erregimenaren eta bere defendatzaileen klase hipokresiak ez du mugarik, ezta lotsarik ere.

Lanik gabe, osasun mentalik gabe, etxerik gabe... baina botiloia da arazoa

Asko izan dira —eskuinetik hasi eta Ada Colau Bartzelonako alkatearenganaino— “ordena publikoarentzako” ustezko arriskuaz, hau da, milaka gazte parke batean edo fakultate batean lagunekin garagardo batzuk hartzeak dakarren arriskuaz, hitz egiteko lotsa izpirik ere izan ez dutenak. Hala ere, ez da batere hitz egin nahi gazteak gau batez edo ordu batzuez kapitalismoak eragindako bizi-baldintzetatik ihes egin nahi izatera bultzatzen dituzten pobreziari, miseriari eta etsipenari buruz.

Gazteen langabezia tasa %38koa da, OCDEko herrialde guztietatik kopururik handiena; bost langile gaztetik batek bakarrik du kontratu mugagabea. 2018ko Lan Merkatuaren estatistikaren arabera, urte amaieran gutxieneko soldataren azpitik zeuden gazteen kopurua %75etik gorakoa izan zen (lautik hiru), eta 18 urtetik beherako soldatapekoak kontuan hartuz gero, %92,6 dira gutxieneko soldataren erdira ere iristen ez direnak. Gure lan-baldintzen prekarizazio dramatikoak, azken hiru urteotan irauli ez direnak, pobrezia edo bazterketa arriskuan kokatu ditu 20 eta 29 urte bitarteko biztanleen %32. 65 urtetik gorakoen artean, %16 dago egoera horretan.

Lan duina eskuratzeko itxaropena galdu dugu, eta horri gurasoen etxetik emantzipatzeko ezintasuna gehitu behar zaio. Gazte batek bakarrik bizi nahi badu, bere soldataren %92,2 pisu bat alokatzeko erabili behar du. Egoera horretan, ez da harritzekoa %41k ezin izatea gurasoen etxetik joan 34 urte betetzen dituen arte.

Hori guztia pandemiaren ondorio suntsitzaileekin lotuta dago. Izan ere, pandemiak errotik eten zituen gizarteratzeko aukerak, gaixotasun mentalak ikaragarri hazi dira gazteen artean, gure auzoek eta zerbitzu publikoek degradazio latza jasan dute, Lanbide Heziketan plaza publiko bat edo ikasteko beka bat lortzea ia ezinezkoa da. Koktel leherkor bat sortu dute eta, lehenago edo beranduago, eztanda egingo du. Burgesiak eta enpresariek badakite. Horregatik hainbeste ahalegin, albistegi eta editorial gure aurka: gainazalaren azpian pilatutako amorru guztia erupzioan sar ez dadin.

Nork sustatzen du alkoholaren kultura Espainiako Estatuan?

“Makroboteiloien” aurkako zirku mediatiko hau espainiar klase agintariaren moral ustelaren isla da. Espainia da alkohol gehien kontsumitzen duen EBko bigarren herrialdea: 15 urtetik gorako biztanleen %13k hartzen ditu edari alkoholdunak egunero, Europako batez bestekoa %8,4koa da. Alkoholaren kultura Estatuan oso zabalduta egotea gazteen errua al da? Ezta inondik ere.

Gazteen eta langileen aisialdi guztia garagardo bat edo kubata bat hartzea izan dadin sustatzen dutenek, hain zuzen ere, negozio ikaragarria egiten dute. Hoteletako mafia da: mozkorraldi turismoa bultzatu du, eta horrek Espainiako Estatua Europako diskoteka bihurtu du. Kultura pribatizatu dute eta familia xumeei zinemara, antzerkira edo kontzertu batera joatea ukatzen die. Isabel Díaz Ayusok dio askatasuna zure auzoan garagardo bat hartzea dela. Dirudienez, taberna batean kontsumitzen baduzu —nahiz eta Madrilgo edo Andaluziako auzo askotako terrazetan masifikazioak izan diren eta osasun-murrizketa asko ez dituzten bete—, herritar eredugarria zara eta ostalaritzari egoera zailetik ateratzen laguntzen diozu, baina denda batean lata bat erosten baduzu eta kalean edaten baduzu, bandaloa zara. Aldea gastatzen duzun diruan bakarrik dago.

Bizitza duin baten alde borrokatzea kapitalismoaren aurka borrokatzea da

Milioika gaztek kaleak bete ditugu faxismoaren, LGTBIfobiaren, gure auzoetako apustu-etxeen edo estatuaren errepresioaren aurka. Eta gero eta ozenago oihukatu eta gure eskubideak aldarrikatzen ditugunean, kriminalizazio kanpaina indar handiz hazten da.

Gazteak gara kapitalismoaren eta bere logikaren biktimak. Eta gure galdera da: Zer ari da egiten PSOE-UPren gobernua? Esan digute susperraldi ekonomikoaren erdigunean jarriko gaituztela, alokairua ordaintzeko laguntzak emango dizkigutela eta gutxieneko soldatan 15 euroko igoera izango dugula, baina ez dituzte bermatzen gure auzoak duintzeko behar diren baliabideak, ez dira indargabetzen ez Mozal Legea, ezta lan-erreforma ere. Ez dute bermatzen etxebizitza-parke publiko bat, ez dituzte erreskatatzen irakaskuntza eta osasun publikoak gure hezkuntza eta osasun mentala defendatzeko, eta uko egin diote gure zapalkuntzarekin urrezko egiten direnei aurre egiteari.

Gazte antikapitalista eta borrokalariak eztanda handi bat ari dira prestatzen ezer eskaintzekorik ez duen sistema baten aurka, eta gure etsaiak ere kontzienteki prestatzen dira horretarako. Guk antolatuz, gure indarrean oinarrituz eta mobilizatuz, hau da, programa sozialista bat defendatuz, erantzun behar diegu. Iraultzaren sugarra gara eta irabaziko dugu.