M24 manifestazioak 12etan
Bilbo: Eliptika plazatik
Donostia: Ibaetako Aulariotik
Gasteiz: Andra Mari Zuriaren plazatik
Iruñea: Antoniuttitik
Ikasle Sindikatutik bat egiten dugu Ikasle Abertzaleek martxoaren 24rako bultzatutako ikasle grebarekin eta greba egiteko deialdia luzatzen diegu ikasle guztiei. Greba horrek, lehenik eta behin, Hego Euskal Herrian hezkuntza publikoaren murrizketen, pribatizazioen eta suntsiketaren arduradunak seinalatu behar ditu, EAJ, PSE-PSN eta UPN, eta, bigarrenik, Estatu espainiarreko Hezkuntza Ministerioa eta PSOE-UP Gobernua, egiten ari diren pribatizaziorako legeengatik.
EAJ, PSE eta, zoritxarrez, EH Bildu bultzatzen ari diren EAEko Hezkuntza Hitzarmenak erabat parekatu nahi ditu hezkuntza publikoaren sarea eta pribatuaren negozioa. Opari bat da itunpeko irakaskuntza pribatuaren eta elizaren hierarkiaren patronalari, hezkuntza pribatu-itundua %50 den Erkidegoan, Estatu espainiarreko tasarik altuena eta Europako bigarrena. Ikasle Sindikatutik erabat arbuiatzen dugu hitzarmen hau, euskal eskola publikoaren pribatizazioan beste jauzi bat eman nahi baitu, eta EH Bilduk berehala zuzendu eta horren aurka egin behar duela diogu.
Patronalak oso pozik agertu dira. Kalkuluen arabera, itunetara bideratutako diru publikoa urtean 918 milioi eurora arte handituko da, Hezkuntza Sailaren aurrekontuaren %30, eta horri diru laguntza ugari gehituko zaizkio. Itunak EAEn hezkuntza publikoak pairatzen duen suntsiketa egoera eta klase segregazio kronikoa berresten ditu, hain zuzen, EAJk hezkuntza publikoa murrizten eta pribatua pribilegiatzen egin dituen politiken ondorio direnak.
Ez dago euskara defendatzeko aurrerapausorik ere. Dokumentuak ez du murgiltze eredua aipatzen, baizik eta “eredu eleaniztun bat, euskara ardatz duena”; hori bai, “ikastetxe bakoitzaren hizkuntza proiektua errespetatuz”. Porrot egin duten hizkuntza ereduak oztopo itzela dira euskararen ikaskuntza eta erabilera garatzeko, ez ditu ikasleak integratzen, eta aldendu egiten ditu hizkuntza eskuratzeko zailtasun handienak dituztenak, hala nola jatorri etorkineko ikasleak. Klase segregazioa hizkuntza segregazio bihurtzen da.
Barrera linguistikoa gainditzeko eta euskara defendatzeko modu bakarra, %100 publikoa den sarearen bidez, denentzako eskuragarria den euskarazko murgiltze eredua ezartzea da, hori posible egingo duen giza baliabide eta baliabide material guztiez hornituz.
Bestalde, PSOE-UP Gobernuko Hezkuntza Ministerioak uko egin dio irakaskuntza publikoa pairatzen ari den larrialdi egoeratik erreskatatzeari, itunpekoaren eta Eliza Katolikoaren pribilegioei eusten dieten legeak onartuz, hala nola LOMLOE, eta unibertsitatea nahiz Lanbide Heziketa are gehiago pribatizatzea helburu duten legeak. Eta orretan Eusko Jaurlaritzaren babesa izan dute.
Hezkuntza negozio bihurtzen duten politiken aurrean, bide bakarra kaleetako mobilizazioa da, ekintza batasunean kapitalismoaren aurka eta sozialismoaren alde. Horregatik, martxoaren 24an ikasgelak hustu eta kaleak beteko ditugu.
Hezkuntza eskubidea da, ez negozioa!
Hezkuntza %100 publiko eta euskaldunaren alde!
Segregazio eta klasismorik ez. Aski da!