Apirilaren 13an, Engels Ateneoan, arratsaldeko 19:00etan.

Kapitalismoaren aurka gazteen alternatiba!

 

Euskal Herriko gazteak eta langileak, munduko beste herrialdeetan bezala,  eraso gogorrak jasaten ari gara azkenaldian. Hain zuzen ere, krisia eragin dutenak, kapitalista handiak, bankariak eta beren esanetara dauden gobernuak, gure oinarrizko eskubideak ezabatzen ari dira eta bereziki gazteei etorkizun duin baterako aukera ukatzen ari zaizkigu bai hezkuntzan, bai lan munduan eta bai laguntza sozialetan burutzen ari diren eraso bakoitzeko.

Lan mundua

 

Langileei lehenengo EEEak inposatu zitzaizkienetik eta aldi baterakoak masiboki kaleratuak izan zirenetik, lanpostuen suntsiketa sistematiko bat ematen ari da, orokorrean gazteak lan merkatutik kanporatuz. Gazteen arteko langabezia tasa EAEko datuetan %16ra iritsi zen 2009an 2008ko zifra bikoiztuz, eta ondorengo urteetan gorabeherak egon arren igotzen joan da eta horrela jarraituko du enpresarien eta gobernuen erasoen ildoa kontuan hartzen badugu.

Lehen gazteen artean lan baldintzen prekarietatea larria bazen, egoera askoz ere larriagoa bihurtu da beren lanpostua mantentzea lortu dutenentzat, kontratu eta soldata miserableenak hartzera beharturik jarriz. Eraso hauen artean, PSOEren gobernuak inposaturiko eta PNVk babesturiko lan erreforma funtsezkoa izan da, kapitalistei kaleratzea merkatzea eta prekarietatea gogortzea baimentzeko. Pentsioen erreforma ere bide berdinetik etorri da, jubilatzeko adina eta kotizatu beharreko urteak luzatzean, gazteak lanpostu bat lortzea zaildu eta pentsio duin bat jasotzeko aukera ezabatu baitu.

Hezkuntza

Hezkuntza publikoaren pribatizazioa eta gastuen murriztea maila guztietan ematen ari den zerbait da, zentroen aurrekontuetan, irakasleen soldatetan eta plaza kopuruan, ikasleen matrikuletan, etab. Pauso garrantzitsuena zentzu honetan Bolognako planekin eman dute. Hauen helburua, azken batean, unibertsitate publikoa esku pribatuen mesederako berregituratzea izan da. Bertako hezkuntza kalitatea okerrera eraman dute graduen sistemarekin, asignatura asko desagerraraziz. Plan berriarekin ikasleei euren denbora guztia ikasketetara bakarrik eskaintzea behartzen die, ikasiz aldi berean lan egitea eragotziz. Eta gainera, unibertsitateko tasak orokorrean %30 garestitu dira. Azken batean, langile familien seme alabak unibertsitatetik kanporatzea da plan hauek ekarriko dutena.

Gradu ondokoak ere, lehen masterrak zirenak, enpresa pribatu handien mesedetara ezarri dituzte hauen egituraketa enpresen eskuetan utziz eta “bekadunekin” doako eskulana eskainiz enpresariei. Lanbide Heziketa publikoan berriz, estatu mailan 50.000 ikasle izan dira ez onartuak. Eta honetaz gain, selektibitatea gogortzen jarraitzen dute batxilerreko ikasleei eta baita goi mailako LHko ikasleei ere, batxilerreko gaien azterketak ezarriz.

Langileen eta ikasleen interesak erabat loturik daude, gaur ikasten dihardutenak biharko egunean lanpostu bat aurkitu beharko baitute. Batzuei egindako erasoa besteei egindakoa da eta alderantziz. Langile eta gazte askok aurkitu du bere burua berriro ikasten hastera beharturik, kaleratua izan delako edo ikasketak amaitu ondoren ezin duelako lanik topatu. Horregatik, esan behar da hezkuntza publikoan egiten ari diren erasoek ere, nahiz eta isilago gordetzen saiatu diren, zuzenean eragiten diela langile familiei.

Kapitalismoarekin amaitu beharra dago

Geroz eta argiago geratzen ari da sistema kapitalista errotik ustelduta dagoen sistema bat dela, mundu guztiko herritarren gehiengo zabala miseriazko bizitza batetara kondenatzen duela eta berarekin amaitu beharra dagoela. Gazte eta langileak elkarrekin antolatzea eta alternatiba iraultzaile eta sozialista baten alde borrokatzea da honi guztiari aurre egiteko bide bakarra. Bankuak eta enpresa handiak langileen kontrol demokratikopean desjabetuz bakarrik izango da posible sozialismoa eraikitzea eta Euskal Herriaren nahiz herri zapaldu guztien benetako askatasuna lortzea.

Borroka iraultzailea geroz eta eguneratuago dago. Aurten bertan herrialde arabiarretako masek euren bizitzak eraldatzeko kalera irten dira, herri, auzo, lantegi eta ikastetxeetan komite iraultzaileak antolatu dituzte eta beren aldarrikapenak lortu arte ez dutela kalea utziko argi erakutsi dute. Hori iraultza bat da, eta maila ezberdinetan bada ere, Tunez, Egipto, Libia, Siria, Argelia, Marokoko etab. herrietan mota honetako mobilizazioak ematen ari dira, iraultzek duten kutsakortasuna eta elkartasuna beste behin ere agerian utziz.

Latinoamerikan ere prozesu iraultzaile bat dago azken hamarkada honetan martxan. Bolivia, Ekuador, Guatemala, Venezuela eta beste hainbat herrialdeetan ere mugimendu iraultzaile oso indartsuak eman dira urteetan zehar. Baina oraindik ez da lortu kapitalismoarekin amaitzea. Hori dela eta Venezuela bezalako herrialdeetako masak gogor jasaten ari dira krisiaren ondorioak eta oraindik hor dago kontrairaultzaren arriskua eta honi aurre egiteko modu bakarra iraultza sozialista burutzea da, kapitalistak desjabetu eta boterea langileek hartzea.

Europan zehar ere gazteriak eta langileek greba eta geroz eta manifestazio indartsuagoak eta ugariagoak burutzen ari dira. Grezian herstura planen aurkako mugimendua, Frantzian aurreko azaroan eman zen mugimendua (68ko maiatzetik ematen zen handiena), Ingalaterran eta Italian gazteak protagonista izan dituzten mobilizazioak eta azken egunotan Portugal astintzen ari direnak beste hainbaten artean adibide esanguratsuenak dira.

Euskal Herrian ere badago borrokarako gogoa eta indarra, horrela erakutsi zuen urtarrilak 27ko greba orokorrak, aurrekoak baino indartsuagoa izan zena bai parte hartzez bai mobilizazioetan. Herri guztietako esperientzia erakusten ari da gazte eta langileok badugula indar nahikoa burgesiari aurre egiteko eta gizartea eraldatzeko. Baina programa iraultzaile bat azken arte defendatuko duen antolakuntzarik egon ezean iraultzak erdi bidean geratzen dira, historian beste hainbat alditan bezala.

Euskal Herria Sozialistatik sozialismoaren ideiak ezagutzera eta eztabaidatzera gonbidatzen zaituztegu, gazteria izan baita eta izango baita Leninek zioen bezala iraultzaren sua.

Etor zaitez hitzaldi honetara:

 

Gaia: Kapitalismoaren aurkako borroka eta gazteria

Eguna: Apirilak 13 asteazkena

Ordua: 19:00

Lekua: Engels Ateneoa, Errementari kalea, 8 (alde zaharra), Tolosa

Zabaldu eta defendatu kapitalismoaren aurkako ideiak!

Jarri harremanetan- Tel:685720939   Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.   www.euskalherriasozialista.net

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.