Ondoko lerroetan Huyck Wangner ("Perot") enpresako langileen borrokaz Tolosaldeako Metalgintzako ELAko arduradun den Mikel Zabaletari egindako elkarrizketa dakargu. Urtarrilean enpresa itxiko zutela iragarri eta langileek greba mugagabea hasi zuten.

1. Duela hilabete Huyck Wangner-eko ("Perot") jabeek Zizurkilgo lantokiko 81 langiletik 75i eragiten dien kaleratzea aurkeztu zuten fabrika ixteko helburuarekin. Zein da oraingo egoera?

Urtarrilaren 25ean hasi zen kontsulta epea, aurreko astelehenean, otsailak 25ean bukatu zen, eta zoritxarrez, akordiorik gabe.

Askotan salatu dugun bezala, multinazionalak ez du negoziatzeko inongo borondaterik agertu. Lantegi hau hustutzeko erabakia aurretik hartutakoa eta estrategikoa izan da, eta oraingoz ez dute erabakia aldatu nahi. Erreforma Laboralaz baliatuz, Zizurkilgo langileak merke kaleratu nahi dituzte, multinazionalak oraindik diru gehiago irabazteko asmoz.

Gainera, orain badakigu, nahiz eta guri egun batetik bestera esan, eraso hau aspaldi prestatzen hasi zirela: 2010. urtetik hona, Zizurkilgo enpresatik multinazionalera 5 milioi euro baino gehiago eraman dituzte; talde barneko salmenta neurriak ere guztiz desorekatuak izan dira, multinazionalaren mesedetan; eta salmentarako muga zorrotzak jarri dizkiote hemengo lantegiari, bai egin beharreko produktuetan eta bai herrialde askotako merkatuetan sarrera debekatuz. Benetako sakeo bat egon da hemen!

Deigarriena da, hala eta guztiz ere, Zizurkilgo lantegiak benefizioak ematen jarraitu duela urtez urte.

Bestalde, esan behar da langileak elkarturik jarraitzen dutela, oztopoak gaindituz, eta hori da borroka honekin jarraitzea ahalbidetzen duen motorra.

Dudarik gabe, borroka eredugarria da egiten ari direna.

2. Otsailaren 2ko Tolosako manifestazioak babes eta elkartasun handia jaso zuen. Zein balorazio egiten duzue?

PEROT-eko arazoak oihartzun handia izan du, eta egia esan babes asko ari gara jasotzen jendearen aldetik. Orain arte bi manifestazio egin ditugu, biak Tolosan (bata otsailaren 2an eta bestea hilabete beranduago, martxoaren 2an), eta bietan eskualdeko jendearen elkartasuna, babesa eta berotasuna sentitu dugu.

Manifestazio horiekin, egoeraren salaketa egiteaz gain, gure jendeari oxigenoa emateko balio dute. Funtsezkoa iruditzen zaigu arazoaren gizarteratzea.

3. Aurrera begira mobilizazioak antolatzen ari zarete?

Greba Mugagabea hasi genuenetik, dinamika bat antolatu dugu borrokarako. Astelehenero asanbladak egiten ditugu, alde batetik gertatutako guztiaz informatzeko, eta bestetik aste horretarako mobilizazioak antolatzeko. Langileak taldeka antolatu ditugu, eta talde bakoitzak arduradun bat dauka. Honela, askoz errazago egiten zaigu asteroko ekintzak antolatu eta aurrera eramatea.

Orain arte hamaika izan dira egindako ekintza eta mobilizazioak, euria, hotza eta elurra tarteko: kontzentrazioak, enkarteladak, manifestazioak, asanbladak, kotxe-karabanak, elkarrizketak eta bilerak, sinadura bilketak, enpresako atetan akanpada iraunkorra... Dinamika honekin jarraituko dugu, indarra, jendearen babesa eta erasoa geldiarazteko aukera txikiena dugun bitartean.

4. Zein uste duzue izan behar duela hurrengo urratsa borrokan?

Esan bezala, mobilizazioekin jarraituko dugu. Arazoaren gizarteratzea oso garrantzitsua da ondoren arlo askotan presioa egin ahal izateko.

Arlo horietako bat, askotan esan dugun bezala, Euskal Herriko Instituzioen inplikazio serio bat edukitzea da. Esparru honetan, bakoitzak bere ahalmenaren arabera laguntzeko eskatzen genuen. Iruditzen zaigu esparru honetan, ez daudela maila berean Administrazio guztiak. Hau da, ez da berdina udal batek egin dezakeena edo Eusko Jaurlaritzak egin dezakeena. Orain arte, positiboki baloratzen dugu inguruko Udalek eman diguten babesa, bai mozioekin, bai baliabide materialekin, hala nola mobilizazioetan parte aktiboa izan dutelako. Esan Eusko Jaurlaritzarekin ere bilera bat ere egin dugula, baina zoritxarrez honek ez duela emaitza askorik eman. Edozein motatako proposamenen bat edota laguntzaren bat egitea eskatu genion, enpresa hemen geratzeko bultzada gisa, eta orain arte ez dugu inolako proposamenik jaso.

Argi utzi nahi dugu, halere, momentu hau iritsita, ez dela partidua bukatu. Bigarren zati bat daukagu aurretik, eta ahal dugun gogorren jokatuko dugu. Laster 75 langileen kaleratze gutunak iritsiko dira, eta hori gertatzen denean, salaketa jarriko dugu epaitegian, ERE-a baliogabetu dezaten eskatuz. Prozesu hauek luzeak eta konplexuak izaten dira, baina prestatuta gaude, eta arrazoi asko ditugula argi dugu. 

Bukatzeko, Euskal Herria Sozialistak hasiera hasieratik PEROT-eko langileenganako hartutako jarrera eta arazoa gizarteratzeko emandako babesa eskertu nahiko nuke. Esker mila zuen laguntza solidarioagatik PEROT-eko langile guztien partetik!

Ondoko loturan Peroteko langileei elkartasuna adieraziz atera genuen eskuorria:

http://euskalherriasozialista.net/index.php?option=com_content&task=view&id=1009&Itemid=15