Zizurkilgo Marie Brizard lantokiko 48 langileak azaroaren 19tik greba mugagabean daude zuzendaritzak enpresa itxi nahi duelako. Bertan hainbat edari ekoiztu, botiletan sartu eta banatzen dituzte. Marie Brizard Frantzian sortu zen, Zizurkilen 1968az geroztik dago eta guztira sei produkzio lantegi ditu: bi Bordelen, Beaucairen, Aigren, Fuenmayorren (Errioxa) eta Zizurkilen. Belvédère talde frantsesarena da.

 

EEEek, kaleratzeek eta enpresa itxierek jarraitu egiten dute. Euskal Herrian errealitate oso gogorra ikusten ari gara eta Tolosaldea ere ez da libratzen. Marie Brizard bezala, beste lantoki asko daude eskualdean horrelako arazoekin. Horregatik gatazkan dauden edo arazoak dituzte enpresetako borrokak koordinatzea eta bateratzea beharrezkoa da. Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Arazo berdinen aurrean mobilizazio bateratu eta koordinatuarekin langileon indarra biderkatu egiten da, eta hain zuzen ere, batasuna da Tolosaldeako langile eta bere familien aurka antolatzen ari diren eraso guztiak atzera botatzeko modu onena.

 

Mikel Martinez eta Igor Guadix Marie Brizard lantokiko ordezkariekin elkartu gara Marie Brizardeko zuzendaritzak lantokia ixteko hartu duen eraso ezin gogorragoaren inguruan, grebaren inguruan eta beste gaien inguruan hitz egiteko.

 

Euskal Herria Sozialista.- Krisiak nola eragin dio Marie Brizardi?

Mikel Martinez . – Orain arte beti lan asko egin dugu eta urte amaiera arte lana genuen. Bi produktu egiten ditugu: Schweppes enpresari, “Pulco” izeneko zukua, honek produkzioaren %80a suposatzen du, eta anisak %20a. Oso ondo prestatuta gaude likoreak egiteko. Anisaren kanpaina fuertea orain hasten zen. 800 mila litro daude egiteko. Zizurkilgo enpresak irabazi handiak eman dizkie orain arte. 2007. urtean saldu egin zuten hemen egiten dugun “Pulco”-a. Atera kontu, 177 milioi euro jaso zuten. Dirudienez, orain Schweppesek “Pulco”-a Zizurkilen egiteari utzi egin nahi dio. Galdetzen genien zer gertatuko zen datorren urtetik aurrera eta inoiz ez digute egia esan. Eta urte hasieratik ustez erosi nahi zuen abokatu bera ikusten dugu orain lantokia itxi nahi dutenean. Gezurretan aritu dira. Orain bonbazo hau: denok kalera!

 

EHS.- Zein da egoera?

Mikel Martinez.- Orain bat-batean, azaroaren 13an, urte hasieran hemengo lantokia itxi egin nahi dutela esan digute. Izugarria da hau. Beti lan eta lan egin ondoren orain trapu zaharrak bezala kale gorrian utzi nahi gaituzte, lantegiaren bideragarritasunaren eta enpleguaren alde apustu egin beharrean. Espainiako gobernuak onartutako lan erreformaren ondorio ere bada. Azken erreformak langilea erabat babes gabe uzten du enpresariaren aurrean. Estatuan egun merkea da langileak kaleratzea, 20 eguneko lan-ordaina bakarrik eman behar digute. Aurretik pentsatuta zuten guztia. Isilpean eman dute dena. Epeak ikusita beraiek datorren urtetik aurrera ez dute gure lantokiaren alde apustu egiten eta orain esan behar ziguten. Lantokia itxi egin nahi dute eta horregatik produkzioa gelditu dugu eta greba mugagabean gaude.

 

EHS.- Zuzendaritzaren itxiera espedientearen aurrean greba mugagabean zaudete…

Igor Guadix.- Bai, azaroaren 19az geroztik greba mugagabean gaude lantokia osatzen dugun 48 langileok. Lehen babes instituzionala Zizurkilgo Udaletik etorri zaigu. Makinak eta biltegia hustuko duten beldur gara eta lantokiaren ataria gaude txandaka Zizurkilgo Udalak utzitako etxola bati esker. Pankartak egiten ditugu, komunikabideetan egoera azaltzen ari gara. Eskualdeko alkateekin biltzerakoan oso kezkatuta sumatu ditugu. Azken urteetan lantoki asko itxi dira: Gorostidi, Emusi, Amaroz papelera… Zizurkilen bertan aurten Huyck Wangner (Perot) itxi zuten eta 74 langilek lanpostua galdu zuten. Arazoekin enpresa asko daude eta gu bezala orain itxiera mehatxuarekin ere Endaki dago Adunan. Tolosako alkateak esaten zigun erantzun potoloa eman behar dela eta eskualdeko alkateak deituko dituela hitz egiteko. Bai, uste dut mobilizazio fuertea behar dugula, bateratua.  

 

EHS.- Hori da. Langile klasearen erantzun bateratua eman behar dugu. Gatazkan dauden edo arazoak dituzte enpresetako borrokak koordinatzea eta bateratzea beharrezkoa da. Urrats hau eman beharko litzateke?

Igor Guadix.- Ados nago baina zaila da sindikatuak zatituta daudelako.

 

Euskal Herria Sozialista.- Animo! Zuekin gaude!

 

Marie Brizardeko langileek instituzioetarako sinadurak bilduko dituzte eta mahai informatiboak ere jarriko dituzte.