Adunako Endaki, Zizurkilgo Marie Brizard eta Albizturko Antalis lantokiak itxi nahi dituzte eta langileak greba mugagabean dira. Anoetako Renault-eko langileak ere kalean gera daitezke, itxieragatik. Guztira, beste 131 familia langabeziaren zulo ilunean murgiltzeko arriskuan. Enpresa hauen jabeak diren multinazionalen helburua garbi dago zein den: irabazi maximoa langileak kale gorrian uztearen kontura. Honen aurrean, Euskal Herria Sozialistak babes osoa eman nahi die enpresa hauetako langileei eta antolatzen ari diren mobilizazioei, eta, bide batez, gure proposamenak egin borrokaren garaipenean laguntzeko.

EEEek, kaleratzeek eta enpresa itxierek jarraitu egiten dute. Euskal Herrian errealitate oso gogorra ikusten ari gara eta Tolosaldea ere ez da libratzen. Azken bost urteetan 1.600 lanpostu galdu dira Tolosaldean,   eta ondorioz, 3.205 langabe daude gaur egun. Egoera honi aurre egiteko helburuarekin, ELA eta LAB sindikatuek manisfestazio bateratua deitu dute larunbat honetarako, “Tolosaldeko enpleguaren alde langileok borrokan” leloa izango duena. Manifestazioa Tolosako Triangulotik abiatuko da 12:00etan. Euskal Herria Sozialistak bat egiten du manifestazio honekin eta herritarrei bertan parte hartzeko dei egiten die.

Honekin batera, gure iritziz beharrezkoa da Tolosaldean gatazkan dauden edo arazoak dituzten enpresetako borrokak koordinatzea eta bateratzea.   Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Arazo berdinen aurrean mobilizazio bateratu eta koordinatuarekin langileon indarra biderkatu egiten da. Batasuna da Tolosaldeako langile eta hauen familien aurka antolatzen ari diren eraso guztiak atzera botatzeko modu onena. Kapitalisten beldur handiena, alde batetik, borroka bateratua eta, bestetik, langile klasearen antolakuntza handiena dira. Horregatik, pauso garrantzitsua litzateke Tolosaldean gatazkan dauden fabrika ezberdinetako borrokak eta gatazkak bateratzeko eta koordinatzeko lan egitea, eta erasoekin dauden enpresen koordinadora bat sortzea enpresa guztietako langileak sufritzen ari garen eraso berberei indar handiagoz aurre egiteko. Honekin batera, funtsezkoa da gure eskualdeko biztanleria borroka honetan inplikatzea.

Beharrezkoa da lanpostu eta lan baldintza guztiak defendatzea. Zenbat eta atzera pauso gehiago egin, orduan eta eraso gehiago etortzen dira etorkizunean. Enpresek lana jaitsi dela esaten badute, sindikatuek honakoa defendatu behar dute: lan orduak jaitsiz lana banatu lan baldintzak eta soldatak ukitu gabe. Enpresek hori bideragarria ez dela edo fabrika ixtea beharrezkoa dela esaten jarraitzen badute, beharrezkoa da sindikatuek lanpostuak eta ekoizpenaren bideragarritasuna bermatzeko alternatiba bakarra defendatzea: enpresa desjabetu, publiko egin eta langileen kontrolpean jarri. Langileek kontrolatutako enpresa publikoekin lan baldintzak eta lanpostuak bermatu ahalko lirateke, eta enpresen irabaziak ez lirateke gutxi batzuentzat izango, etxebizitza, osasun eta hezkuntza publikoa bezalako behar sozialak asetzeko baizik.

Manu Odriozola, Euskal Herria Sozialistako kidea eta EEEan dagoen Manipulados del Araxesko langilea