Mobilizazioaren batasunaren eta borrokan dauden sektore guztiak elkartzearen alde!

Zerbitzu soziosanitarioko sektoreko kolektiboen lanpostu eta lan baldintzak okertzen ari dira, egunez egun, arlo publiko zein pribatuan. Bizkaiko garbiketako langileek egindako borroka eredugarriari gizartearentzat ikusezin diren eta baldintza latzak dituzten beste hainbat kolektiboren borrokak gehitu behar zaizkie.

Sektore horien artean daude Arabako Osasun Mentaleko eta Etxeko laguntzetarako langileen borrokak eta Arabako egoitza pribatuetako, Bizkaiko Aspace egoitzako eta Pasaiako udal egoitzako langileen borrokak. Azken horiek orain dela gutxi salatu dute jasaten duten oinarrizko eskubideen urraketa. Horiekin batera, Iruñeko Asistencial Villa de Beteluko langileak borrokan ari dira, ukatu zaizkien oinarrizko lan eskubideen alde.

Azpimarratzekoa da azaroaz geroztik etxeko laguntzaileek egindako deia indarrak elkartzeko eta sektore guztiak batera mobilizatzeko; gainera, publikoki salatu dituzte Eusko Jaurlaritza eta udalak, zerbitzu sozial horiek kudeatzeko moduagatik. Era berean, gogor salatzen dute zerbitzu horrek ez duela asistentzia bermatzen, ezta horren beharra duten pertsonen oinarrizko estaldura ere. Bizkaian, ordu kopurua %30era murriztu da, LABek azaltzen duenez, baina egoera antzekoa edo okerragoa da gainerako probintzietan.

Kasu batzuetan erresidente bakoitzeko eguneko 30 minutuko zerbitzua onartu da! Lotsagarria da erakundeetatik erresidenteei eta erabiltzaileei esaten zaiena: laguntza ekonomikoak eska ditzatela aholkatzen zaie, baina ez dira nahikoak mendekotasuna duten pertsona horien zaintza profesionala bermatzeko.

Sektore zapaldu honetako langile gehienak emakumeak dira; beraz, zapalkuntza bikoitza dute: emakume eta langile izateagatik. Emakume horiek dira beren esfortzuarekin, beren kemen eta borondatearekin lanpostu horiek duintzen dituztenak, lan baldintza latzetan. Hego Euskal Herrian, egoitza pribatuen negozioa hazten ari da, eta egoiliarrak etekin maximoari begiratzen dion negozio pribatuen esku geratzen ari dira, arreta murriztuz.

Sektoreko langile garen heinean, batasun sindikalaren eta borrokan dauden langileen beste sektoreekin batera ekintza batasunaren aldeko aldarria egiten dugu. Era berean, beharrezko ikusten dugu gehiengo sindikalak plataforma bat osatu dezan, gure eskubideak defendatu eta galdutakoak berreskuratzeko.