Utzi EAJrekin akordio ustelak egiteari langileak kolpatzeko! Mobiliza gaitezen!

Testuinguru gogor batean bizi gara Euskal Herrian: prekarietatearen eta esplotazioaren areagotzea, Naval gisako enpresa historikoen itxiera… Halaber, hainbat sektoretan piztutako gatazkek eta mobilizazioek erakusten dute krisia gure sorbalden gainean jarri nahi dutenen kontra borrokatzeko langile klaseak daukan borondate irmoa. Baina, zein izan da erakunde sindikalen jarduera kapitalaren ofentsiba honetan?

Burgesiak, bere erasoek sortutako ezinegona saihesteko, sindikatuen lankidetza bilatu ohi izan du elkarrizketa sozialaren bidez. Hori izan da EAJren politika EAEn. PSEk ere, gobernutik kanpo edo barruan, politika horretan modu aktiboan parte hartu du. CCOO eta UGT, estatu mailan bezalaxe, funtsezko lagunak izan dira amarru horretan, Confebaskekin batera.

Gaur egun, Urkulluren Gobernuak gero eta gatazka sindikal gehiago du aurrean, besteak beste, itunpeko eskolak, jantokiak, La Navaleko itxiera, zahar-etxeak, garbiketak… Egungo elkarrizketa sozialerako mahaiek helburu bakarra dute: borrokak indargabetzea kontzertazio sozial antzuan hondoa jo dezaten. Horretan ere, EAJk PSEren laguntza ordainezina dauka, bera baita gobernukide eta elkarrizketa sozialaren akuilu den Lan Saila zuzentzen duena

Elkarrizketa sozialerako mahai berrian sartu dira Industria eta Hezkuntza Sailak ere. Mahai horretan, besteak beste, politika industriala adostu nahi dute “enpresen lehiakortasuna hobetze aldera”. Beste behin ere, EAJren enegarren saiakera dugu sindikatuak sektore industrialean irekiko diren gatazka berrien kudeaketan nahasteko, eta, bide batez, Navalen itxiera dela-eta ezkerreko alderdien kritikak indargabetzeko, udal hauteskundeetatik bi hilabetera gauden honetan.

Aurreko kontzertazio mahaiek mobilizazioa desaktibatu eta ez digute inongo onurarik ekarri langileoi. Eta mahai berriak lehengo lepotik izanen du burua. Mahaia arautzen duen dekretuak aurreikusten du akordioak egin ahal izatea sindikatu bakar baten babesarekin (CCOOk eta UGTk EAEko ordezkarien %30 baino ez dute). Ezin ageriago gelditu da Urkulluren Gobernuaren egiazko asmoa: argazkitxoren bat atera sindikaturen batekin eta erakutsi langileei “bere aurpegi onberena”. Gezur hutsa!

ELAk eta LABek esan dute ez direla negoziazio horietara joango. Oso positiboa da, zalantzarik gabe. Baina zerbait gehiago behar da langileen kontrako erasoak gelditu eta EAJ Gobernutik botatzeko. Beharrezkoa da kontzertazio-sindikalgintzaren aurka egitea. Ezkerreko Sindikaliston eta Ezker Iraultzailea-ren ustez, bada garaia sindikalgintza borrokalariak erabateko bultzada eman diezaien azken urteotako gatazkei. Beharrezkoa da borroka plan bat gatazka guztiak bateratzeko, elkarrekin jotzeko.

Lanpostuak eta soldata duinak defendatu behar ditugu, enpresetako prekarietateari aurre egiteko, bereziki emakumeek eta gazteek pairatzen dutena.

Krisiak lan gatazken areagotzea ekarri du, haietako askotan ELA egon da buruan. Denek bat egin behar lukete borroka berean. Greba orokorraren tresna berreskuratu behar dugu, hainbeste urtez arduradun sindikalek abandonatuta egon ondoren Euskal Herrian, azken martxoaren 8an izan ezik. Azken deialdiaren atzean, mugimenduaren presio handia egon da, eta erakutsi du zer nolako indarra daukagun erasoei aurre egiteko. Eta are handiagoa izan zitekeen sindikatuek langile guztiei grebara deitu eta mobilizazioaren klase izaera erakutsi ezkero.

EAJk egunero erakusten du bost axola zaizkiola langileon eskubideak eta Euskal Herriko eta Kataluniako askapena borrokak. Haren helburu bakarra da euskal kapitalisten interesak defendatzea. EAJren Gobernua bota behar dugu eta langileok borrokaren buru jarri. M8ak erakusten digu bidea. Badaukagu indarra irabazteko. Baina hori ez dugu lortuko bulegoetan EAJrekin akordio ustelak eginez, antolatuz eta kalean borrokatuz baizik.

Gora sindikalgintza borrokalaria!

Utikan patronala eta EAJrekin egindako kontzertazioak!

Eman ditzagun urratsak Euskal Herrian greba orokor bateratu baten alde!