Pasa den otsailaren 19an, Gasteizko Mercedes Benzeko zuzendaritzak kaleratze gutuna igorri zien bertako hiru langileri enpresako politiken kritikak publiko egiteagatik, eta gaineratu zuten azken aldiko errendimendua jaitsi dutela. Karta, ordea, txantiloi bat besterik ez da, ez du kaleratzeak justifikatzeko inolako probarik aurkezten eta langile gehiagori bidal diezaiekete, eraso honi erantzun tinko bat ematen ez badiogu. Kaleratze bidegabeak merkeagotu zituen lan erreforman babestuta, Mercedeseko zuzendaritzak kaleratze librea aplikatu du, enpresarentzat koste minimoarekin.

Aski da! Kaleratzetik ez! Prekarietaterik ez!

Kaleratze hauek enpresa ekoizpena doitzeko politika egiten ari den garaian gertatu dira. Daimler taldeak 2017. urtea 14.682 milioi euroko irabaziarekin itxi zuen, baina 2018an ez zuen nahi beste irabazirik izan eta langileak gehiago zapaltzeko erabakia hartu du.

Lan prekarietatearen aurkako salaketa kanpaina luze baten ondoren, 1.500 lanpostu mugagabe bilakatu ziren 2016ko abendutik 2018ko uztailera bitartean. Edonola ere, dieselgate delakoa aitzakiatzat hartuta, iazko azken hiruhilekoan 25 egunez geldiarazi zuten muntaia. Ondorioak: ekoizpen asmoak murriztu ondoren, ez zituzten behin-behineko 800 kontratu berritu, ezta plantillan sartzear zeuden 300 langilerena ere.

Une honetan, enpresaren ordu poltsak negatiboan daude, beraz, murrizketa gehiago izan ezkero, Enpleguaren Behin-behineko Erregulazio Espediente bat edo, areago, Enpleguaren Erregulazio Espediente bat ekar dezakete.

Halere, lanpostu gehiago murriztu aurretik, enpresak neurriak hartu ditu langileak are gehiago zapaltzeko. Berriki, salmenten sektoreak eskatu du urtearen bigarren erdirako geratu ziren 11 larunbat lanegunak udara aurreratzea; horrela, langile askoren deskantsu plana zapuztu dute. Enpresak ez du inola ere familia kontziliazioa errespetatzen. Langile guztiek eskuragarri egon behar dute une oro zuzendaritzarentzat.

Kaleratze hauek ez dira kasualitate: datorren urtean bukatzen da indarrean dagoen lan hitzarmena eta berria hasiko litzateke. Kaleratze hauek Mercedesko patronalaren mezua da langileen artean izua zabaltzeko eta lan duin eta finkoaren aldeko borroka batasuna eragozteko.

Gora klaseko sindikalismo borrokalari eta demokratikoa!

Kaleratu eta zapaltzen gaituztenekin kolaboratzen duen sindikalismoari ez!

2018ko bukaeran izandako hauteskunde sindikaletan igo egin zen enpresari oposizio handiagoa egiten dieten hautagaitzen babesa. UGT da sindikatu nagusia, baina langile batzordeko zuzendaritza ELAk dauka, CCOO, LAB eta ESKren babesarekin. Mercedeseko zuzendaritzak UGTren zuzendaritzarengan aurkitu izan du babesa bere planak aurrera eramateko, eta izaera borrokalariagoa izan duten gainerako sindikatuak despreziatu ditu.

Orain, Mercedeseko zuzendaritzak pauso bat eman du aurrera politika sindikalean. Kaleratzeak aplikatu ondoren, Langile Batzordeari berandu jakinarazi dio eta ez du aldez aurretiko elkarrizketarik izan, langileen estatutuak hala eskatzen badu ere. Azken aldian, zuzendaritzarekin kolaboratzeko politikak langileen kritika gogorrak jasan ditu, nahiz eta orain kaleratzeen aurka agertu den.

Langileen interesak eta patronalarenak aurka daude eta, beraz, baztertu egin behar da zuzendaritzarekin kolaboratzeko praktika sindikala, zeinak langileak kolpatzen jarraitzeko eta patronala indartzeko besterik ez baitu balio. Gure buruak eraso hauetatik eta etorriko direnetatik babesteko, langileen zerbitzura dagoen klaseko sindikalismo borrokalari eta demokratikoa behar dugu.

Borroka da irabazteko eta ukatu dizkiguten eskubideak konkistatzeko bidea

Kaleratze hauek hitzarmenaren negoziazio urtean izateaz gain, automobilgintza sektorea berregituratze prozesu indartsua jasaten ari da. Ziurrenik Mercedes Benzeko patronala horretarako prestatzen ari da, eta ibilgailuen stock gehiago bat ekoitzi du uda aurretik, udazken gatazkatsua aurreikusi duelako.

Mercedes Benzeko langileek Arabako probintziak sortzen duen aberastasunaren %28an ekoizten dute. Euskal Herriko ekonomian pisu handia du. 5.000 lanpostu zuzenez gain, beste 20.000 lanpostutan du eragina. Mercedeseko patronalak posizio hori aprobetxatu du laguntza gehiago eta abantaila fiskal handiagoa lortzeko, bere etekinak handitzeko.

Borrokaren aurrean, klase agintariaren bozeramaileak saiatuko dira Mercedeseko langileak pribilegiatutzat aurkezten, beren lanpostuen eta eskubideen alde egiteagatik. Baina langile klaseak badauka memoria; ondo asko ezagutzen ditugu maniobra horiek, eta elkartasuna zabalduz eta gauzak nola lortu diren gogoraraziz bakarrik garaituko ditugu trikimailuak; are gehiago Mercedeseko langileek ondo gogoan dute 76ko martxoko borroka historikoan jokatu zuen paper garrantzitsua.

Mercedes Benzeko langileak kaleratzeen aurkako salaketa kanpaina abiatu dute, eta asanbladak eta SEAren egoitzaren eta lantokiaren aurrena kontzentrazioak antolatu dituzte eta lanuzteen txandak antolatzen ari dira, goiz eta arratsalde, kaleratutako langile baten epaiketara joateko. Mercedes Benzeko langileen borroka langile klase osoaren borroka da, eta Ezker Iraultzaileko kideok eta Ezkerreko Sindikalistok gure elkartasun osoa luzatu nahi diegu.

Azken hilabeteetan ikusi dugu nola irabaz daitekeen: Huerta de Peraltako langileek kaleratuak berronartzea lortu dute Nafarroan eta Productos Tubulareseko langileek ausardiari esker erregulazio espedientera atzera bota zuten. Hori dela eta, beharrezkoa da borrokak elkartu eta orokortzea, gure lanpostuak eta langile klasearentzat lan baldintza duinak defendatzeko.

 Borroken batasunaren alde, patronalaren erasoei tinko erantzuteko!

PSOE eta PPren lan erreformak indargabetu behar dira!