Borroka hau garaipenera arte eman behar da! Jo ta ke, irabazi arte!

Irailaren 30eko goizean, Bizkaiko metaleko greba astearen lehen egunean bertan, Iñigo Urkullu lehendakaria publikoki posizionatu zen langileen aurka eta patronalaren alde. EAJk mugimendu taktiko hori egitea erabaki zuen inplikazio guztiekin, eta argi utzi zuen zeinen alde dagoen. Urkulluren arabera, Bizkaiko metaleko patronalak (FVEM), “bere esku zegoen guztia” egin zuen akordiora iristeko eta gatazkari amaiera emateko; sindikatuek, berriz, ez zuten “elkarrizketarako borondaterik”, aldez aurretik erabaki baitzuten kaleak berotuko zituztela udazkenean.

Urkulluren adierazpenek pisu politiko eta taktiko handia dute Euskal Herriko klase arteko borrokan, baita Estatu espainiar mailan ere. Euskal burgesiak badaki kalean konfrontazio handiko garaia datorrela. Sektore askotan lan prekarietate ikaragarria eragin dute urte hauetan, eta gainera egoera ekonomiko ezegonkorra dago. Langile klasearen aurka eraso eta murrizketa berriak prestatzen ari dira. Horregatik, begi bistan dago, euskal burgesiak beldur berezia diela metaleko langileei, kalean, berriro, erakutsi dituzten borroka tradizioengatik eta ekoizpenean duten pisuagatik.

Euskal enpresarien alderdia den EAJk aspalditik begiratzen dio errezeloz Bizkaiko industriako gatazkari. Greba Gipuzkoara eta Arabara zabaltzea eragotzi nahi dute, horrek sektore zapalduenak eta ez hain sindikalizatuak animatu litzakelako. Alde batetik, metaleko gatazka akordio batekin amaitzeko nahia dago, baina, beste aldetik, euskal enpresarien sektore gogorrena ez dago prest amore eman eta sindikatuek eskatzen dutena emateko, horrek aurrekari arriskutsua ezarriko bailuke prekarietatean dauden beste sektoreetan. Benetako hobekuntzak lortzeko borrokatzeak merezi duela onartzea litzateke.

Horregatik, ez da lehendakaria modu irekian agertu irailaren 30era arte patronalaren alde, langileen borroka kritikatuz. Ez da egiten duen lehen aldia, baina kasu honetan zorrotz lerrokatu nahi izan du bere alderdia, mezu batekin: ezin dugu utzi lan gatazkak datozen hilabeteetan hazten, asko dugu jokoan (hauteskunde orokorrak eta 2020an Eusko Jaurlaritzakoak). Eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliko dituzte: hedabideetako propaganda eta Ertzaintzaren errepresioa. Urriko greba astean are bortitzagoa izan da errepresio hori, pikete asko modu basatian erasotu baitituzte.

Borrokak elkartu. Greba Orokorra!

Bizkaiko metaleko borrokak EAJk benetako aurpegia, beste behin, ateratzeko balio izan du, eta erakutsi du ez diola axola langileek jasaten duten prekarietatea, kontratetako finkotasun falta, emakumeen aurkako soldata diskriminazioa eta lantokietako istripu eta heriotzak. Maiatzetik egindako hamar greba egunek arrakasta izugarria izan dute eta Urkulluren hitzek borroka sindikaletako ikasgai garrantzitsua eskaintzen dute: ez da posible negoziazio adiskidetsua FVEM-rekin eta bere aliatu den EAJrekin. Horrela adierazi dute langileek kalean. Bereziki adierazgarria izan zen Bilboko kaleetan, greba aste osoaren ondoren, urriaren 4an, egin den manifestazio jendetsuenetako batean langileek erakutsi zuten indarra, animoa eta irmotasuna; aldarri oihukatuena “Urkullu cabrón, trabaja de peón! izan zen.

Borroka amaierara arte pultsuak mantentzeak bakarrik behartu dezake patronala soldatak benetan igotzera, kontratetan subrogazioa ezartzera eta plataforma sindikalaren neurriak onartzera. FVEM-i mezu argia helarazi behar zaio: ez ditugu ogi apurrak negoziatu nahi, plataforma sindikalean jasotako neurri guztiak lortu nahi ditugu. Urkulluren hitzen atzean, argi nabari da metaleko langileek benetan urduri jarri dituztela euskal enpresariak eta EAJ. Hori da langileek duten arrakastaren seinale hoberena. Bide berean jarraitu behar da borrokarekin eta Euskal Herriko metal guztira zabaldu behar da, batasun sindikala mantentzeko presionatuz -hasi baitira zatiketak eragin nahian- borroka guztiak greba orokorrean elkartzeko bidea eginaz.

Milaka euskal langilek harro begiratzen die Bizkaiko metaleko langileei eta garaipen irmoa espero dute, beste sektoreetan borroka zabaltzeko. Metaleko langileak, erresidentzietako langileekin batera, itunpeko ikastetxeetako irakasleekin eta borrokan dauden hainbat sektore eta lantokiekin elkartuz gero indar askoz handiagoa hartuko luke. Enpresarien eta eskuinaren buruhaustea biderkatu egingo litzateke. Horri pentsionisten borroka eta kapitalismoaren sarraski ekologista salatuz kalera irten diren milaka gazteena, feminismo iraultzaile eta antikapitalistaren mugimendu masiboa, errepresioaren aurkakoa batuz gero, gai ginateke sistema bera kolokan jartzeko. Kapitalismoak ez dio alternatibarik eskaintzen prekarietateari eta miseriari. Krisi berri honi aurre egiteko prestatu behar dugu, gizartea eraldatzeko tresna gisa balioko duen eta borrokalaria eta demokratikoa den klaseko sindikalismoa eraikiz, gure eskubideen alde borrokatzeko.