Politika kapitalisten aurka, indarrak batu behar dira greba orokor batean!
Joan den otsailaren 3an Burulango zuzendaritzak bi langile kaleratu zituen. Kaleratze horiek behin-behineko beste erregulazio espediente bat aurkeztu baino egun batzuk lehenago gertatu ziren. Zuzendaritzak enpresak gehiegizko plantilla duelakoan, borondatez alde egiteko pizgarriak eskaini ditu, baina ez du lortu plantilla murriztea. Taldeko beste enpresa batzuetan erabilitako prozedura berbera izan da: diziplinazko kaleratzea. Kaleratutako langileei eta sindikatuetako ordezkariei inolako jakinarazpenik eman gabe, zuzendaritzak kaleratzeak gauzatu zituen, eta langile horiek gaizkileak balira bezala tratatu zituen.
Langileak beldurtzeko kaleratzeak. Bat ukitzen badute, denok erantzungo dugu!
Kaleratze horiek Aernnovako zuzendaritzak krisia hasi ostean abian jarritako enplegua suntsitzeko plan orokorraren parte dira. Lehenik eta behin, lan-erregulazioko espedienteak ezarri zituzten taldeko enpresa guztietan, eta horien ondoren, orain, enplegu-erregulazioko espedienteak, borondatezko irteeren planak eta kaleratze indibidualak iritsi dira; azken batean, ezkutuko enplegu-erregulazioko espedienteak ere badira. Multinazionalaren plana plantillaren % 20 murriztea da, lanpostu egonkorrak suntsituta eta eskubide gehiago dituzten langileen ordez prekarioak jarrita.
Burulanen enplegua suntsitzea ez da gertaera isolatu bat, eta ezin ditugu enpresaren gezurrak sinetsi. Estrategia horren helburua da, batetik, kostuak murriztea, etekinak handitzeko, eta, bestetik, langileak beldurtzea ez antolatzeko eta ez borrokatzeko. Langile guztien aurkako erasoa da, eta, beraz, guztiok mobilizazioaren bidez erantzun behar dugu, kaleratze gehiagorik ez dugula onartuko argi uzteko.
Patronalak labanak zorroztu ditu. Ez dugu beraiek sortutako krisia ordainduko!
Eraso hauek ez dira Aernnova taldera mugatzen. Krisi ekonomikoaren eztandaren aurrean, patronalak erasotzeari ekin dio: kaleratzeak, ERTEak, EEEak, soldata jaitsierak eta prekarizazioa. Langileok ordaintzen dugun benetako industria-birmoldaketa batean gaude, gure kontura urrea egiten duten enpresaburu batzuen mesedetan. EAJ–PSEren Gobernuaren lankidetza erabatekoa da, eta eraso horiek guztiak onartzen dituzte, zor publikoaren hazkundearekin lortutako dirua eta multinazional handientzako, Iberdrolarentzako, Repsolentzako eta Abiadura Handiko Trenarentzako (AHT) makro-proiektuetarako Europako "laguntzak" ematen dituzten bitartean.
Enpresa guztietan, bai Aernnova taldekoak, bai gainerako aeronautikak eta eragindako sektore guztiak, patronalaren eraso berberak jasaten ari gara. Ahalik eta erantzun kolektibo zabalena emateko unea da, enpresetan eta kolektiboetan gertatzen ari diren borroka guztiak batuz. Patronalaren erasoaldi honetatik defendatzeko, urtarrilaren 30ean Gasteizen egin zen mobilizazioaren bideari jarraitu behar diogu; izan ere, 50 enpresa-batzorde eta borrokan ari diren kolektibo baino gehiagok egindako deiak kaleak bete eta 7.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren.
Urtarrilaren 30ean Gasteizen egin zen manifestazioaren bideari jarraitu!
Ekimen hori Aernnovak ezarritako enplegua erregulatzeko espedientearen aurkako mobilizazioen ondorio izan da, enpresak 80 lanpostu baino gehiago suntsitu nahi ditu-eta. Aernnovako langileen borroka eredugarri honen dinamikak beren borroka zabaltzeko eta beste plantilla eta sektore batzuekin konektatzeko beharra sortu du ezinbestean, hori baita beren indarra handitzeko eta isolamendua saihesteko modua.
Azken hilabeteetako mobilizazioen esperientziak erakutsi du enpresaz enpresako borroka modu isolatuan mantentzea patronalari soilik mesede egiten dion estrategia dela.
Hala ikusi da Alestisen kasuan. Izan ere, langileen borroka isolatuta geratu zen, eta emaitza langileen erdiei enplegua erregulatzeko espedientea ezartzea izan da. Antzera ITPn ere: hilabeteko greba mugagabea egin ostean, langileak lanera itzuli dira, eta borroka 87 langileren erregulatzeko espedientea epaitegietan indargabetzea eskatzera eta erakundeei inplikatzeko eskatzera mugatu da. Langileon indarrak eta borrokatzeko gogoa batu behar ditugu, erasoak bertan behera utzi eta garaipenak lortzeko aukera emango digun indar boteretsu bat bihurtzeko.
Behetik sortutako eta sendotutako ekimen hau martxan jartzeak eta arrakasta handiak erakusten dute langileok borroka egiteko borondatea dugula, beste irtenbiderik ez dugulako eta aurrera eramateko antolatzeko gai garelako. Ezin dugu onartu gure borroka ahultzen duten argudiorik. Tamalez, gure sindikatuetako zenbait buruzagik ere, hala nola ELAk, manifestazioa ez babestea erabaki zuten, patronalaren eta enpresaburu txikien mobilizazioa zela argudiatuz, ostalarien eta taxilarien elkarteek parte hartu zutelako. Errealitatea bestelakoa da! 50 enpresa-batzorde baino gehiagok eta borrokan ari ziren kolektiboek parte hartu zuten, eta kaleak milaka lagunek bete genituen, honakoa oihukatuz: “Borroka da bide bakarra!”, “Polizia gutxiago eta osasun gehiago!” eta “Osasun publikoa %100!”
Indarrak batu behar ditugu greba orokor batean!
Ekimen hau bultzatu eta bere oinarria zabaldu behar dugu, borrokan ari diren enpresa eta kolektibo gehiago batzeko. Eta borroka plan serio bat modu demokratikoan eztabaidatzeko, jasaten ari garen patronalaren erasoaldiari alternatiba bat emango dion errebindikazio-programa bat egin eta defendatzeko, Eusko Jaurlaritzan EAJ eta PSE egiten ari diren murrizketa sozialei eta pribatizazioei aurre egiteko lantoki eta auzo bakoitzean batzarrak egin behar dira, eta iaz sortu ziren greba batzordeak berraktibatu.
Euskal Herrian langileok orain urtebete egin genuen bezala, mugimendu hau indartu behar dugu beste greba oroko bat antolatzeko eta iazko urtarrilaren 30ean egin genituen aldarrikapen guztiak defendatzeko, hala nola asteko 35 orduko lanaldia soldata murrizketarik gabe, lan-erreformak indargabetzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata edo 1.080 €-ko gutxieneko pentsioa, besteak beste. Gainera, neurri horiek gauzatu ahal izateko, bankuen, osasun pribatuaren, industria farmazeutikoaren nazionalizatu behar eta langileon kontrol demokratikopean jarri, langile-klaseak sortzen dituen baliabide guztiak gizartearen zerbitzura jartzeko, eta ez gutxi batzuen onurarako.