Otsailaren 15etik greba mugagabean daude Tubacexeko langileak. Euren borroka babestuz altxa dira Aiaraldeko langile eta gazteak, mobilizazio indartsuak eginez eta Ertzaintzaren jazarpenari aurre eginez. Bide hori indartuz, martxoaren 22an deitu duten manifestazioak 17 enpresa batzorderen babesa jaso du jada.

Ez dira Tubacexen egin nahi dituzten 150 kaleratzeak bakarrik, eskualdeko eta Euskal Herriko enplegu suntsiketaren triskantza ikaragarria da. Valvospainen itxierak 79 langileri eragiten die, Amurrioko Tubos Reunidoseko ERTEak 600 langile baino gehiagori, eta lanpostu suntsiketaren arriskua zabaltzen da beste enpresa batzuetako behin-behineko langileetara, tailerretara, saltoki txikietara...

Tubacexen gertatzen dena izeberraren punta da. EAEn 10.000 biztanletik gora dituzten udalerrietan, Amurrio eta Laudio 5. eta 6. postuan daude langabezia-tasan, %15 eta %14, hurrenez hurren. Gazteen langabezia %40tik gorakoa da, eta lana aurkitzea lortzen duenak prekaritate gordinenari egin behar dio aurre.

Aiaraldeko lanuztearen jarraipen zabala

Martxoaren 5ean, ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuek bi orduko lanuztea deitu zuten eskualdeko lantoki guztietan, Aiaraldean “enplegu eta bizitza duinen alde”, Tubacex eta Valvospaingo langileen borroka babestuz, enplegu suntsiketaren eta zerbitzu publikoen murrizketen aurka.

Bailara guztian mobilizazioa bultzatzeko funtsezkoa izan zen otsailaren 26an, Envases Metalúrgicos, Tubos Reunidos eta ITP eta Vidrala fabriketako langileek babesa adieraziz komunikatuak argitaratu zituztenean. Enpresa horietako langileak beren laneko arropekin joan ziren martxoaren 2an, Laudioko langileei mobilizazioetan laguntzeko, fabrikaren sarreran piketeak sendotuz. Egun batzuk lehenago, Ertzaintzak bere ohiko basakerian, Tubacexeko atean piketean parte hartzen ari ziren langileak iraindu eta erasotu zituen, batzuk zaurituz eta hainbat atxilotuz. Lanuztea eta mobilizazioak jendetsuak izan ziren berriz ere. Vidrala eta Guardian bezalako enpresa handiak gelditu ziren, baita ikasleak ere. eta ia merkataritza guztia, eta kontzentrazioa manifestazio jendetsua bihurtu zen.

Patronala eta Jaurlaritza bat eginda langileen aurka

Tubacexek, egun 800 langile ditu. Uztailean, zuzendaritzak esan zuen "lantegiak ez zirela lehiakorrak eta irtenbidea 150 pertsona kaleratzea zela"; eta kaleratzeen erantzule langileak eurak egin nahian, langile guztien soldata nabarmen murriztea proposatu zuen kaleratzeen alternatiba gisa: plusak kentzea, soldatak izoztea, lanaldia nabarmen handitzea, onura sozialak murriztea, eta abar.

Enpresari horiek, 2019an (ikuskatutako azken urtean), 6 milioi euroko irabaziak banatu zituen, eta administrazio publikoaren laguntzetatik 8 milioi euro jaso dituzte azken urteetan. Enpresak berak publikoki aitortzen du bere kaudimena: "Urtea likidezia-posizioarekin ixten dugu, kutxaren eta erabilgarrien artean, 240 milioi eurotik gorakoa, eta horrek Taldearen kaudimena hobetzen laguntzen du epe labur eta ertainean, maileguen zorraren epemugei aurre eginez 2024 arte" adierazi zuen Jesús Esmorís Tubacexeko kontseilari ordezkariak.


Urkulluk, arazo handirik gabe onartu zuen enplegu suntsiketa hau, kaleratzeak traumatikoak ez izateko elkarrizketara dei eginez. Baina gainera, tartean sektoreak trantsizio ekologikoarekin bizi duen gainbehera aipatu zuen. Patronalarentzat eta jeltzaleek bere zerbitzura zuzentzen duten Jaurlaritzarentzat, “trantsizio ekologikoa” lanpostu suntsiketa eta langabezia zein prekarietate itzela ekarriko duen birmoldaketa industrialaren leloa bihurtu da.

Aurrerakoi itxura emateko, demagogikoki, langileen bizkar gainean ezarri nahi da kapitalismoa eragiten ari den hondamendi ekologikoa. Egia esan, Tubacexek energia garbien sektoreetarako ekoiztera bideratu daiteke, hala nola hidrogenoa garraiatu eta biltegiratzeko sektoreetarako, berriztagarrietarako edo energia-sektorearekin loturarik ez duten sektoreetarako, hala nola garraioetarako edo sektore aeroespazialetarako.

Baina, “bideragarritasuna” eta “lehiakortasuna” benetako auzia ezkutatu nahi duten hitzak baino ez dira. Helburu bakarra, enpresarien irabaziak bermatzea da, langileek sortutako aberastasuna jabetzea, eta akziodunek gehiago nahi dute. Sindikatuek onartutako edozein murrizketak gehiago exijitzeko adorea ematen die, eta horretarako EAJren babesa dute.

Euskal enpresek askatasunez kaleratzeko eskubidea aldarrikatzen dute, EAJk 430 milioi euro baino gehiago ematen dizkien bitartean, eta Ertzaintzak patronalaren pikete gisa jarduten du langile borrokak zapaltzeko.

Borrokak bateratzen jarraitu behar da, Greba Orokorra deituz

Ordezkari sindikalek enplegua atzera pausorik gabe defendatu beharrean, mobilizazioa eta borroka egoera berean dauden enpresa guztietara hedatuz, EREa kendu eta ERTE bat negoziatzea planteatzen dute. Tubacexeko zuzendaritzak uko egiten dio horri.

ELA, CCOO, Stat eta independenteen gehiengo sindikalak bigarren proposamen bat aurkeztu du: 1966an eta aurretik jaiotakoentzat aurre-erretiroak, %100eko estaldurarekin. Era berean, langileek hiru urteko borondatezko eszedentziak hartu ahal izatea proposatu dute, 1.500 euro kobratuta. Halaber, borondatezko bajak proposatu ditu, lan egindako urte bakoitzeko 60 eguneko kalte-ordainarekin.

Zuzendaritza sindikalek euren helburua "zero kaleratze" dela berretsi dute, baina enplegu suntsiketa onartzeko prest agertu dira. Estrategia horren ondorioak askotan pairatu izan ditugu.

Politika sindikal hori akats handia da, iraganeko esperientzia guztiak erakutsi duen bezala. Hori ez da "zero kaleratze". Duela bi urte plataforma bat sortu zen Laudioko Altzairuen itxieraren harira izandako borroken 25. urteurrena gogorarazteko, eta plataforma horren argi ondorioztatzen zuen: "Jakin genuen langileei eskaintzen zizkieten aurre-erretiroak, birkokatzeak edo sustatutako bajak ez zirela irtenbidea enplegu suntsiketari aurre egiteko, eta, horregatik, herri osoak partekatu genuen haien borroka, eta kalera atera ginen".

Enplegu finkoa eta egonkorra defendatzeko eta murrizketen aurka borrokatzeko, zuzendaritza sindikalek enpresa guztien borrokak bateratu behar dituzte eta greba orokorra deitu behar dute Euskal Herrian kaleratzeen aurka.

Lanpostuak gure klasearen bizimoduaren oinarria dira, eta inoiz ezin diezaiokegu horri uko egin. Lantegiak ezinbestekoak dira gizarte-beharrak asetzeko; kapitalistek ezin badituzte irekita eduki, beharrezkoa da industria horiek kalte-ordainik gabe nazionalizatzeko eskatzea, langileriaren kontrolpean martxan jartzeko.

Borroka da bide bakarra!