Bizitzaren garestitzearen, prekarietatearen eta kaleratzeen aurka

Arabako metalaren sektoreko langileen lan-baldintzen okertzeak gora egiten du urtetik urtera. Behin beinekotasuna, miseriazko soldatak, aparteko orduen abusua, azpikontratazioa eta abar gailentzen dira. Prekarietatea orokortu da langile gehienentzat, batez ere gazteenentzat. Arabako hitzarmena da Euskal Herri osoan metalean baldintza okerrenak dituena, soldata baxuenekin eta urteko lanaldi altuenarekin.

Urte hauetan UGTk eta CCOOk patronalaren aurrean amore emanez gutxiengoan sinatu dituzten itunek egoera horretara eraman gaituzte. Bestalde, patronalak, Covid-19aren krisia aitzakiatzat hartuta, gure lan baldintzen aurkako erasoak orokortzeko aprobetxatu du, EEE bihurtu diren ERTEen bidez, edo aldi baterako langileen kaleratze masiboaren bidez, patronalaren etekinak loditzen ziren bitartean. Orain, gainera, eros ahalmenaren galera handia jasaten ari gara, % 10 inguruko inflazioarekin.

Baina ofentsiba hau ez da erantzunik gabe geratu. Euskal Herriko enpresa askok borrokari ekin diote eta gatazkak bateratzeko ere koordinatu dira. Borrokarik esanguratsuena Tubacexeko langileena izan da, 129 kaleratzeak bertan behera uztea lortu zuena. Baina ez da bakarra izan: ITP, Petronor, Guggenheimeko garbitzaileak, Artiach, Irizar eta orain Osakidetza. Beste adibide bat Cadizeko metaleko greba izan da, azkenean CCOO eta UGTren burokraziek traizionatua, baina kolektiboki borrokatzen dugunean langileok dugun indar izugarria erakutsi zuena.

Borroka horietan guztietan, EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzaren eta PSOE-Unidas Podemosen gobernu zentralaren jarrera berbera izan da: errepresio basatiarekin erantzutea helburu argi batekin, mobilizazioa zabaltzea saihestea.

18, 24 eta 26, grebara eta manifestazioetara!

Arabako Metalaren Hitzarmenaren negoziazioek hiru urte baino gehiago daramatzate geldirik. Hala ere, dagoen presioaren eta ezinegonaren ondorioz, CCOOk alde batera utzi du UGTrekin gutxiengoan hitzarmenak sinatzeko estrategia, eta ELA eta LABekin bat egin du, sektoreko langileen lan baldintzetan aurrerapenak jasotzen dituen plataforma bateratu bat eginez. Orain, hori antolaketaren eta mobilizazioaren bidez defendatu behar da.

Patronalak ez digu ezer oparituko. Lan baldintzak hobetzeko bide bakarra borroka da. Bizkaiko, Gipuzkoako edo Nafarroako metaleko hitzarmenak Arabakoa baino hobeak badira, langileak irmo antolatu eta mobilizatu direlako da. Hala ikusi zen 2019an Bizkaiko metalaren greba borrokalariekin.

Tubacexeko langileek erakutsi duten bezala, borroka eta mobilizazio sendoa dira lan-baldintza duinak defendatzeko eta eros ahalmenaren galera saihesteko modu bakarra. Maiatzaren 18, 24 eta 26an kaleak masiboki bete behar ditugu, sektoreko mobilizazioen goranzko egutegi bat eginez, patronala garaitu arte, hori da ulertzen duten hizkera bakarra, greba eta borrokarena!

Borrokak bateratuko dituen greba orokorra behar dugu


Baina Arabako metalean gertatzen dena ez da kasu solte bat. Patronalaren eta bere zerbitzura dauden gobernuen benetako ofentsiba bati aurre egin behar diogu, bizi baldintzen okertze orokortuarekin, langabeziaren igoerarekin, gosearen ilarekin, inflazioarekin eta hezkuntzaren, osasunaren eta zerbitzu publikoen suntsipenarekin amaitzeko. Eta orain, gainera, Ukrainako gerra inperialista aitzakiatzat hartuta, sakrifizio berriak inposatu nahi dizkigute, nahiz eta 2021 patronalarentzat mozkin errekorreko urtea izan den.

Horregatik, inoiz baino arrazoi gehiago daude gehiengo sindikalak, ELAk eta LABek, borrokak bateratzeko aurrerapausoa eman dezaten eta Hego Euskal Herriko greba orokorra egin dadin, duela hilabete batzuk planteatu zen bezala, batez ere prekarietatera eta miseriara kondenatzen jarraituko duen lan erreforma berria EZ indargabetu ondoren. Duela hilabete batzuk arrazoiak bazeuden, orain askoz gehiago daude!!

Greba orokorrak oso helburu argiak izan behar ditu:

-   Sektore guztietako borrokak bateratzea, kaleratzeak eta gure lan-baldintzen aurkako erasoak geldiarazteko, eta benetako KPIarekin bat datozen soldata igoerak exijitzea. Gure soldatak erosketa saskia bezala igo daitezela! Bizitzaren garestitasunaren eta patronalaren erasoaldiaren aurka, greba orokorra!

-   Lan eta pentsio kontrarreformak berehala indargabetzea. 1400 euroko gutxieneko soldata eta pentsioa. Hitzik ez, ekintzak nahi ditugu!

-    EAJ-PSE Eusko Jaurlaritzaren murrizketei eta austeritateari ez. Zerbitzu publikoen defentsan. Estatuko Aurrekontuei ezi! Hezkuntza Itunari ez! Aski da bankaren eta patronalaren poltsikoak betetzeaz!

-    Mozal Legea eta errepresio lege guztiak berehala indargabetzea. Borrokatzen dugunon kriminalizaziorik ez!

-   Bankuak, elektrizitate enpresak, elikaduraren multinazionalak eta sektore estrategikoak nazionalizatzea. Etxebizitzaren espekulazioaren aurka, eraikuntzako eta higiezinetako enpresen desjabetzea eta etxebizitza publikoen parke bat sortzea.

-    Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen eta sozialismoaren alde.