“Araba eta Bizkaian metalgintzako 75.000 langile baino gehiago gara. Bizkaiko metalgintzarekin batera grebak elkartzen baditugu, patronalak atzera egitea behartuko genituzke.”
Joan den maiatzean hiru greba orokor egin ziren Arabako Metalaren sektorean, 25.000 langile inguru biltzen dituena, kaleratzeen, gure lan-baldintzen degradazioaren aurka eta hitzarmen kolektibo duin baten alde. Orain Bizkaiko metalgintzak hiru greba egun deitu ditu ekainaren 23 eta 30erako eta uztailaren 1erako, bere Hitzarmen Kolektiboa dela eta.
José Luis Cariñanos elkarrizketatu dugu, Aernnova taldeko Burulan enpresako langilea, ELAko ordezkaria eta Ezker Iraultzaileko militantea, bere aldarrikapenak eta gatazka nola garatzen ari den azal diezagun.
EHS.- 20 urte baino gehiago igaro ondoren, Arabako metala kalera atera da berriro, zergatik orain?
José Luis Cariñanos.- Sektoreko lehen greba orokorra izan da 20 urte baino gehiagoan, eta patronalak gure eskubideen aurkako eraso basatira jo duenean. Arabako metaleko langileok EAEko baldintzarik okerrenak ditugu urteko ordu lanaldiari, soldatei eta abarri dagokienez.
Bi hamarkada baino gehiagoz, CCOO eta UGT sindikatuetako buruak eskubide galerak ekarri dituzten lan hitzarmenak sinatzen aritu izan dira. Inflazioarekin, %9 inguru, gure erosteko ahalmena azkar hondoratzen ari dela ikusten dugu.
Bestalde, enpresen irabaziak inoiz ez bezala handitu dira, inflazioari esker, hain zuzen ere! Acerinox edo Arcelor Mittal enpresek %242ko eta %80ko mozkinak izan dituzte aurtengo lehen hiruhilekoan, hurrenez hurren.
Ez dugu onartzen sakrifizioak banatu behar direla, hainbat buruzagi sindikalek dioten bezala, KPIaren araberako soldata igoeren aldeko borroka alboratzeko. Soldatak oinarrizko produktuen benetako igoeraren arabera eguneratu behar dira.
EHS.- Nola baloratzen duzu grebaren garapena?
JLC.- Patronalaren mehatxuei aurre eginez, Burulanen, lan egiten dudan eta delegatua naizen lantegian, jarraipena ia %100ekoa izan da. Patronalak dioen %7ko jarraipena gezur hutsa da. Mercedes bezalako enpresa handietan ere oso indartsua izan da, % 50ekoa, nahiz eta UGT boikotean aritu eta deialdi oso mugatua egin den.
Piketeetan eta Gasteizko manifestazioetan argi geratu da grebaren arrakasta. 7.000 grebalari baino gehiago eta haien familiak hartu genituen kaleak, kontsignak oihukatzen eta borrokarako konfiantza tinkoan.
EHS- Zein dira, zure ustez, borrokarekin jarraitzeko eman beharreko hurrengo urratsak?
JLC.- Greba-egun gehiago deitu behar dira. Orain, Bizkaiko metalgintzako langileek hiru greba egun proposatu dituzte, ekainaren 23an eta 30ean eta uztailaren 1ean. Hurrengo urratsa grebaren hiru egun horiek deitzea izango litzateke. Arabako eta Bizkaiko metalgintzako langileok 75.000 baino gehiago gara, eta greba bateratu eta masibo batek patronalak atzera egitea behartuko lituzke.
Patronalak, gu zatitzeko helburuarekin, enpresako hitzarmenak edo itunak negoziatzen saiatzen ari dira sektoreko baino proposamen hobeagoekin. Gure indarra ez da enpresaz enpresako borrokan egongo, baizik eta denok elkartuta jotzean.
EHS- Zer deritzozu ELAk eta LABek Euskal Herrian greba orokorra deitzeko beharraz?
JLC.- Gaur egun proposamen honek 2021ean baino balio eta garrantzi handiagoa du. Inoiz baino arrazoi gehiago dago Euskal Herrian beste greba orokor bat egiteko, patronalaren ofentsibaren aurrean eta EAJ-PSEren Jaurlaritza erabat euren aldeko politika egiten ari denean. Langile borroken ugaritzea greba orokorraren beharra azpimarratzen ari da.
Prekarietatea, kontratu zaborrak gazteen artean, ez dira metalgintzan bakarrik gertatzen, sektore guztietara zabaldu dira. 2020ko urtarrilean azken greba deitzeko zeuden arrazoiak ez dira konpondu, larriagotu baizik.
EHS- Ezker Iraultzailean afiliatuta zaude, zergatik?
JLC.- Nire ustez, borroka sindikala sistema kapitalistaren aurkako borroka politiko askoz zabalago baten parte da. Borroka sindikala enpresaren edo sektorearen lau hormetan geratzen denean eta kapitalaren logikara mugatu nahi denean, oso mugatua geratzen da. Deslokalizazioak edo eta inflazioak oso adierazgarriak dira.
Sindikalismoa gizartea eraldatzeko tresna politiko gisa sortu zen. Eredu hori berreskuratu behar da, gure zapaltzaileak garaitzeko tresna izan dadin.