Atzerapausorik ez! Irabazteko indarra dago!

Arabako eta Bizkaiko metalgintzako langileok, Mercedes Benzekin batera, greba egun historikoak egiten ari gara. Baina, zalantzarik gabe, Mercedesen borrokak jauzi kualitatiboa ekarri du, Gasteizko lantegiak 5.000 enplegu zuzen eta zeharkako beste 30.000 suposatzen baititu, eta Euskadiko BPGaren %5 inguru. Lantegiko greba masiboak, metalaren borrokari indar handia emateaz gain, erreferentzia bihurtu dira langile klasearentzat, patronalaren eraso gogorreko une batean.

Horregatik, patronala eta EAJ -Urkulluk Stuttgartera bidaiatuz multinazionaleko zuzendariei kontuak emateko-, UGTko eta CCOOko buruzagien laguntzarekin batera, gatazka kosta ahala kosta desaktibatzen saiatzeko martxan jarri dira. Enpresako zuzendaritzak 1.200 euroko inbertsioaren iragarpena baliatu du langileei xantaia egiteko, seigarren gaua sartuz eta soldatak KPIaren oso azpiko igoerekin debaluatuz. Eta, hala eta guztiz ere, Europako funtsen diru zaparradaren hartzaile izango dira. Baina langileek argi utzi dute ezin dela xantaiarik onartu!!

ELA, LAB eta ESK sindikatuek bultzatutako greba egunek langileen borrokarako borondate irmoa erakutsi dute. Baina UGTk eta CCOOk erabaki dute, Estatu mailan egiten ari diren bezala, gaitz txikiari eustea, langileek batzarrean onartutako greba egunak babesteari uko eginez. Eta hori guztia langileen gutxieneko aldarrikapenak betetzen ez dituen proposamen baten truke. Ez dute seigarren gaueko proposamena erretiratzen, eta ez dute KPIaren araberako soldata igoerarik adosten: %5eko soldata igoera, ekaineko KPIaren igoeraren (%10,2) erdia da! eta %2koa 2023 eta 2026 artean. Gure soldaten debaluazio izugarria ekarriko luke, hurrengo hilabeteetan okerrera egin dezakeen inflazioarekin.

Langileak zatitzen eta desmobilizatzen saiatzeko maniobra horien aurrean, ELAk, LABek eta ESK langileek erabakitako grebei eutsi diete. Hau da bidea! Uztailaren 6, 7 eta 8ko grebaren arrakastaren ondoren (%98ko jarraipenarekin), datorren asteko U-13, 14 eta 15ean greba egiteko deialdia bozkatu zuten ostegunean langileek aho batez Ajuriaenean egindako kontzentrazioan.

Enpresako zuzendaritzaren, patronalaren eta EAJ nahiz Urkulluren maniobrek agerian uzten dute gatazka hori irabaz daitekeela, patronala atzera egitea behartu daitekeela, baina irmo kolpatuz bakarrik. Jada ikusten ari gara multinazionaleko enpresariak atzera egiten ari direla grebaren ondorioz, CCOO, UGT, PIM eta Ekintza sindikatuetako buruzagien jarrera eskirolak ezin duelako langileen borrokarako borondatea gelditu. Orain da benetan gogor kolpatzeko unea.
Langileen batzar demokratikoak bultzatzen jarraitu behar da, joan den astean egin zen bezala, bai borroka plana finkatzeko, bai balizko edozein akordio edo protesta bozkatzeko. Ezin dugu onartu inork gure ordez erabakitzea!

Mercedesen borroka erreferentzia bihurtzen ari da Euskal Herriko eta Estatuko langileentzat, atzeraldi eta krisi kapitalistaren testuinguruan, eta inflazioaren ondorioz gure soldatak hondoratzen ari diren testuinguruan. Egoera hori hurrengo hilabeteetan larriagotu egingo da.

Protestak eta grebak orokortuz eta erradikalizatuz langile klasearen indar guztia bateratzea da bide bakarra. Orain, Araba eta Bizkaiko metalaren greba bateratuak egiten jarraitzeko unea da, Mercedeseko lankideekin batera, eta Euskal Herrian Greba Orokorra bultzatuz. Baldintzak soberan daude. ELAk eta LABek, gehiengo sindikalak, greba orokorra deituko balute, erabateko arrakasta bihurtuko litzateke, patronala eta bere zerbitzura dauden gobernuak tinkan jarriko lituzke, urrats eredugarria gainontzeko langile klasearentzat.