Mercedesen borroka eredugarriak argi erakutsi du nola egiten zaien aurre patronalaren erasoei eta nola borrokatzen den soldata duinen alde, inflazio gero eta jasangaitzagoaren aurrean. Langileek frogatu dute nork sortzen duen aberastasuna fabrikan eta borrokarako irmotasuna badago ezer gutxi egin dezaketela Titosek, enpresako zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzak edo patronalaren zerbitzura jarri diren sindikatuek, UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek.
Sindikatu horietako buruzagiek sinatutako aurreakordioa –euren afiliatu askoren iritziaren aurka- borroka geldiarazteko azken ahalegin desesperatua izan da. Horrekin batera, Emilio Titos lantegiko zuzendariak mehatxu apokaliptikoak egin ditu, langileen gehiengoaren iritziak bost axola diela erakutsiz. Bai. Langileek argi eta garbi utzi dute euren jarrera akordioaren ondorengo egunetik, ELAk, LABek eta ESK-k deitutako grebak masiboki eginez! Euren soldatak sakrifikatuz eta Gasteizko kaleetan masiboki manifestatuz! Hori da errealitatea!
Aldi berean, sindikatu sinatzaileek bizkarra eman diete langileei, multinazionalaren zerbitzura jarriz erabat: enpresaren zuzendaritzaren mehatxuak zabaldu dituzte hedabideetatik eta sare sozialetatik, erreferenduma xantaiaren eta beldurraren bidez irabazi nahian. Uko egin diote egun hauetan egindako langileen batzar jendetsuetan parte hartzeari, aurreakordioa langileen aurrean defendatzeko ganorarik ere ez dute izan; enpresaren esku utzi dute erreferenduma antolatzea, oso berme demokratiko eskasekin. Eta greba kriminalizatzen aritu dira, Urkulluren Jaurlaritzari –patronalaren gobernuari- Ertzain gehiagoren “babesa” eskatuz.
Borroka horrek erakutsi du langile klaseak indar ikaragarria duela martxan jartzen denean. Horrexegatik kriminalizatu eta isilarazi dute komunikabide kapitalistek. Ez dute borroka eredugarririk nahi. Baina arazoa da langile klasea Euskal Herrian, Estatu espainiarrean eta Europan jada kokoteraino dagoela. Enpresariek irabazi erraldoiak pilatzen dituzten bitartean, geroz eta miseria gehiago dago langileentzat! 2021ean Mercedes Benzek mozkinak %253,7 biderkatu zituen, hots, 14.180 milioi irabazi garbi!! Langileek soldatak %10 baino gehiago murriztea nahi dute, oraingoz, 2021ean zero igoerarekin.
ELAk, LABek eta ESK-k deitutako grebetan langileek erakutsi duten indarrak seigarren gaua eraistea lortu du. Mundu guztiak daki hori! Indar horrek hor jarraitzen du eta patronala atzera egitea behartu dezake. Horren jakitun dira enpresariak ere, eta horregatik mehatxuak areagotzen dituzte. Zalantzak sortu nahi dituzte, desanimoa, beldurra… hori da duten helduleku bakarra!! Ez zaitzatela engainatu!!, KPIaren araberako soldata igoera lortzeko indarra dugu!!
Erreferendum honetan EZ bozkatu behar da, eta multinazionalaren aurkako borroka areagotu, greba Arabako enpresa laguntzaileetara eta metal osora hedatuz, Hitzarmenaren aldeko borrokan. Milaka orri eta kartel atera behar dira, eta Gasteiz eta probintziako herri guztietara zabaldu behar da elkartasun deiadarra, aurrera egiteko laguntza ekonomikoa eskatuz, langile guztien elkartasuna bilduz eta herritarren artean dagoen begikotasun izugarria elkartasun aktibo eta militante bihurtuz.
Horrela, metodo horiekin lortu dira oraindik gozatzen ditugun eta kentzen saiatzen zaizkigun eskubide eta aurrerapen guztiak. Gure indarretan konfiantza izan beahr dugu!. Borroka hau irabaziko dugu!