Bazegoen indarra patronala garaitzeko!
Joan den asteazkenean jakin genuen Bizkaiko metaleko mahaiak aurreakordioa lortu zuela patronalarekin sektoreko hitzarmen kolektiboa sinatzeko. Akordio horren bidez, LABek, CCOOk eta UGTk Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena onartu zuten. Proposamen hori patronalak (FVEM) onartu zuen aurretik, eta sektorea geldiarazi zuen 5 eguneko greba handiaren aurretik patronalak egindako azken proposamenarekin alderatuta, %1eko soldata hobekuntza baino ez zekarren,.
Metaleko gatazka erreferentzia bihurtzen ari zen Euskal Herriko borroken multzoan, aurretik Arabako metalaren eta Gasteizko Mercedes-Benzen gatazkak izan ziren bezala. Grebaren azken astea, azaroaren amaieran, indartsuena izan zen. Ehunka langile lehen ordutik deitutako piketeetan eta milaka manifestazioetan. Astebeteko greba aldia Bilbon 12.000 langile baino gehiago eta haien familiak bildu zituen manifestazio handi batekin itxi zen.
Arrakasta horren ostean, sindikatuek konpromisoa hartu zuten atzerapausorik ez emateko eta inflazioaren azpiko soldata igoerarik ez onartzeko. Hala ere, bi hilabete geroago, justu kontrakoa gertatu zen: %15eko igoera lau urtean (%6,5 2022an, %4 2023an, %2 2024an eta %2,5 2025ean). Bizi dugun errealitatea ordea oso konkretua da. Benetako inflazio metatua %8tik gora egon da 2022an, handiena 1986tik, eta oinarrizko elikagaietan inflazioa %15,6ra iritsi zen abenduan. Hau da, datuak makillatu arren, langileak pobretzen jarraituko dute.
Bestalde, krisi kapitalistaren eta inflazio iraunkorraren egungo testuinguru ekonomikoan, lau urterako soldata-taulak sinatzeak hipotekatzea esan nahi du. Urteko soldata-akordioak eskatu behar ditugu, KPIa bermatuko dutenak eta gure poltsikoetan euro bakar bat ere galtzea ekarriko ez dutenak. Patronalak 4 urteko akordioak sinatu nahi baditu, egin dezala metatutako KPI errealaren igoera osorik bermatuz.
EAJren Eusko Jaurlaritzak bake soziala bermatu du
2022ko hamaika greba egunek erakutsi zuten indarra zegoela patronala garaitzeko eta gehiago lortzeko. Eusko Jaurlaritza jokoan sartzea bera ere borroka erradikalizatzeari eta hedatzeari zioten beldurraren isla izan zen. Mercedesen erabili zuten estrategia bera izan da, eta kasu horretan LABek, ELArekin eta ESKrekin batera, behar bezala aurre egin zioten. Errealitatean, borrokak ibilbide luzea zuen oraindik, baina CCOOk eta UGTk ohituta gauzkaten bake sozialaren estrategiari eman zaio lehentasuna, eta orain, zoritxarrez, badirudi LABeko zuzendaritzak bat egiten duela estrategia horrekin.
Ildo horretan, lehen akatsa izan da Eusko Jaurlaritza aliatutzat eta bitartekari inpartzialtzat hartzea. Gobernu horrek berak bidaltzen du Ertzaintza piketeak kargatzera, grebalariak erasotzera eta atxilotzera, LABeko afiliatuak eta militanteak batez ere. EAJ-PSEren gobernua ez da inoiz langileen aliatua izan eta ez da inoiz izango.
Ildo horretan, ELA akordiotik aldendu da, eta Eusko Jaurlaritza patronalaren zerbitzari gisa salatu du. Baina beharrezkoa da jarrera hori haratago eramatea, langileen batzar orokorrak deituta eta mobilizazio eta presio neurri berriak planteatuta. ELAk, ordezkaritzaren %40arekin, hori egiteko gaitasuna luke. Estrategia hori beste sindikatuetako afiliatuei eta ordezkariei zuzendu behar zaie, batez ere LABekoei, eta borrokan batasunaren alde egin behar da.
Azken urte honek erakutsi du Euskal Herriko langile klaseak, eta bereziki metalgintzan, sekulako indarra zuela patronala garaitzeko. Metalak Bizkaian eta Araban bat egin izanak eta Mercedes Benz enpresaren greba eredugarriak agerian utzi zuten hori. Ildo horretan, euskal gehiengo sindikalak, ELAk eta LABek, aukera garrantzitsu bat pasatzen utzi dute gatazkak bateratzeko, hedatzeko eta erreferentzia bihurtzeko. Patronalaren ofentsibaren aurrean Euskal Herri osoan Greba Orokorra prestatzeko urratsa eman behar da. Britainia Handian edo orain Estatu frantsesean ikusten dugunez, arrazoiak soberan daude! Greba orokorrerako arrazoiak soberan daude!