Joan den ekainaren 16an jakin genituen Michelingo erreferendumaren emaitzak. Gasteizko lantegian, Estatu osoan gehien mobilizatu dena eta irabazien tamainan nahiz langile kopuruan garrantzitsuena dena izanik, kolpe latza jaso zuten enpresako zuzendaritzak eta bake sozialaren sindikatuek. Langileen ia %90eko parte hartzearekin, ezezko botoak gailendu ziren ia 1.000 botoko aldearekin (2.007 ezezko eta 1.093 baiezko), hau da, % 65 hitzarmenaren aurka agertu ziren. Eta hori enpresa batzordean CCOO, UGT eta CSIFek gehiengoa osatu arren. Gainerako lantegietan, baiezkoak irabazi zuen, batez ere Almerian eta Aranda del Dueron, CSIF, CCOO eta UGT nagusi zirela. Valladoliden, berriz, %36raino iritsi zen hitzarmenaren aurkako bozka, nahiz eta CGTk %19ko ordezkaritza baino ez izan.
Gasteizko ELA, LAB, ESK eta CGT-LKN sindikatuek patronalari aurre egiteko hartu duten estrategiak fruituak eman ditu. Langileek frogatu dute askoz urrunago irits zitekeela eta KPIren araberako soldata-igoerak lor zitezkeela. Akordioa azaltzeko egindako batzar orokorretan, langileek beren haserrea agertu zuten burla hutsa den akordio eskaintzaren aurrean, are gehiago 1.500 euroko ordainsari bakarra ez-finkagarria eskaini zenean gatazka kitatzearen truke.
Langileek ederki igarri zuten CCOO, UGT eta CSIF sindikatuen maniobra: hitzarmenaren eraginpeko 4 lantegietan erreferendum bat bultzatu zuten Gasteizko lantegiaren emaitza indargabetzeko. Horren aurrean, langileen gehiengoa lantoki-arteko Batzordetik irtetearen alde agertu da, non moketako sindikatuak gehiegi ordezkatuta dauden, eta Gasteizko lan eta soldata baldintzak geure kabuz negoziatzea. Horrela egiten da Lasarteko lantegian, izan ere, beren hitzarmen propioa dute eta datozen asteetan mobilizatzen jarraituko dute. Gasteiz lantoki-arteko Batzordetik kentzeko proposamena iraganean ere egin izan da eta CCOO, UGT, CSIF eta CCM aurka agertu dira. Duela hilabete batzuk erreferenduma egitea galarazi ere egin zuten, erreferenduma oso mekanismo zaila zela argudiatuz. Hala ere, hain zaila izateko, ez dute arazorik izan 12 ordu baino gutxiagoan bat antolatzeko, helburua akordio txar bat onartzea eta grebari amaiera ematea izan denean.
Estrategia horrekin batera, klase sindikalismo borrokalaria indartu behar da lantegi guztietan, eta hori Euskal Herritik kanpo egitea ere posible da, Valladoliden CGTren presentziari esker lortutako emaitzek erakutsi duten bezala.
Patronalaren, Eusko Jaurlaritzaren edo burokrazia sindikalen bulegoetan beldurra nabaria izan da, hain zuzen, borroka hau eredugarri bihur zitekeelako KPIaren araberako igoeren alde ari diren dozenaka lantegietan. Horregatik komunikabide kapitalistek, Mercedesen kasuan bezala, kanpaina sutsua hasi dute sindikatu borrokalarien aurka eta erreferendumean baiezkoa ateratzearen alde. CCOO, UGT eta CSIF sindikatuen aliatuak zeintzuk diren erakusten duen beste adibide bat.
Baina jarraipen masiboa izan duten 4 greba egunak eta Gasteizko manifestazioak, herritarren elkartasuna eskatuz, ez dira alferrik igaro. Gure amorrua borroka eta mobilizazio bihurtu dugu, eta enpresak hobekuntzak eskaini baditu (nahiz eta, argi eta garbi, nahikoak ez izan), borrokaren emaitza izan da, inondik ere ez CCOO, UGT, CSIF eta CCM sindikatuek negoziazio-mahaian egindako pasteleoaren emaitza.
Gasteizko Michelingo borrokaren ondorioak argi daude: enpresetako lan eta soldata baldintzak mantentzeko eta hobetzeko borroka benetan gogorra izango da hurrengo aldian, eta prest egoteko ezinbestekoa dugu borrokarako sindikalismoa eraikitzea, asanblearioa eta demokratikoa, gatazkak bateratuko dituena eta langileriari bere indarretan konfiantza emango diona. Michelinen eta Mercedesen frogatu den bezala, sindikalismo hau milaka langileren begikotasuna jasotzen ari da.