Kooperatibek  klase borroka trabatu nahi dute ( Serge Goulart)

 

Euskal Herriko langileriarentzat fabrika okupatuen esperientzia nahiko ezezaguna da. Gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokaren adibide hau zabaltzeko, Euskal Herria Sozialistak hitzaldi bat antolatu zuen Serge Goulartekin, Brasilgo Fabrika Okupatuetako Mugimenduaren Koordinatzailea eta Partido dos Trabalhadoresen (PT) Zuzendaritza Nazionaleko kidearekin. Lehen zatian, Brasilgo fabrika okupatuen historia azaldu genuen. Bigarren zati honetan, Serge Goulartek esandakotik kooperatibaren teorian sakontzen dugu. Hurrengo alean azken zatia eskainiko da.

Kooperatibaren teoriak klase borroka trabatu nahi du

 

Kooperatibaren teoria aurka dauden klaseen arteko kontziliazioan ahalegintzen da, “kapitala eta lana bat egiten”. Kooperatiba, “mirari” bat da, langile-nagusietan bihurtzen baititu langileak. Helburua, kapitala eta lanaren arteko aurkakotasuna leundu edo desegin nahi izatea da. Hau da, hondamendi inperialistaren aurrean, langileak,  klase bezala, politikoki ez mugitzea lortu nahi du, ekoizpen indar handien jabego pribatuan oinarritutako sistema auzitan jarri gabe. Modu honetan, kapitalistek normalean hartzen zituzten kostuak, makinetan eta lan tresnetan egiten ziren inbertsioak, kooperatibetan langileek beraien gain hartzen dituzte.

Kooperatibarekin, nagusiek lehen inposatzea lortzen ez zutena, langileei eskatzen zaie beraien aurka egin dezaten: soldaten eta eskubide sozialen murrizketa, esplotazioa handitzea, malgutasuna...

Ekoizpenaren harreman kapitalistetan oinarritutako gizarte batean, ez dago alternatibarik: ekoizpen indarren jabe zara edo bizirauteko zure lan indarra saltzen duzu. Eta ekoizpen indarrak zure eskuetan badaude, merkantzia bat erosteko gai izan behar duzu. Ekoizpenaren prozesuan, kontsumitzen duen, hau da, balio duen baino kapital gehiago sortuko duen merkantzia bat erosi behar duzu. Merkantzia hori bakarra da: lan indarra.

Ekoizpenaren prozesuan, “plus” hori lan indarraren esplotaziotik sortzen da, hau da, egindako lanaren zati bat soilik ordainduz, “langile” kooperatibista bat izan ala soldatapeko langilea izan. “Plus” hori gero eta gehiago behar denean, lan indarraren esplotazioa handitu egin behar da.

Horrela, kooperatibaren teoria alferrik ahalegintzen da klase borrokarekin amaitzen, eta ekoizpen modu berri bat bezala agertzen, non poliki-poliki, kapitalismoaren gainbeheraren hondakinen gainean ezartzen ari den. Munduko merkatuan ekoizpen modu nagusia kapitalista den bitartean, gainontzeko ekoizpen ereduak horren menpe daude. Kooperatibismoa, beraz, guztiz baldintzatuta dago, azken batean, kapitalaren oinarrizko legeengatik. Kapitalismoaren aurreko ekoizpen eredu bat ezartzearen ametsak duen benetako ondorio bakarra, kapitalaren aurkako langileriaren borroka desitxuratzea da. Eta zibilizazioa mehatxatuz, planeta osoan kapitalak antolatzen duen hondamendi inperialistaren aurrean, langileriaren ejertzitoari burla egiten dio. Langileriari klaseko independentzia lapurtuz itsu uzten du, hankak eta eskuak loturik. Antolatuta, langile klasearen borrokak bakarrik, lortutako eskubideak defendatuz salba dezake gizateria, merkatu kapitalistaren anarkiak eta bere legeek eragiten duten hondamendiagatik. Langile klaseari ziria sartuz, eta berari, eta bere antolamenduak zatituz, klase kapitalistaren eta bere nagusitasunaren aurkako borrokatik desbideratzea, kolpe gogorra da eta mehatxu bat zibilizazioaren aurka.    

Kapital espekulatiboa nagusi den ekonomia batean, enpresa kooperatibentzat edo autogestionatuentzat ez dago irtenbiderik. Espekulazio finantzieroak azeleragailu bat bezala eragiten du, enpresa guztiei “lan kostuen” aurka egitera bultzatuz. Kooperatiba edo enpresa autogestionatu batek, edozein dela ere, ezin du hau eragotzi. Ahalegin horiek, langileak beraien buruen aurkako borreroak izatera bultzatzen dituzte. Eta are larriagoa dena, langileek zapalkuntzarekin eta esplotazioarekin bukatzeko klase kapitalistaren aurkako klaseko borrokarako perspektibarik gabe uzten dituzte. Ekonomiaren logikak, merkatuak bilatzera, hauengatik borrokatzera, konpetibitatearen eraginez beste enpresen aurka egitera, hau da, beraien anaien lanpostuen kontra egitera bultzatzen ditu.

Langileek enpresa bat okupatu eta berriro martxan jartzerakoan, nazionalizazioaren aldeko borrokatik aldentzea, nahitaez, kooperatibaren edo autogestioaren tranpa erreakzionarioan erortzea suposatzen du. Nazionalizazioaren aldeko borroka, dudarik gabe, oso gogorra da, eta zaila da. Baina, Cipla eta Interfibra fabriken 1000 lanpostuekin jarraitzeko modu bakarra nazionalizazioa da.

 

Estatuaren auzia

 

Fabrika okupatuen esanahi sakona desitxuratu edo desbideratu dezakete “autogestioaren” ideiek, baina hauek, ezin dute ezkutatu, kapitalistak ez direla gai jendartea zuzentzeko, ez bada hau hondamendira zuzentzeko. Kooperatiben eta autogestioaren politikak, klaseen arteko gatazka eragotzi nahi du, eta batez ere, fabriken okupazioak zabaldu daitezen galarazi nahi du, krisien aurrean langileriaren irtenbidea den hau. Langileak elkartzea trabatu nahi dute, ez enpresen kontsortzio batean, baizik klaseko mugimendu erraldoi batean, ekoizpen indarren jabeen aurka eta hauen komite zentrala den estatu burgesaren aurka.

Langileak nagusi bihurtzeko ideia horretan, autogestioak, kapitalik gabeko kapitalista txikien mugimendu barregarri bat defendatzen du eta enpresa bakoitza bere negozioa bizirik irautearen aldeko borrokan ibiltzea bultzatzen du. Horrela, autogestioak, praktikan ekoizpen indar handiak desjabetzearen aukera eragotzi eta langile klaseak estatu burgesarekin talka egitea galarazi nahi du.

Ahalegin handiak egiten dira fabriken okupazioek “jabego pribatua ala jabego soziala” planteatzen dutela ezkutatzeko. Langile mugimenduak ezin du onartu, kooperatibistek defendatzen duten moduan, jabego pribatua esku batzuetatik besteetara pasatzea. Jabego soziala defendatu behar du. Eta jabego sozialaren konkistak, okupazioen mugimendua eta iraultza zabaltzea eskatzen du, auzia behin-betiko konpontzeko langile klaseak botere politikoa eskuratzea planteatuz.

Fabriken okupazioak egoera iraultzaile baten ondorio dira Brasilen. Cipla eta Interfibrako langileak Lulari eskaerak egiten hasi ziren ondoren: “Lula, gure lanpostuak salbatzeko Cipla eta Interfibra nazionalizatu itzazu!” Beharrezko baldintza da hau ekoizpen indarren gero eta suntsiketa handiagoa ematen ari den gizarte honetan bizirauteko eta borroka gogorrean jarraitzeko. Hau da, hain zuzen ere, Cipla eta Interfibra fabriken kontrolarekin aurrera egitea posible egin zuen norabidea.

Ikuspegi honetatik, Cipla eta Interfibra, gero Flasko, eta Flakepet eta gainontzeko fabriken okupazioen borrokak mugimendu berri baten hastapenak dira. Oraindik ez da zabala, baina Brasilgo egoera iraultzailean garatzen ahalegintzen ari da.