Joan zen urteko abuztuan eman zen burbuila inmobiliarioaren eta finantzieroaren leherketaren eraginak bete betean ari gara sufritzen. Aditu eta ekonomista burgesek diotenez, pare bat urteko kontua "besterik ez" omen da izango. Milaka eta milaka milioi irabazten dituzten bankari eta enpresarientzat, agian, ez da horren larria izango, baina galdegin diezaietela munduan gosez eta gaixotasun sendagarriez hiltzen, edota "bizitzeko" egunean 2 euro irabazten dituzten milioika eta milioika herritarrei.

Euskal Herrian ere, egoera gero eta lazgarriagoan bizitzea tokatzen ari zaigu. Bazirudien langile klasearen arazoak betirako bukatuko zirela eta denbora pasa ahala gero eta hobeto biziko ginela. Baina egoera hobetzetik urrun, mundu guztiko langile klasearen egoera begi bistan dago nolakoa den eta noranzko bidea hartzen ari den. Gainean dugun sistema kapitalistaren krisiak bazter guztiak astindu ditu, Estatu Batuak, Latinoamerika, Europa, Afrika, Ekialde Hurbila, Txina, eta abar luze bat. Inmobiliarien burbuilaren eztanda eta gero, klase kapitalistak bere poltsikoak betetzen jarraitzeko ez du batere erreparorik hartu lehen etxebizitzekin egin zuen bezala, orain lehengaiekin espekulatzeko, hala inbertsioak batetik bestera pasa dira lehengaien sektorea "seguruagoa" delako. Baina gauza guztiek bezala, langile klasearen pazientziak ere muga bat du eta muga horietatik pasatzean leherketa sozialak ematen dira azkenaldian ikusi ahal izan dugun bezala. Komunikabide burgesetan errealitatea ezkutatzen saiatzen diren arren, ezin dituzte milioika eta milioika langile eta bazterturen borrokak gelditu.

 

Garraiolarien abisua lehenik

 

Lehen esan bezala, hemen ere egoera zeharo belzten ari da, badira hilabete batzuk hainbat eta hainbat langile lanuzte eta grebak egiten ari direla, batez ere garraio publikoko arloan, baina ia dena hankaz gora ipini zuena ekainaren hasieran garraiolariek egin zuten greba izan zen. Mugimendu honen gehiengoa autonomoak dira, sektore honetako %80 inguru. Autonomo bezala dauden garraiolarien bizi eta lan baldintzek kasu gehienetan langile batenaren antz gehiago dute enpresari batenarenak baino. Gatazka honen leherketa gasolioaren garestitzeagatik izan zen, azken urtean %36 garestitu delarik. Baina honi garraio eta banaketa enpresa handiek garraiolari autonomoei produktuak merkatzeko egiten dieten presioa gehitu behar zaio eta baita krisiaren ondorioz egon den lan gutxitzeari ere. Adibidez, garraiolari batzuek zioten beraiei ez zegozkien lanak egitera behartzen dituztela bestela lana beste bati emango diotenaren mehatxupean. Beste batek bere poltsikotik 2000 euro ipini behar izan zituen lana egin ahal izateko, beraz bere "enpresa" zenbaki gorritan zegoen.

Garraioaren sektorean denetik dago, ez dira denak autonomoak, badira enpresari txikiak ere, langileen esplotazioari esker bizi direnak (beste sektoreetan gertatzen den bezala) eta hauei benetan axola diena ez da noski langilea zein egoeratan geldituko den. Horregatik oso garrantzitsua da bereiztea langile autonomoek egin dituzten errebindikazio justuak eta, bestetik, enpresariek mugimendu hau aprobetxatuz zer egin duten. Hala, Espainiako Gobernuak arazoarekiko izan zuen jarrera sektoreko patronal handienaren (CETM, gainera ez zuen greba deialdirik egin) eta kamioi gabeko enpresen (almazenista, logistikako poligonoak,...) nahiei men egitea izan zen, zama sozialak, zergak... gutxiarazten edota merkatzen. Beraz, grebaren ondorioz, etekinik handiena atera zuena CETM eta enpresari handiak izan ziren, zeinak ez zuten zerbitzuen prezioen erregularizaziorik nahi,( grebalariek eskatzen zuten tarifa minimoa) bestela beraiei garestitu egingo zitzaielako zerbitzua. Espainiako Gobernuak argi utzi zuen bai adierazpenetan (grebalariei greba bertan behera uzteko esanez, batere tolerantziarik ez zutela izango,...) eta ekintzetan (Granadan piketeetan zebilen garraiolaria hil zuen gizona "kasualitatez" enpresaria zen eta honez gero  kalean dago batere fidantzarik ordaindu gabe, aldiz, piketeetan ibili ziren hainbat garraiolari zortzi hilabeteko kartzela zigorrarekin kondenatu dituzte) noren alde eta norekin jokatuko duen. Sindikatu batzuk isilik gelditu dira, beste batzuk greba patronala dela esanez eskuak garbitu eta ezer ez dute jakin nahi izan.

Garraiolarien greba honetan beharrezkoa zen benetan izorraturik dauden garraiolariak babestea eta zergak merkatu soilik eta langileen bizi baldintzak gehiago okertu nahi dituzten enpresariak salatzea. Eta noski, babesa eman ez hitzez soilik, baizik eta beste sektoreetako langileen mobilizazioak bultzatu eta antolatuz. Hori egin beharko litzateke krisian dauden sektore (arrantza, nekazaritza...) eta lan gatazkak dituzten langileen eskubideak eta bizi baldintzak defendatzeko. Langile klasearen batasuna bultzatzen ez bada, burgesiaren aurrean zatituta agertzen bada, langileak salduta geratuko dira kapitalismoaren erasoen aurrean. Zapalduta dauden garraiolarien borroka langile klase osoaren borrokari erabat loturik dago, hauen arazoak ere sistema kapitalistaren krisiaren ondorioak baitira.

 

Erasoen aurrean, langileok baturik erantzun

 

Garraiolarien grebak izan ziren momentuan arrantzako, nekazaritzako, etb...  greba eta borrokak eman ziren. Bitartean, gobernu burges espainiarraren eta europarraren aldetik erasoak zetozen langileen aurka, tartean poliziaren errepresioa. Jakin badakigu bere funtsean zertarako sortu zen polizia eta beste behin argi eta garbi gelditu da gizartean honek duen papera. Gainera, burgesiaren txotxongiloek, hau da, demokrazia burges hau defendatu eta maitatzen duten politikari eskuindar eta erreformistek, beraien legeen bidez langile klase osoari eman diguten ostikoa ez da izan askoz hobea. Lehenik eta behin, gobernu burges espainiarrak "ekonomia indartzeko" hartu dituen neurri lotsagabeak beste behin langile klasearen aurkako eraso garbiak dira. Enpresariei zergak jaitsiz (sozietate eta patrimonio zergak) eta estatutik dirua emanez uste dute ekonomia hobetu egingo dela enpresariek lan gehiago "emango" digutelakoan eta produkzioa gehituko delakoan, baina benetan gertatzen dena zera da, estatuko diru publikoa berriz ere gutxi bakar batzuen eskuetan geldituko dela eta behar sozialetarako dirurik ez dela egongo.

Aldiz, argi indarraren, beste lehengai guztien eta hipotekaren eta alokairuen garestitzeak langileon eros ahalmena izugarri gutxituko du, milaka eta milaka gazte eta familia arazo larrian ipiniz. Europar Batasunetik hartutako neurria ere ez da kasualitate hutsa, orain, sistema kapitalista krisi sakon batean dagoen unean eta hilabete bukaerara heltzea ikaragarri kostatzen denean, lanorduaren luzapena 60-65 ordura luzatzea erabakitzen dute. Lan gutxien, langabetu gehien eta behar gehien dagoen unean horrelako neurri erreakzionarioak hartzen dituzte, lanean ari diren langileak gehiago eta merkeago esplotatu eta langabetuen egoera jasangaitzagoa bilakatuz. Negargarria da duela mende bat langileek borroka latzen bidez lortutako eskubideak orain era horretan galtzea, ezer gertatuko ez balitz bezala. Itsu batek ere ikusiko luke langileak erabat kezkatuta dabiltzala, zer pasako den jakin nahian, etorkizuna erabat beltz ikusten. Ez da batere harritzekoa horrela egotea langileak, harritzekoa dena zera da; langile klasea hartzen ari den astinduarekin, “ezkerreko” alderdi eta sindikatuetako agintari batzuk beste alde batera begira egotea. Badirudi hauentzat dena nahiko ondo dagoela, noizean behin greba bat edo beste konbokatu eta kitto. Ba gertakizun guzti horien atzean ehunka eta ehunka familia kale gorrian gelditzeko arriskuan daude eta langileen alderdi eta sindikatuetako agintari horiek jakin beharko lukete langileriaren defentsarako sortu zirela erakunde horiek. Gazte eta langileok bizitzen ari garen zailtasunen aurrean (etxebizitza arazoa, langabeziaren arazoa, soldatena, etab...), langileen alderdi eta sindikatuek langile mugimendua antolatu eta mobilizatu beharko lukete, horretarako sortu ziren.

Urteetan zehar langile klasearen kontzientzian pilatzen joan diren esperientzia guztiak, eta azken krisi honen ondorioz bizkorrago pilatu direnak, nahiz eta badirudien ezer ez dela pasatzen, dena beti bezala dagoela, edozein “istripuk” langile klasearen amorrua aska lezake. Hor daude Latinoamerikako adibideak. Guztiz beharrezkoa da sindikatuen zuzendaritzei mobilizazioak antolatzeko eskatzea, langabeziaren aurka, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurka, eta langileen soldaten eta eskubide berdinen defentsan. Langile klasea borrokatzeko prest dagoela nabaria da, argi gelditu da azkenaldian ikusi eta ikusten ditugun mobilizazioekin, grebak alde guztietan, jendearen kezka kalean, etab... Hor dago sindikatuek eta ezkerreko alderdiek bete beharko luketen papera, langileak batu eta mobilizazioen bidez klase dominatzailea kolpatu langileen eskubideen defentsan.

Beti esan dugun bezala, sistema kapitalistaren marko barruan, gaur lortzen ditugun eta ezkerreko eskuarekin "ematen" dizkiguten eskubide eta aurrerapausoak, bihar (eta kasu honetan bihar oraina da) eskuineko eskuarekin kenduko dizkigute ( 60-65 orduak, pribatizazioak, grebak deuseztatu eta piketeen kartzelaratzea,...), beraz, beharrezkoa da lan baldintza hobeen aldeko borroka sozialismoaren aldeko borrokarekin uztartzea. Etortzear dauden hilabete eta urteak ez dira batere xamurrak izango langileontzat, orain arte eman diren gatazkak seguruenik handitu eta gehitu egingo dira, baina, era berean, gizarte eredu zaharkitu eta ustel hau gero eta jende gehiagok zalantzan jarriko du eta langile mugimendua zuzentzen dutenek benetako klaseko programa eta metodoak erabiltzen badituzte sistema kapitalista historiako zaborrontzira botako da langile demokrazia ezartzeko, hots, SOZIALISMOA!!!