<"/>

“Garrantzitsua izango litzateke krisian gauden lantokiak elkartzea indar gehiago egiteko”

<"/>

Espainiako Lan Ministerioaren arabera, ekainaren hasieran dagoeneko 44.000 langile zeuden lana erregulatzeko dosierretan Hego Euskal Herrian, Villabonako Arteca enpresa zen horietako bat. Baina geroztik langile gehiago dira erregulazioan aurkeztu dituzten dosierrak kontuan hartuz gero. Artecako langileen egoera eta esperientzia Euskal Herria Sozialista aldizkariaren ale honetan jasotzeko Igor Perez langile batzordeko LABeko kidearekin egon gara.

KRISIA ETA KLASE BORROKA HANDITZEN JOANGO DIRA

Krisiaren aurreko urteetan  banku eta enpresa handiek ikaragarrizko irabaziak izan zituzten. Hala ere, langileen baldintzek, nahiz eta hazkuntza ekonomikoa eman, okerrera egin zuten. Orain, ekonomia kapitalistaren krisi sakon eta gogorra zabaltzen ari da mundu osoan milioika langile langabezian utziz. Kapitalistek langileen eta hauen familien gainera bota nahi dituzte ondorio guztiak: kaleratzeak, lan erregulazioak, soldata murrizketak, zerbitzu publikoen pribatizazioa, prekarietatea, langileen eskubideen aurkako lan erreformak, pentsioen sistema publikoaren kontrako erasoak...

Langileen eta herritarren zati garrantzitsu bat konturatzen ari da, gehiengoaren aurkako erasoak geratzeko modu bakarra patronalei eta gobernuei aurre egitea dela. Euskal Herrian ere asko handitu da langile borroken kopurua. Beharrezkoa da langileen borrokak koordinatzea eta elkartzea. Horregatik, oso urrats garrantzitsua izan zen maiatzaren 21eko greba orokorra. Greba orokorrak milaka eta milaka langileren kontzientzietan eragin du. Maiatzaren 21ak milaka langileri erakutsi dio botere izugarria dagoela beren eskuetan. Kapitalisten eta langileen arteko borrokan abantaila ikaragarri bat dute langileek: beren kopurua eta beren papera ekoizpenean. Langileek makinak, garraioak, zerbitzuak… geratzen badituzte, gizarte kapitalistak ez du funtzionatzen. Baina langile klasearen potentzial ikaragarri hau bideratzeko beharrezkoa da langileak programa iraultzaile batekin antolatzea. Soldata jaitsieren, kaleratzeen eta EREen aurkako borrokan, krisian dauden lantokien, bankuen eta enpresa handien espropiazioa defendatzea beharrezkoa da. Langileek ekoizteko baliabideak kontrolatzen dituztenean bakarrik izango da posible hauek gizarteko gehiengoaren onerako erabiltzea. Gizarte sozialista batek bakarrik bermatu ditzake lortutako konkistak betirako izatea, eta behin betirako krisiekin, langabeziarekin eta pobreziarekin amaitzea.

Langileen, langabetuen, negozio txikiak dituztenen, nekazari txikien, herritar xeheen... pazientzia amaitzen joango da. Irtenbide bakarra langileen borroka da. Ezin dugu onartu soldata murrizketarik, prekarietatearen handitzerik... borrokarik, mobilizaziorik edo grebarik antolatu gabe. Beharrezkoa da fabrika bakoitzeko gatazka beste fabriketara, herrietara eta auzoetara zabaltzea. Langileen indarra batasunean baitago.

ARTECAKO LANTOKIAREN ADIBIDEA

 

Gipuzkoako Villabona herriko Arteca Caucho Metal S.A. lantokian, gehien bat, automoziorako sistema antibribatorioak egiten dituzte. Fabrikan, 2008an 140 langile ziren, baina, orain 107 langilek lan egiten dute. Langile komitea 9 delegatuk osatzen dute, 5 LABekoak dira eta 4 ELAkoak. Azken aste hauek, maiatza batez ere, bigarren lan erregulazioaren eta kaleratzeen aurka langileak borrokan aritu dira.

Euskal Herria Sozialista.- Lantokia duela 16 urte, hain zuzen ere, 90. hamarkadaren hasieran, orduan ere krisi baten eraginez aurreko  fabrika itxi egin zuten eta langileek langabeziaren dirua eman eta martxan jarri zenuten. Nolako urteak izan ziren haiek? Zergatik itxi zen aurreko lantokia?

 

Igor Perez.- 1956an Lasarten sortu zen lantokia eta handik urte batzura Adunara pasatu zen. 90. hamarkadaren hasieran, orduan ere krisi bat zela eta lantokia itxi egin zuten eta langile asko kale gorrian geratu zen. Ondoren, aurreko lantokiko langile batzuk langabezia kapitalizatu eta Villabonan orain lantokia kokatuta dagoen pabeloia (lehen Sacen enpresa zegoen fabrika) erosi eta lantokia martxan jarri zuten. Gero, oraingo jabeak, Laberyek, kapitatista frantsez honek lantokia erosi zien langileei.

EHS.- Noiz hasi zineten egungo krisiaren eraginak nabaritzen?

 

Igor.- 2008ko udazkenetik lana murrizten hasi zen eta abenduaren 4ean lehenengo lan erregulazioa martxan jarri zuten. Lan erregulazio hura %60ko lan uztearekin onartu zuten. Langileok ez genuen hau sinatu eta ekainaren 6ean bukatu zen.

EHS.- Eta orain zein da zuen egoera?

 

Igor.- Orain apirilean, Aste Santuaren ondoren, enpresak beste bi espediente aurkeztu zizkigun: bata %40ko lan uztearekin eta bestea 20 kaleratzeekin. Zuzendaritzaren nahi bakarra langileen kaleratzea zen eta borroka gogortu egin genuen. Langile guztien  borrokarekin espediente hau atzera bota dugu. Negoziazioek bere fruitua eman dute enpresari gogor erantzun diogunean. Enpresak azkeneko egunera arte itxoin du eta azkenean baja inzentibatuak guk planteatu genizkionak eman dizkigu. Lan Ordezkaritzak bigarren espedientea onartu die, baina, kondizio batzuekin:  %40ko lan uztea, kaleratzerik ez egotea abenduaren bukaera arte (guretzako puntu hau garrantzitsuena zen) eta baja inzentibatuak 45 egun eta 42 hilabetekoak ematea.

EHS.- Zein borroka mota egin dituzue?

 

Igor.- Komiteak 12 orduko entzerrona egin du;  3 Kotxe karabana egin ditugu inguruko herrietatik eta Donostiara ere; kontzentrazioak egin ditugu, besteak-beste, Eusko Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritzaren aurrean eta abar, aste baten barruan 2 orduko lan uzteak egin ditugu errelebo bakoitzean eta 4 egun segidan, pankartak jarri ditugu, irratietan elkarrizketak eman ditugu, egunkari guztiei informazioa bidali diegu eta mural bat jarri genuen lantokian, prentsaren errekorteekin. Une guztiak aprobetxatzen genituen langileon artean hitz egiteko eta hurrengo mobilizazioa antolatzeko. Azkenik 3 eguneko kanpaldi bat egin genuen lantegi barruan eta akordio batetara iritsi ginen zuzendaritzarekin.

EHS.- Nola aritu zarete erregulazioari eta kaleratzeei aurre egiten?

 

Igor.- Gauza guztiak asanbladan proposatu ditugu eta langile gehienak ados egon dira.

Adibide bezala lanuzteak %93ko babesa eduki zuten. Langileak baturik egon gara eta hori izan da gakoa. Mobilizazioek garrantzi handia eduki dute zeren azkenean presio horrekin zuzendaritzak gurekin negoziatu egin zuen. Borroka kalera atera genuen zeren azkenean min handia egiten diena zera zen: jendea enteratzea zer egoeratan geunden. Gure kasuan esan ziguten “que imagen estamos dando al exterior”. Garrantzitsua izango litzateke krisian gauden lantokiak elkartzea indar gehiago egiteko eta gure artean elkar lan egiteko.

EHS.- Krisiaren inguruan zer pentsatzen duzue?

 

Igor.- Azkenean krisi honetan langileria da gehien sufritzen hari dena eta enpresek krisia jendea fabriketatik botatzeko erabiltzen ari dira. Gobernuak laguntza gehiago eskaini  beharko lizkioke langileriari eta ez hainbeste bankuei eta enpresei. Sindikatuek lanean eta borrokan jarraitu beha dute. Langileek elkarrekin gauza asko lor ditzakete eta aurrera jarraitu behar dugu. Maitzaren 21eko greba orokorraren balorazioa ona egiten dugu, Artecako langileok egun horretan greba egin genuen. Guk ere zera ikusi dugu denak elkartuta gauzak aurrera atera daitezkeela. Jo ta ke irabazi arte.