2007ko udaran krisi ekonomikoa hasi zenetik unerik gogorrenetako eta zailenetako bat igarotzen ari gara. Baina ez da denentzat une berdina. Banku handiak zenbaki positiboz betetako balantzeak erakustera itzuli dira, eta garai onenetan bezala dibidenduak banatzen dituzte akzionisten artean. Diru publikoa bankuetako emaitza kontuak saneatzeko edo multinazional handiak ehunka milioi eurorekin subentzionatzeko erabiltzen ari dira.

Gobernuak kontzesioak egiten ari dira enpresariei, baina kontzesio guzti hauek ez dira nahikoak burgesiako eta patronaleko sektore zabal batentzat, eta langile klasearen aurkako eraso gehiago eskatzen dituzte. Kapitalistek garbi daukate: gastu publikoa murriztu, langabezia prestazioak murriztu, pentsioen eta osasunaren sistema publikoaren pribatizazioa; kaleratzeak merkatuko lituzkeen eta oraindik legislazio laboralean existitzen den babes legal eskasari amaiera emango liokeen lan merkatuaren erreforma; eta negoziazio kolektiboarekin bukatu, langilearen eta enpresariaren harremanak indibidualizatuz sindikatuak enpresetatik botaz. Testuinguru honetan, agintari sindikalen ardura, borroka alternatiba bat eskaintzeko eta langabetuak, soldatak, zerbitzu publikoak eta enpleguak defendatzeko, inoiz baino garrantzitsuagoa da.

Gorostidin gertatzen den bezala, Euskal Herri osoan enpresariek langile gehiago kaleratzea proposatzen jarraitzen dute. Lehendabizi aldi baterakoen txanda izan zen eta orain langile finkoek jarraitzen diete. Gorostidiko zuzendaritzak EREaren onartzeak enpresaren eta lanpostuen etorkizuna bermatuko zituela segurtatu zuen, baina errealitateak erakutsi du langileak engainatzeko gezur bat besterik ez zela. Une hauetan, Gorostidiko langileak soldaten ez-ordainketa, eta 60 langileren kaleratzearen eta enpresa itxieraren mehatxua jasaten ari dira. Honek arrisku larrian jartzen du 168 langileren eta euren familien etorkizuna, baina baita Gorostidiren enpresa laguntzaileetako langileena ere. Kaleratze masibo batek edo Gorostidiren itxierak dagoeneko sektore industrial murritz bat duen Tolosaldea bati eragingo lioke, arrisku larrian jarriz eskualdeko lanpostuak eta komertzio txikiak ere. Horregatik, ez lirateke soilik Gorostidiko langileak izango, kaleratzeen edo enpresa itxieraren ondorioak jasan beharko lituzketenak.   

Irailean atera genuen eskuorrian esaten genuen bezala, enpresak kaleratzeetara edo enpresa itxierara errekurritzen badu bideragarritasun arazoak argudiatuz, kontu liburuen irekiera exijitu behar da. Enpresak esaten duena egia den kasuan, hau da, enpresa bideragarria ez bada, beharrezkoa da administrazioei langileen kontrolpeko enpresaren nazionalizazioa exijitzea. Bankuak salbatzeko badaukaten diru publikoa lanpostuak salbatzeko erabili behar da. Hau da alternatiba bakarra enpresa itxierei aurre egiteko. Baina hau borrokarekin soilik lortu daiteke. Borrokak ez duela balio esaten dutenentzat, adibide pila bat jarri litezke erakutsiz borrokatzen bada posible dela lanpostuak defendatzea.

Garrantzitsua litzateke Gorostidiko langileek borrokako egutegi bat antolatzea, poligono guztietan eta eskualde osoan euren egoera informatzeko eta mobilizazioak antolatzeko. Gainera, uste dugu Gorostidiko eta eskualde guztiko EREei, kaleratzeei eta enpresa itxierei aurre egiteko modu onena, gatazkan dauden edo arazoak dituzten enpresetako borrokak koordinatzea eta bateratzea dela. Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Arazo berdinen aurrean, langileen indarra biderkatu egiten da mobilizazio bateratu eta koordinatuekin. Hau da bidea, langile klasearen borroka antolatu eta koordinatua.