Azken asteetan langileen soldaten aurkako enpresaburuen ofentsiba handitu egin da. Enpresariek “soldaten moderazioa”  behar-beharrezkoa dela esaten jarraitzen dute. Enpresaburuek, finean, soldatak izoztea eta ondorioz erosteko ahalmena gutxitzea nahi dute.

Enpresaburuek diote “soldaten moderazioa dela enplegua mantentzeko bermerik hoberena”. Hau da, enpresarien ustez, denon ongizatearen aldeko sakrifizio batez ari gara, batez ere, langileen interesen aldekoa. Enpresarien kanpaina honek garrantzi handia hartu du. Dagoeneko izaera ofiziala eta instituzionala du. Kanpaina honetan hartu dute parte OCDEk, Espainiako Bankua bezain instituzio “zorrotzak”, ekonomista ezagunek, bankariek, komunikabide gehienek, eskuineko alderdiek (CIU, PNV eta PPk, azken honek FAES fundazioa buru duela) eta PSOEko sektore batzuk. Sindikatuetako ordezkari batzuk ere erosteko ahalmenaren galera onartzen ari dira; honela, enpresaburuen argudioekin bat eginez.       

Krisia eta soldatak

Krisiari aurre egiteko soldatak jaistea irtenbide bat ez bada, zergatik daude enpresaburuak honetan tematuta? Noski, krisiaren eraginez konpetentzia areagotzearen testuinguruan, enpresariak langileen soldatak jaitsita ekoizpen-kostuak egokitzen saiatzen dira. Baina soldatak murrizteak, berez, ez du enpresariak langileak kalera botatzea saihesten, kapitalistak beharrezkoa baitu ekoizpena krisira moldatzea eta ekoizpena jaitsi beharraren ondorioz langileak kaleratzea. Egungo krisi hau, gehiegizko ekoizpenaren krisi bat da. Horrek esan nahi du kapitalismoa krisi honetatik ekoizpen ahalmen garrantzitsu bat deseginez (kaleratzeak, itxierak) eta berriro merkatua orekatuz irtengo dela. “Egokitze” honek ondorio guztiz desberdinak izango ditu enpresarientzat eta langileen familientzat. Enpresariek irabaziak ondo gordeta jarriko dituzte, hobeto esanda, dagoeneko jarri dituzte, eta aldiz langileek langabezia eta miseria jasan beharko dute.

Benetan gertatzen dena zera da, soldatak jaisterakoan krisia areagotu egiten dela, langileek erosteko ahalmena galtzen baitute eta gogoratu behar da hauek kontsumitzaileen zati garrantzitsu bat direla. Baina, kapitalistak horrela jokatuz ez dira ergelak. Langileek soldata altuak edukitzea ona denaren ideiaz ez ditugu inoiz konbentzituko enpresaburuak. Soldata hobeak borroka eginez lortuko dira soilik. Kontuan hartu behar dugu sistema kapitalista enpresarien etekin pribatuan eta indibidualean oinarritzen dela, ez aberastasuna sortu eta banatzeko interes orokorrean. Kapitalista bakoitzari axola zaiona bere enpresa partikularraren interesak dira, hau da, bere irabaziak. Marxek azaltzen zuen moduan, irabaziak langileei ordaindu ez zaien soldatatik datoz eta irabaziak gehitzea edo mantentzea, besteak beste, langileen soldaten kontura egiten da.

   

Noski, enpresarien ikuspuntutik, soldatak murrizten badira aukera handiagoa dago lehiakorragoak izateko eta merkatuko lehiari baldintza hobeetan eusteko. Horregatik, sindikatuetako ordezkari batzuk enplegua mantentzeko soldata izoztea onartu dute, adibidez, Seat enpresan. Baina, ondoren zer gertatu zen? Hurrengo egunean Ford etxeak ere soldataren murrizketa eskatu zuela. Dinamika argi dago: soldaten murrizketa orokortzen bada, enpresa batek ere ez luke abantailarik izango konpetentzian, baina enpresa guztiek beren irabazietara langileen soldatetatik zati handiagoa transferitzea lortuko dute. Eta krisia? Okerrera egingo du, langileen erosteko ahalmena murrizten delako, ondorioz  kaleratze gehiago eraginez, teorian, soldatak izoztuz saihestu nahi zena. Hau da “kalte txikiena” onartzearen zoritxarreko logika. Dinamika honetan langileok ez dugu ezer irabazteko.

Kapitalismoaren logika, non dago muga?

Noski kapitalisten eskaerek oinarri erreal bat dutela. Zuzenean edo zeharka gobernuari eta sindikatuetako zuzendaritzei esaten ari zaizkie: kapitalismoa onartzen baduzu, bere funtzionamenduaren oinarriak onartu behar dituzu, berdin boom ala krisi garaietan. Bestela esanda: “inbertsiogileentzat baldintza sozialak, ekonomikoak eta politikoak erakargarriak izatea lortu behar da”. Ezin da kapitalismoa onartu eta irabazi indibidual maximoaren legea baztertu. Hau, aldi berean, jabetza pribatuarekin, ekoizpenaren anarkiarekin eta ziklikoak diren krisiekin modu askaezin batean loturik dago. Baina enpresarien beharrek agerian uzten dute beren interesak langileen beharren aurkakoak direla.  Errealitatean, kapitalistentzat baldintzak zenbat eta “erakargarriagoak” izan, langileriaren baldintzak orduan eta okerragoak izaten dira.

Inbertsioa “erakargarria” egiteko soldatak jaitsi egin behar dira. Hori bakarrik? Ezetz esango dute kapitalistek. Negoziazio kolektiboaren eskubidea desegin behar da eta enpresariaren eta langilearen arteko akordio indibiduala ezarri. Hori bakarrik? Ez. Enpresariek kotizatu behar dutena gutxitu egin behar da eta horren ordez BEZa igo. Hau, lanaren errenta enpresarien errentara aldatzeko beste modu bat da. Enpresariek zergetan aurrezten duten guztia langileok ordaindu behar dugu kontsumo prezioen igoerekin. Hori bakarrik? Ez, honela mugagabeki jarraitu ahal izango genuke.

Marxek zioen “...kapitalistak soldatak murrizteko eta laneguna luzatzeko etengabe borrokatzen du, langileak beti kontrako norabidean egiten duen bitartean. Kontua beraz, aurkako indarren auzira laburtzen da”. Hau da soldaten balioa determinatzen duen borroka erreala eta bizia. Horregatik, enpleguaren, ekonomiaren eta gizartearen interes orokorraren alde hitz egiten duten bitartean, Estatuaren errepresiorako, demokraziaren kontrako gero eta lege gehiago prestatzen dituzte, eta arrazismoaren demagogia eta gorroto nazionala erabiltzen dute langileak zatitzeko eta hauen erantzuteko ahalmena murrizteko.  

Kapitalistaren eskaerak ez dira lege ekonomiko iraunkor bat, klase baten eskaera partikular bat baizik, klase kapitalistarenak, non kapitalismoaren gainbeheran irabaziak mantentzeko helburu bakarra duen, gizarteari aurrerapen bakar bat ere ekarri gabe. Krisi honek nabarmentzen digu erdipurdiko politika bat ez dela posible. Sozialdemokraziaren aldekoek egiten duten moduan, kapitalismoa posible den sistema bakar bezala onartzen bada, kapitalismoak inposatzen dituen baldintza guztiak defendatzen bukatzen da. Horrela, “kalte txikienaren” taktikak, kapitalisten eskaerak lege unibertsal bezala onartzea suposatzen du eta ondorioa langileriaren eta gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak etengabe okertzea da.  

           

Hortaz, ezin dugu onartu soldata jaitsierarik, kaleratzerik edo diru publikoa kapitalistei oparitzerik. Kapitalisten asmoei aurre egin behar diegu langile guztiak borrokan elkartuta: lana duten eta ez duten langileak, langileak eta gazteria, lantoki eta nazio guztietako langileak eta etorkinak. Dagoen lana denen artean banatzearen alde borrokatu behar da, lanorduak murriztuz soldatak jaitsi gabe. Langabetu bakar bat ere ez langabezia sorospen mugagaberik gabe. Bankariei ematen ari zaien diru guztia azpiegitura sozialetan, ospitale berrietan, eskola, parke eta astialdirako zentro publikoetan inbertitzea eskatu behar dugu.

Kapitalisten aurkako borroka honetan langileok abantail handi bat dugu: gure kopurua eta gure papera ekoizpenean. Gizarteak kapitalistarik gabe funtzionatu dezake baina langilerik gabe ez. Nahikoa da! Demagogia gehiago ez! Gizartearen gehiengoarentzat bizitza duin bat ematea kapitalari “erakargarria” ez bazaio egiten, ez dago arazorik: langile klaseak askoz ere hobeto zuzendu dezake gizartea bankari eta enpresariek baino. Baina, gako nagusia hau da: kapitalisten erasoen aurka langileek duten indar guztia bideratzea oztopatzen duena langile alderdiek eta sindikatuek benetako programa sozialista bat ez edukitzea da.

Krisiaren aurrean, bankaren eta ekoizpen indar handien desjabetzea! Langileok ekoizpen indarrak kontrolatzen ditugunean bakarrik jarri ahal izango ditugu gizarteko gehiengoaren zerbitzura. Gizarte sozialista izango da orain lortzen ditugun konkista guztiak bermatuko dituen bakarra, krisiarekin, langabeziarekin eta soldata kaxkarrekin betirako bukatuko duen bakarra.