Datozen asteetan areagotu egingo dira langile klasearen aurkako erasoak. Horietako larrienetakoa hitzarmen kolektiboaren erreforma izango da, langileen aurkako eraso historiko berri bat suposatuko duena. Pentsio erreforma babestu ondoren, CCOO eta UGTko agintariek ilusio eta esperantza handiak zituzten CEOE patronal espainiarrarekin akordio berri batera iristeko hitzarmen kolektiboaren erreforman. Itxuraz horren ondo zihoan negoziazioa hautsi egin da, CEOEk egindako eskaera gogorregiengatik CCOO eta UGTko agintarien iritziz.

Agintari sindikal hauek, ordea, ez dute gehiegi esango patronalaren eskaera larri asko bata bestearen atzetik ari zirela onartzen. Ezberdintasuna hauxe da: bankari eta enpresariek garbi dauzkate beren helburuak eta indartsu jokatzen dute, baina CCOO eta UGTko agintariek uste zuten hitz goxoekin patronala konbentzitu egingo zutela langileen aurka eraso “gogorregiak” ez hartzeko. Patronalak, PPk udal eta foru hauteskundeetan ateratako emaitza onekin eta CCOO eta UGTko agintarien politika desmobilizatzailearekin animatuta, ez zuen arazorik izan neurri are gogorragoak eskatzeko. Orain, PSOEren gobernuak, bere oinarri sozialaren aurrean gehiago errez, hitzarmen kolektiboaren erreforma dekretatuko du.

 

Kapitalisten interesen ikuspuntutik, ordea, neurriak hasi besterik ez dira egin. Krisiak jarraitu egingo du eta azken urteetan pilatu diren kontraesanak, batik bat administrazioen eta bankuen zor erraldoiak, ez dira inolaz ere konpondu. Bankari eta enpresariek krisiaren desoreken pisu guztia langile klasearen bizkar gainean jarri nahi dute. “Aditu” askok dioenez, “erreforma estrukturalak” lehenengo fasean bakarrik daude. “Merkatuen” presioak bultzatuta aurrekontuen murrizketa gehiago etorriko dira eta beste hainbat gauzen artean osasunari eta hezkuntzari eragingo diete. Sistema finantzario espainiarra edozein unetan lehertu daiteke eta burbuila inmobiliarioaren leherketak utzitako zuloen kargu Estatua egitea da bankarien plana. Aberastasun sozialaren eta soldaten erabateko lapurretaren aurrean gaude, eta dena gutxiengo baten irabaziak handitzeko.     

Leherketa sozialak gertatzeko baldintzek pilatzen jarraitzen dute. Estatu espainiarrean eta Katalunian (indar gutxiagorekin Euskal Herrian) ikusi den M15 mugimendua delakoa aurrekari bat da. Berdina esan genezake Katalunian osasun eta hezkuntza publikoaren murrizketen aurka antolatzen ari diren mobilizazio masiboez ere. Datorren urteko Estatu espainiarreko hauteskundeak PPk irabazita, erraz pentsa dezakegu, antzeko gertakariak behin eta berriro ikusiko ditugula. Euskal Herriko, Kataluniako, Estatu espainiarreko eta Europa osoko langile eta gazteak gero eta garbiago ikusiko dute krisi kapitalistari alternatiba bilatzearen beharra.    

Iraganeko leherketa sozial eta iraultzetan bezala, gazteriaren papera oinarrizkoa izaten ari da mobilizazioetan. Herri arabiarretan, Grezian, M15 mugimenduan… beraiek izan dira borrokari hasiera eman diotenak. Baina aldi berean, ikusten da langile mugimendua ez bazaio gehitzen gazte mugimenduari borroka hanka motz geratzen dela. Langile klasearen papera oinarrizkoa da erasoen aurkako borrokan. Herri arabiarretan, adibidez, oinarrizkoa izan zen langile klasea borroketan parte hartzen hastea Ben Ali edo Mubarak bezalako diktadoreak botatzeko. Berdina esan genezake Estatu frantziarreko, Portugalgo eta Greziako esperientziei buruz. Langileak, beren borroka metodoen bitartez, greba orokorrarekin eta bizi ekonomikoaren paralizazioarekin, fabriken okupazioarekin eta batzar demokratikoekin, gai dira kapitalisten eraso gogorrei aurre egiteko.

Horregatik, orain arte antolatu diren greba orokorrei jarraipena emanez beharrezkoa da sindikatuek hitzarmen kolektiboaren erreformaren aurkako greba orokor berri bat deitzea. Lan erreformari, pentsio erreformari, hitzarmen kolektiboaren erreformari, eta osasun eta hezkuntza publikoaren aurkako erasoei aurre egiteko beharrezkoa da gehiagora joango den mobilizazio eta greba plan bat. Garbi geratu da orain arte antolatutako greba orokorrak, nahiz eta oso pauso garrantzitsu izan ziren, ez zirela nahikoa izan erasoak atzera botatzeko. Beraz, beharrezkoa da kapa berriak mobilizaziora erantsiko dituen eta sendotasun gehiago emateko denboran luzatuko den estrategia. Kapitalismoaren krisia eta honen ondorio larrien aurka borrokatzeko langileen adierazpen antolatua diren greba orokorrek gainera, programa antikapitalista eta sozialista baten defentsa izan behar dute ardatz. Sistema ustel honen erasoekin bukatzeko modu bakarra sozialismoaren alde borrokatzea da, banka eta monopolio handiak langileen kontrolpe demokratikoan desjabetuz. Modu honetan langabeziaren eta pobreziaren amesgaiztoa ezaba genezake eta hezkuntza, osasuna eta zerbitzu publiko eta duinak bermatu.