Martxoaren 8a data garrantzitsua izan da urteetan zehar munduko emakume borrokalarientzat. Emakumearen egun internazionalak bere jatorrietatik gaurdaino lotura estua izan du langile klasearen eta sozialismoaren aldeko borrokarekin

Gaur egun, emakumearen askapen borroka iraultzaile honi bere edukia arintzea, erabat ‘deskafeinatzea’, eta berez behar duen klase ikuspuntua kentzea akats larria da, soilik langile klasearen borrokaz, emakume eta gizonak baturik, izango baita posible zapalkuntza honekin amaitzea. Noski badakigu urteko egun bat ez dela nahikoa borroka hau aurrera eramateko, Clara Zetkinek ere ondotxo zekien hau, baina egun honek indarrak batzeko, kalera ateratzeko, oihartzun handiagoz borrokatzeko eta datorren urtean gogorrago ekiteko balio badu ongi etorria izan dadila martxoaren 8a mundu osora.

Emakume langileak kapitalismoaren sorreretatik bertatik behin eta berriz atera izan dute bere ahotsa kalera dagozkien eskubideak eta behin betiko askapena lortzeko. Iraganean, klase gizarteak emakumeak politikoki indiferenteak izatera, ez antolatzera eta batez ere pasiboak izatera behartzen bazituen ere hau aldatu egin da emakumeak gizartean jokatzen duen papera aldatu den heinean. Kontuan hartu behar dugu emakumeen enplegua bere baitan oso elementu aurrerakoia izan dela giza garapenaren ikuspuntutik, etxeko eta familiako muga itogarrietatik ateratzeaz gain, gizarteko produkzio moduan generoen paper ezberdina ezabatzeko lehen aurrerapauso objektiboa baita. Baina kapitalismoan burgesiaren interes pribatuek agintzen dute gizakiaren garapenaren osoaren aurka.

 Burgesiarentzat emakume langilea ez da erreserbako eskulan merkearen besterik, baldintza gogorragoak jasaten ditu lantokian bezala bizitzako beste hainbat aspektuetan ere. Emakumeen langabezia arazo handia da benetan, bikoiztu egiten du gizonen langabezia. Lan egiten dutenek berriz soldata txikiagoa irabaztera eta lan baldintza kaxkarragoak onartzera beharturik daude. Orokorrean, lan beragatik %30 gutxiago irabazten dute eta lan kontratuak aldi baterakoak eta prekarioak izan ohi dira. Argi dago ordea emakume langileen borroka lantokiko langile guztiena dela aldi berean. Langile talde batek soldata txikiagoak onartzen baditu bai emakume, gazte edo emigrante izate hutsagatik, honek ondorio kaltegarriak ekartzen ditu, soldata eta lan baldintzak jaitsiz, lanorduak luzatuz edo lanpostuak kolokan jarriz, eta garrantzitsuena, langile mugimendua zatitzen laguntzen diote enpresariari. Honen aurrean sindikatuek ozenki aldarrikatu behar dute ‘lan beragatik soldata bera’ kontsigna, emakume langileak sindikatuetan antolatzea bultzatuz, langile klasearen borrokan emakume eta gizonek inolako mugarik gabe batzea oinarrizko baldintza baita gizarte kapitalistak sortzen dituen kontraesan guztiak ezabatzeko.

Emakumearen arazoak ez dira fabrika edo bulegoan amaitzen, etxera eta gizartera zabaltzen dira. Askotan esklabutza bikoitza sufritzen du, lantokikoa eta ‘bigarren txandakoa’ etxean. Familiako erlazioak erabat distortsionaturik daude kapitalismoaren dekadentzia dela eta, geroz eta egoera larriagoan aurkitzen dira. Langile familia askoren arazo handienak denbora falta edo oinarrizko baliabide ekonomiko falta izan ohi dira; bikote asko ez dira familia bat sortzera ausartzen, seme alabentzat etorkizun dezente bat bermatzeko gauza ez direlako. Hau kapitalismo modernoaren kontraesan nagusietako bat da. Zientzia eta teknologiaren aurrerapenak pertsonen biziak goitik behera hobetzeko gai diren garai hauetan, denok jateko lain produzitzen denean, langileok ekonomia planifikatu batez gure lan baldintzak hobetzeko eta laneguna motzagoa egiteko aukera daukagunean; hau da, gizakien garapena imajina ezin diren mugetaraino eramateko baldintza objektiboak mahaiaren gainean daudenean, era guztietako miseria, krimen eta triskantzak ikusten ari gara egunero.

Argi utziko dugu marxistok eskubideen berdintasunagatik klase ikuspuntutik borrokatzen dugula. Gure helburua ez da zapaltzen gaituen enpresaburua emakumea izatea, honelako eskakizunek erabat erreakzionarioak izateaz gain ez baitute oinarrian dagoen gaitza konpontzen. Akaso Condoleezza Rice Estatu Batuetako idazkariak duen postuak herrialde honetako arrazakeriaren eta emakumeen zapalkuntzaren arazoekin amaitu al du? Akaso honengatik zerbait egiten ahal du berak? Katrina urakanak milaka familia etxe gabe eta hiltzorian utzi zituenean, emakume hau Manhattaneko luxuzko zapata denda batean zegoen, herritarrek ‘lotsagabea’ oihuka atera zuten arte. Sozialisten helburua, jaiotzatik edo aberastasunetatik datozen pribilegio guztiak abolitzea da, emakumeen zapalkuntza eta aurriritzi matxista guztiak langile klaseko gizonek ere indartsu borrokatu behar dituzte, langile klasearen batasun osoa lortzea ezinbestekoa baita.