Raxoiren gobernuak onartutako lan erreformaren ostean, PPko agintari batzuk hartutako erabakia, oraindik indarrean zegoen “lan harremanetarako marko frankista” modernizatu eta berritu beharra zegoenaren aitzakia moduan erabili zuten. Oraindik bultzatu egiten da frankismoak langileak babesten zituenaren ideia. Errealitatea, baina, oso da bestelakoa. Frankismoak helburu garbiak zituen, eta hauen artean zen langile klaseak urteetako borrokaren bidez lortutako konkista eta eskubide sozial oro desagerraraztea. Modu honetan, enpresariek eskulan merkea arazorik gabe lortzeko aukera erraztu zuen, kapitalistentzat paradisua sortuz espainiar estatuan. Horrela, hirurogeigarren hamarkadan, espainiar estatua enpresa multinazional handi askoren jo puntu bilakatu zen eta izugarrizko inbertsioak egin zituzten bertan: lan baldintza pentsaezinak lortzeko aukera zeukaten, eta hau ezinezkoa zen Europako gainerako herrialdeetan lortzea.

 

Frankismo garaian lortutako eskubide apurrak, borroka eta mobilizazio bidez lortu ziren, eta langile klaseak gogotik ordaindu zituen: hilketak, espetxe zigorrak, kaleratzeak eta mota guztietako errepresioa. Diktaduraren aurkako borroka iraultzaile hauxe izan zen, azken finean, Gobernu eta enpresariak langileei kontzesioak egitera behartu zituena, mobilizazioak geratu eta edozein unetan lehertu zitekeen iraultza geratzeko asmo garbi eta bakarrez.

Zehazki, langile klasearen presioaren ondorioz, erregimen frankista bere ahuleziak erakusten hasi zenean, PPk orain deuseztatu nahi dituen lorpen eta eskubide gehienak lortu ziren. Hirurogeigarren hamarkadaz geroztik, langile klasearen borrokak kutsu politiko nabaria izan zuen. Erregimenak edozein mugimenduren aurrean zuen errepresio gogorrak langile klasea batzea lortu zuen eta garaitu beharreko etsai moduan identifikatu zuten erregimen frankista. Aldarrikapen politikoak, hala nola, greba eskubidea, Sindicato Vertical deuseztatzea, presoen askatasuna… orokortu egin ziren berehala. Horrela giro aurreiraultzaile bat sortu zen, eta bere puntu gorena 1975 eta 1976ko greba uholdeekin izan zuen. Hau ikusita, enpresariak beldurrez, langileei kontzesioak egitera behartuta sentitu ziren, beraien irabazien zati bat sakrifikatu zuten guztia ez galtzeko. PSOE, PCE eta sindikatu handietako zuzendaritzen akordioen politikak ahalbidetu zuen burgesia eta sistemak bizirik jarraitzea.

Behin espainiar estatuan kapitalismoa egonkortu ostean, burgesia nahikoa indarrekin ikusi den une orotan saiatu izan da galdu zituen pribilegio haiek berreskuratzen.

Nork ordaintzen ditu osasun eta hezkuntza publikoa?

Burgesia uneoro saiatzen da eskubide sozialak, osasuna eta hezkuntza esaterako, langileoi egindako kontzesio moduan irudikatzen. “Ongizate Estatuaren” aurkako ofentsiba honekin, finean, gizartearen aberastasuna langile klasearen esfortzu eta lanaren ondorio zuzena dela ezkutatu nahi da. Azken batean, gure soldatak hobetzearen alde borroka egiten dugunean, zerbitzu sozialen aldeko defentsa egiten dugunean bezalaxe, enpresariak bere egiten duten geure eskulanaren produktu kolektiboa errekuperatzeko borroka eta saiakera egiten dugu.

Nola da posible laurogeigarren hamarkadan ezarritako osasun eta hezkuntza sistemak gaur egun bideragarriak ez izatea? Ez al da gaur egungo ekonomia orain dela hogeita hamar urtekoa baino askoz ere produktiboagoa? Ez al dugu langileok orain hiru hamarkada baino askoz ere eskulan aberatsagoa sortzen? Beraz, ez da baieztapen zuzena osasun eta hezkuntza sistemak jasangarriak ez direla esatea. Gertatzen dena hauxe da: sortutako aberastasun guztia beste norabait zuzendu nahi du burgesiak, hala nola, bankuek sortutako zulo izugarria estaltzera.

Langileen eskubide sozialak bermatuko lituzken euro bakoitza, ihes egiten dien onura potentzial bezala ulertzen dute enpresariek. Hezkuntzan edo osasunean gastatzea burgesiarentzat baliorik ez duen diru xahutze antzu bat besterik ez da. Hori dela eta, 1973-74an jasandako krisiaz geroztik, garatutako herrialde kapitalistetako burgesiak, Bigarren Mundu Gerraren ostean lorturiko aurrerapen sozialak behin eta berriz zapuzten saiatu dira. Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu behar, gerraren osteko boom ekonomikoan langile klasearen bultzada iraultzailea izan zela Sobietar Batasuna sendotzearekin batera, garai horretan sortu zen aberastasunaren zati bat, “Ongizate Estatua” delakoa eratzeko erabili izanaren faktore erabakigarriena.

Agintari erreformistek hala uste badute ere, burgesia ez da menderatzen sakrifizio txikiak onartuaz eta langile klaseari dagozkigun eskubideak partzialki emanaz. Herri greziarraren egoera tamalgarria, milioika langile gaur egun bizitzen ari diren eguneroko tragedia, kapitalistek onura ekonomikoak lortzeagatik egitera irits daitezkeenaren abisu bat besterik ez da.

Trantsizioa eta eskubide sozialen borroka

Diktaduraren amaierako urteetan lan gatazka etengabeak egon ziren, eta oinarrian erregimenaren amaiera aldarrikatu eta eskubide demokratikoak lortzearekin loturik zeuden. Errepresioa gogortu bazen ere, borroken intentsitatea areagotzeak, hainbat arlotan konkista handiak lortzea ekarri zuen langileentzat, besteak beste, soldatetan, lan eskubide eta lan baldintzetan. Soldatari dagokionez, trantsizio garaiko lorpenak ikusgarriak izan ziren. 1973an hasitako krisia presente bazegoen ere, kapitalistei beren irabaziei muzin egin eta soldata igoerak onartzea beste aukerarik ez zitzaien geratu, horrela mobilizazio sozialak gelditzeko asmotan. 1975 eta 1978 urteen artean, Gutxieneko Soldata Interprofesionalak %96ko igoera izan zuen eta hitzarmen kolektibo gehienetan urtetik urtera erosteko ahalmen erreala irabaziko luketen soldata errebisio bat ekarriko zuketen klausulak ezarri ziren.

Kaleetan bizi zen ezinegon sozial hura ez zen bere kabuz itzali. Horretarako PSOE eta PCEko agintarien papera ezinbestekoa izan zen, langileak Moncloako itunak onartzera behartu baitzituzten. 1977ko sinadura honek, PSOE eta PCEko zuzendaritzak burgesiaren aurrean makurraraztea suposatu zuen, eta ondorioz, askatasunaren aldeko borroka hari askapen nazionalerako eta sozialismorako bidea oztopatzea.

Langile klaseak zuen borrokarako grina behin eta berriro azaldu arren, zuzendaritza iraultzaile baten faltak, lortutako konkistak eta aurrerapenak mugatu zituen. Honen adibide garbia izan da 1980an onartu zen Langileen Estatutua. Langileen borrokaren bitartez lortutako eskubideak sartu behar izan zituzten bertan. UCDren gobernuak eta patronalak, puntu oso garrantzitsuetan amore eman behar izan zuten eta horrexegatik jasan ditu ondoren Estatutuak horrenbeste erreforma; benetan “lan harremanetarako marko frankistari” amaiera eman zion lorpena izan baitzen.

Historia hurbilak argi erakusten digun moduan, bere boterea arriskuan jartzen duen mugimendu sozialaren aurrean bakarrik ematen du amore eta ematen ditu eskubideak. Horregatik, langileen eta gazteen mobilizazioak matxinada sozial batean bihurtuz gero, kapitalismoaren erasoak geldiarazteko gai izango gara. Norabide horretan bultzatzeko ordea, langile eta gazte ezkertiarrak, marxismoaren ideietan oinarritzea eta biltzea ezinbestekoa da, egun, sistema kapitalistari aurre egiteko eta erantzun bat emateko alternatiba bakarra baita.