Orain dela egun gutxi, CCOO eta UGTko zuzendaritzek publiko egin zuten datorren azaroaren 14rako greba orokorraren deialdia. Egun horretan bertan grebara aterako dira Portugalgo langileak eta seguruenik Grezia eta Txiprekoak ere. Gainera, Europa osoan zehar mobilizazio orokorrak izango dira egun horretan.

 

Garrantzitsua da mota honetako ezaugarriak dituen greba batean parte hartzea. Muga nazionalen gainetik Europako langileak borrokan elkartzea beharrezkoa da gobernu kapitalisten neurriei aurre egiteko. Gainera, aukera bikaina da Europako langile klasearen indarra eta borroka bateratua mahai gainean jartzeko. Horregatik, gure ustez, beharrezkoa da LAB eta ELA sindikatuak greba honetara gehitzea, Euskal Herriko langile klaseak ere Europa mailako borroka honi bere babesa eta indarra eman diezaizkion.