Alternatiba iraultzailea eraikitzeko, batu zaitez Ezker iraultzailera!

Sistema kapitalistak gizateria irtenbiderik gabeko kale itxi batera darama. Gerra inperialistak eta eragiten dituzten sarraski eta heriotzak, Europara iritsi nahi duten milioika errefuxiaturen aurkako jazarpena kontzentrazio esparruetan pilatuz, ingurumenaren suntsiketa, herrialdez herrialde gehiengo zabalak jasaten duen miseria eta gosea… Planeta osoan zabaltzen ari da basakeria. Eta hori guztia gertatzen da, hain zuzen ere, gizateriarentzat bizitza duina bermatzea erabat posible denean, dauden aberastasun, teknologia eta baliabideak erabiliz.

Errealitate honen aurrean, kapitalismoaren logikara makurtzen diren gobernuek, izan eskuinekoak edo izan “sozialdemokratak”, murrizketa sozialen politika basatiak inposatzen dituzte, langabezia kronikoa, prekarietatea eta aurrekaririk ez duen desberdintasun soziala ezarriz. Sistema kapitalistak ez du sufrimendua ez den bestelako alternatibarik eskaintzen.

Burgesiaren bozeramaileak eskura dituzten baliabide guztiekin saiatu dira marxismo iraultzailearen ideiak behin eta berriz lurperatzen, baina, hain zuzen ere, ideia horiek bakarrik erakutsi dute hondamendi hori azaltzeko eta langile klasearentzat eta gazteriarentzat alternatiba planteatzeko gaitasuna.
Etengabe esaten zaigu toki guztietatik ez dela posible beste sistema bat eta ez dagoela indarrik gauzak aldatzeko. Horren aurrean, munduko zapalduak altxamendu, greba eta iraultzak egiten ari dira mundu zabalean gaur egun: Latinoamerikatik hasita, Hong Kong, arabiar herrialdeak edota Estatu Batuetan. Krisi kapitalistaren esperientziak aurrerakada ikaragarria eragin du kontzientzian eta amesgaizto honekin amaitzeko borrokarako indarra zabaldu du.

Egoera eraldatzeko, ezinbestekoa da arazoaren sustraira jotzea: sistema kapitalista da jasaten dugun zapalkuntza eta miseria eragiten duena. Gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatu behar dugu, kapitalista handiak desjabetzeko, bankuak eta ekonomiaren palanka nagusiak nazionalizatzeko langileen kontrolpe demokratikoan; sortzen dugun aberastasun ikaragarri hori gehiengoaren eskura ezartzeko eta ez gure kontura urrezko egiten diren enpresari eta bankarientzako. Langile klaseak eta gazteriak indar izugarria dugu eta gure baimenik gabe ez da ezer mugitzen gizartean. Baina indar horrek antolakuntza eta programa iraultzailea behar ditu.

Ezker Iraultzailetik hamarkada bat baino gehiago daramagu marxismoaren ideiak tinko defendatuz gure aldizkarian – Euskal Herria Sozialista-, baita ere gure programa praktikara eramaten langile klasearen eta gazteriaren artean eta alternatiba iraultzailea eraikitzen. Ale honetan aldizkariaren formatu berria aurkeztu dugu eta webgunea ere berritu dugu. Guretzat aurrerapauso garrantzitsua da. Harro gaude, ideia horiek hamarkada honetan jaso duten babesa adierazten baitute eta hori zabaltzen jarraitzeko asmo tinkoa eta ilusioa dugu.

Artikulu zerrenda

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.