Kaleko mobilizazioan oinarrituko den ezker borrokalaria behar dugu

Azaroaren 10eko hauteskunde deialdiak agerian utzi du 78ko erregimenak bizi duen krisi sakona: lau urtetan lau hauteskunde orokor. Burgesia espainiarra egonkortasun politikoa ezarri ezinik dabil, eta horrek izugarri zailtzen dio langile mugimenduaren eta eskubide demokratikoen aurka aurrera eraman nahi duen agenda gauzatzea.

Joan den apirilaren 28ko hauteskundeen ondoren, eskuineko blokea gobernua osatzeko aukerarik gabe geratu zen. Ezkerreko oinarri sozial eta elektorala eskuineko gobernua eragozteko helburuarekin joan zen bozkatzera. Lan erreformekin, prekarietatearekin eta miseriazko soldatekin amaitu beharra zegoen, baita Catalunyan 155a aplikatzearekin, Mozal Legearekin eta frankistez leporaino dagoen Estatuaren errepresioarekin ere. Catalunyan eta Euskal Herrian ezker independentistek jaso zuten bozka masiboak PP, Cs eta Vox zuzenean kolpatu zuten, eta erakutsi zuten gazte eta langile askorentzat duen garrantzia autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka, murrizketen aurkako borrokarekin elkartzeak.

PSOE 155aren buruan

PSOEko buruzagiek argi utzi dute ez daudela prest Rajoyren gobernuen murrizketa sozialei eta kontraerreformei atzera buelta emateko. Unidas Podemosekin koalizio gobernua eratzeko negoziazioen porrotak azalpen argia du: nahiz eta Pablo Iglesias asko saiatu den argi uzten erantzukizunez jokatzen dakien alderdia direla, eta gobernuan postu bat lortzearren prest daudela beren programako puntu asko alde batera uzteko —autodeterminazio eskubidea barne—, burgesiak ez du nahi kaleko presioa jaso dezakeen elementurik gobernuan. Egoera erabat kontrolatu nahi du.

Kapitalista handiek ondo gogoan dute oso bizirik dagoela oraindik azken urte hauetan kaleak hartu dituen altxamendu soziala —78ko erregimenaren krisia eragin duena—. Mugimendu feminista, pentsionistak, aldaketa klimatikoaren aurkako gazteen borroka, lantokietako eta hitzarmenetako gatazkak, Catalunya… Ezbairik gabe kaleko mobilizazio indartsua izan da hamarkada honetako protagonista, aurreko urteetan izandakoak kontuan hartuz; greba orokorrak, M15a, osasungintza eta hezkuntzako mareak, duintasun martxak… Atzeraldi ekonomikorako, gerra komertzialerako eta austeritate gehiago inposatzeko prestatzen ari diren honetan, botere ekonomiko handiek klase agintariaren neurriak aplikatzeko gai izango den gobernua nahi dute, ahalik eta bake sozial bareena bermatzearekin batera: PSOE oso prest dago eginkizun hori hartzeko.

Sánchezen alderdiak hauteskunde kanpainako bandera nagusi bilakatu du España defendatzea. Ez dute inolako zalantzarik utzi. Ikusi besterik ez dago beren  hauteskundetako leloa, Orain gobernua, orain Espainia!, eta 155a berriro aplikatzeko egin dituen etengabeko mehatxuak. Beldur dira Kataluniako herriaren eta errepublikaren aldeko borroka zabaldu ote daitekeen. Horregatik, preso politikoen epaia erabili nahi dute zigor eredugarria emateko langile klasearen eta gazteriaren osotasunari.

EAJ erregimenaren alde eta Kataluniako herriaren eta langile klasearen aurka

EAJk ere izu handiz begiratzen dio Kataluniako herriaren borrokari. Kosta ahala kosta eragotzi nahi dute eredu hori Euskal Herriko gazte eta langileen borrokaren pizgarri bilakatzea. Ondo baino hobeto dakite, hemen ere Kataluniako altxamendua eragin duten elementu berberak daudela: krisi ekonomikoaren ondorio ikaragarriak, eurek aplikatu dituzten murrizketa eta pribatizazioak eta erregimenaren izaera frankistak eta errepresioak eragin duen haserre zabala.

Horregatik, Procèsarekin berriro ere distantzia hartu eta bat egin du eskuin espainolistaren kanpainarekin Kataluniako herriaren borroka kriminalizatzeko. Aitor Estebanek zera zioen: “Kataluniako instituzioek CDRei esan behar die indarkeria ez dela onargarria”. Horixe bera da betidanik Euskal Herrian egin dutena: errepresioari, “dena ETA da” tesiari eta orain muntaia honi estaldura errepresiboa ematea. Jeltzaleek argi utzi dute non kokatzen diren: 78ko erregimenaren defentsan eta kapitalista espainol nahiz katalanen alboan, autodeterminazio eskubidearen aurka eta errepublikaren aurka.

EAJri berehala ahitzen zaizkio aurrerakoi itxura egiteko ahalegin demagogikoak, kaleko borrokak kareta kentzeko estutzen dituenean. Bizkaiko metaleko langileen borroka itzelaren aurka ere jo dute. Zalantzarik gabe, borroka hori eredugarria da Euskal Herrian dauden gatazka eta greba guztientzat eta ezin dute hedatu dadin onartu. Patronalaren alde kokatu izanak eta greban dauden 50 mila langileren aurka Ertzaintzaren errepresioa bidaltzeak begi bistan utzi dute berriro ere zein diren EAJren benetako interesak.

Bi adibideak aurrekari bat baino ez dira. EAJ erabat konprometiturik dago eta oso urrun iristeko prest 78ko erregimena eta enpresari handien eta banakarien interesak defendatzeko orduan.

Kaleko borroka! Alternatiba iraultzaile baten alde

Hauteskunde orokorretan zein udal eta foru hauteskundeetan, komunikabide askok EAJren emaitza onak ospatu zituzten. Baina Euskal Herria Sozialista aldizkarian azaltzen genuen guztiz oker zeudela hortik ondorioztatzen bazuten EAJk egoera kontrolpean zuela eta borroka soziala ahulduta zegoela. Ortuzarrek jeltzaleentzat eskatu zuen “euskal kabreoaren bozka”. Baina Euskal Herriko gazteen eta langileen haserrea geroz eta gehiago da EAJren aurkakoa. Langile borroka geroz eta zabalagoa da, grebak bata bestearen atzetik gertatzen dira eta garaipen garrantzitsuak eskuratu dira langileen eta mobilizazioen irmotasunari esker. Borroka feministak, pentsionisten mugimenduak eta Altsasuko gazteen aldeko mobilizazio historikoak indar itzela erakutsi dute.

Irmotasun eta indar hori da kaleko borrokaren bidez ezkerreko alderdiek bultzatu beharko lukeena. Hauteskundeetan eta instituzioetan EAJk abantaila nabarmena izan du: EHBildu eta Podemosen zuzendaritzen aldetik egin ez den aurrez aurreko oposizio tinkoa. Jeltzaleen politika irmotasunez salatu beharrean eta kalean erantzuna bultzatu beharrean, beren ahalegin guztiak instituzioetan jarri dituzte, eta EAJrekin aliantza eta itunetara iristeko ilusioak sortu dituzte. Baina botere handien ordezkariekin aliantzak egiteak ez du inoiz irtenbiderik eskainiko langile klasearentzat. Prekarietatearen, ustelkeriaren eta errepresioaren arduradun zuzenak dira. Behar dugun aliantza langile klasearen eta gazteriarena da, mugimendu bakar batean elkartuz murrizketen eta kaleratzeen aurkako eta autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokak.

Aldaketa sozial sakonak borrokaren eta antolakuntzaren bidez lortzen dira. Apirilaren 28an eskuina garaitu genuen eta beharrezkoa da azaroaren 10ean kolpe berdina ematea. Baina azken hilabeteetan gertatu denak argi erakusten du klase agintaria ofentsiba gogorrerako prestatzen ari dela eta PSOE nahiz EAJ erabiliko dituela hori aurrera eramateko.

Ondorioa argi dago: alternatiba iraultzaile bat behar dugu, ezker borrokalari bat, sustrai indartsuekin langile mugimenduan eta klaseko sindikatuetan, ikastetxeetan eta mugimendu sozialetan.

Borrokatzeko eta antolatzeko garaia da. Batu zaitez Ezker Iraultzailera!

banner altsasu

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.
Informazio gehiago Ados