78ko erregimenaren eta errepresioaren aurka, bide bakarra masen mobilizazioa eta politika iraultzailea da

Euskal presoen defentsan lan egiten duten 47 auziperatuen aurkako 11/13 sumarioa irailaren 16ean bertan amaitu zen akordio batekin, Audientzia Nazionalean epaiketa hasi eta ordu erdira. Akordioa, alde batetik fiskaltzak eta AVTren eta Dignidad y Justiciaren akusazio partikularrek eta bestetik 47 auziperatuek onartu zuten. Adosturikoak izugarri murrizten zituen kartzela zigor eskaerak, akusatuek kargu guztiak onartzearen truke: erakunde terroristan aktiboki parte hartzea, terrorismoari jarraian gorazarre egitea eta terrorismoa finantzatzea. 47etatik, Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak igaro beharko dituzte bost hilabete kartzelan, “buruzagi” gisa epaitu izanagatik. Gainontzekoek ez dute espetxetik pasa beharko 2 urtez azpiko kartzela zigorrak dituztenez, nahiz eta inhabilitazio absolutua ezarri zaien kargu eta enplegu publikoetara jotzeko.

Akordio hori Espainiako Estatu aparatuaren xantaiaren baitan eman da, 47 pertsona mehatxatuz fartsa judizial batean 8 eta 20 urte bitarteko kartzela zigorretara. Noski, epaiketa aurrera eramango zuen azken ondorioetara arte, nahiz eta gertaerak ezin frogatu. Atxiloketak 2013 eta 2015 artean eman ziren, ETAk 2011ean armak utzi zituenetik denbora askora. Altsasuko kasuan eta beste hainbatetan bezala, sumario honen helburua Ezker Abertzalea eta euskal gazteria kriminalizatzen jarraitzea zen, Estatuaren errepresio orokorra indartzeko argudioak lortzeko eta eskuinari nazionalismo espainolista amorratua hauspotzen jarrai dezan haizea emateko.

Erreakzioaren diskurtsoa, dena ETA da

Nahiz eta Covite aurka agertu, beraien arabera, terroristekin eginiko itun judiziala delako, AVTk eta Dignidad y Justiciak akordioa txalotu dute, azpimarratuz ofizialki frogaturik geratu dela, auziperatuek onartu dutenez, beren “dena ETA da” kontakizuna.

AVTren arabera, “Hori ekarpen bat gehiago da Espainian terrorismoaren historiaren benetako kontakizunerako, eta horren alde jarraituko du lanean AVTk.” Dignidad y Justiciako presidenteordeak berriz, Víctor Valentín Cotobalek, honakoa zioen: “ ez gara geldituko eta aurrera jarraituko dugu, oso arretatsu, desagertu ez den ‘ETA desagertuan’, terrorismo berria erradikalizazio politikoa izatea espero den fenomeno berriaren aurrean.” PPk bere aldetik EHBilduren aurka egiteko aprobetxatu du, Ezker Abertzalea gezurti gisa gelditu dela nabarmenduz justiziak pertsona errugabeak jazartzen dituela esaten dutenean. Baita Iruñeako zinegotzi hautetsia den Amaia Izcoren aurka, aitortu duen terrorista dela esanaz.

Grande Marlaska barne ministroak, PSOEko jarduneko gobernua ordezkatuz, norabide berean baloratu du auzia, Estatuaren segurtasun indarren lana txalotuz “dena ETA da” tesia frogatzean: “Erakunde terroristaren parte zirela onartu dute eta horrek dena dio, eta onartu badute frogak zeudelako da. Orain gauza bakarra egitea falta zaie: autokritika egitea, gizarteari eta batez ere terrorismoaren biktimei lagunduko diena”.

EAJ Lakuatik ere ez da desmarkatu PSOE, PP edota AVTren argudietatik. Eusko Jaurlaritzak 47 auziperatuei zuzenean deitzen die “ETAko presoak” edo “ETAko makoen fronteko kideak”. Ez da kasualitatea. Urkulluk kurtso politikoa hasi du esanaz bere lehen helburu nagusietakoa izango dela EHBilduri eskatzea ETAren indarkeriaren inguruan “hausnarketa kritiko bat eta kondena esplizitu bat” egin dezala. Horrekin jarraitzen du ezker abertzaleak hartu duen posizio argiaren ondoren. Bloke atzerakoiak eta PSOEk egiten duten bezala, bere benetako helburua aurrera eramaten dituen politikak ezkutatzea da, askatasun demokratikoak erasotuz, murrizketak eta austeritatea inposatuz. Ke laino gisa erabili nahi du ustezko terrorismoaren aurkako borrokaren falazia.

Begi bistan dago Estatu aparatu espainiarrarentzat “dena ETA da” tesiak ez duela helburu jada existitzen ez den terrorismoa borrokatzea, kriminalizazio politikoa baizik. Horregatik esportatu dute tesi hori Euskal Herritik kanpora, Catalunyan ezker independistaren sektore borrokalarienen aurka, edo Estatu mailan ekintzaile sindikalen eta mugimendu sozialen aurka.

Gogoan hartu behar da Catalunyako Procèsaren epaiketen testuinguruan, eskuin espainolistako hainbat ahotsek eskatu dutela alderdiak eta erakundeak ilegalizatzeko, alderdien legea berreskuratuz. Estatuaren aparatu errepresiboaren aurrera pauso juridiko bakoitza, sistematikoki erabiltzen da eta erabiliko da 78ko erregimena desafiatzen duen langile klasearen eta gazteriaren mugimendu ororen aurka.

Horrela gertatu da alderdien legearekin, gorroto delituarekin, 155 artikuluarekin, mozal legearekin eta lege antiterroristaren 2/2015 zabaltzearekin, hasiera batean terrorismo islamistara bideratu zena eta gero Altsasukoa bezalako kasuetarako erabili dena.

Sistema honen markoan ez dago irtenbiderik: sozialismoaren aldeko borrokaren programa iraultzailea altxatu behar da

Irailaren 14ean 50.000 pertsonen mobilizazio masiboak Bilboko kaleak zeharkatu zituen sumario honen errepresio eta kriminalizazioaren aurka. Errepresioaren aurka altxa den mugimenduak, euskal presoen sakabanaketaren aurka, Altsasuko gazteen muntaiaren aurka, Procèsaren epaiketaren iruzurraren aurka edota bortxatzaileei inpunitatea eskaintzen dien justizia patriarkalaren aurkak altxa denak erakusten du badugula gure arerioak garaitzeko indarra.

Irailaren 14eko manifestazioan parte hartu genuen inork ez dugu sinesten akordioak ondorioztatzen dituen akusazioak. Estatuak berak ere ez ditu sinesten. Ulertzen da, 47 auziperatuek akordioa onartu izana kartzela zigorren mehatxuaren xantaian oinarritu dela -aurrez gertatu den bezala-. Hainbat eta hainbat sarekada eta makro epaiketek espetxera eraman dituzte ehundaka ezker abertzaleko, mugimendu sozialetako edo gazte erakundeetako militante.

Era berean ordea, kontuan hartu behar da akordio honek, objektiboki, erreakzioak erabiliko duen aurrekari bat ezartzea ahalbidetzen duela. Ezker abertzaleko abokatuak ETAko kide gisa kondenatzeak, aparatu judizial espainiarra babesten laguntzen du etengabe gauzatu duen arbitrariotasunetik, non Estrasburgoko Auzitegi Gorenak ere jada ohartarazi duen Egunkariko edo Bateraguneko auziengatik.

Epai hau ebatzi den moduak gainontzeko euskal presoak gerturatzen lagundu lezakeenaren inguruan, auzia puntu berdinean egoten jarraitzen du: Estatu aparatua eta erreakzioa ez daude prest puntu horretan atzera egiteko, euskal presoen aurkako sakabanaketak eta mendeku neurriek eskaintzen dizkien interes politiko eta propagandistikoengatik. Bide bakarra presoen eskubideak eta beren amnistia masa mobilizazioarekin uztartzean datza, eskuinaren politiken, izan espainolista edo jeltzalea, eta sistemara makurturik dagoen sozialdemokraziaren aurrean.

Historiaren ikasgaiak ere baliagarri dira erakusteko zein estrategiak balio duen borrokaren alde eta zein den porrot eta frustrazio gehiagorako bidea.

Estatu espainiarraren historian preso politikoekin egin den akordiorik mingarriena 77ko Amnistia legea izan zen. Legeak militante antifrankista eta ezkerreko preso asko atera zituen kartzeletatik. Baina praktikan, erregimen frankistaren oinordekoek legea diseinatu zuten helburu estrategiko oso argiarekin: frankismoko krimen guztiak inpunitatea izango zuten, gaur arerio dugun Estatu aparatuaren buruan Francoren erregimeneko funtzionario berberak geratuko ziren, eta PSOEko eta PCEko buruzagiek erregimen horren joko arauak onartuko zituzten. Urte bete beranduago Konstituzioaren alde bozkatzeko kanpaina egin zuten.

Ez dago zalantzarik etorkizuneko eszenatokian Estatuak ez duela amore emango errepresioarekin. 78 erregimenaren ezegonkortasunak eta ahuleziak eta krisi berriaren aurreikuspenak polarizazio soziala areagotuko dute, baita ere langile klasearen mobilizazioa eta ondorioz horren aurkako erreakzioa. 2016ean Altsasuko gazteekin edota 2012an Alfonekin ikusi ditugun muntaia polizialak eta zigor eredugarriak ez dira azkenak izango. Azken hilabeteei bakarrik begiratuz, jada ikusi ahal izan dugu Nafarroan LABeko delegatuen aurkako errepresioa, Ongi Etorrien aurkako kanpaina -Eusko Jarularitzaren babesarekin-, Vox, Ciudadanos eta PPren ekitaldiak babesten dituen errepresioa, gaztetxeen desalojoen epaiketak, etab.

Aurrean dugun garaia aukera handia da alternatiba iraultzailea altxatzeko, bai Euskal Herrian, Estatu mailan eta internazionalki. Ezker erreformistaren planteamenduak porrot izugarria jasaten ari dira kapitalista handiek langile klaseari deklaratu dioten gerraren aurrean, demokrazia burgesaren instituzioak zorrotz kontrolatzen dituztelarik. Kapitalismo zintzo eta gizatiarra lortzea parlamentuen eta klase arteko kolaborazioaren bidez, erabateko hondamendirako bidea da, gure indarra ahultzen duena eta etsaiak indartzen dituena. Ustezko “eskuin progresistaren” alderdiekin akordioetara iristeak, edo instituzioetan gaitz txikienaren politika aplikatzeak dira hain zuzen ere erreakzioa elikatzen dutenak. Gure eskubideak defendatzeko kaleetako borroka alde batera uztea da ezkerrak egin dezakeen akatsik handiena.

Burgesiak, izan euskalduna, espainiarra edota frantsesa, helburu estrategiko bat du: ezker borrokalariak amore ematea eta zuzendaritzak izatea borrokan den langile klasea etsipenera eramango dutenak. Horregatik asimilatu nahi dituzte ezkerreko erakundeak, sistema kapitalistaren eta legediaren mugen barnean, errespetuz joka dezan boterea dutenekin eta enpresa handien eta bankuen jabetzarekin. Eta horretarako erabiltzen dute etengabe xantaia, enpresetatik hasi eta instituzio juridiko eta politikoetara arte.

Aurrean dugun eszenatoki honetan, ETAren desegitea positiboa da Euskal Herrirako, langile klasearen kontzientzia hartzeko prozesuan. Baina ondorioak atera behar dira hemendik. Ezin da porrot egin duen sozialdemokraziaren ereduari begiratu, marxismo iraultzailean, internazionalismoan eta masen borrokan oinarrituriko programa bat altxa behar da, ez duena amore emango errepresioaren aurrean.

Batu zaitez Ezker Iraultzailera alternatiba hau eraikitzeko!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.