Erabat nahaspilatuta dago sistema kapitalista. XX. mendeko sasoi asaldatuetaraino atzera egin behar da, zehazkiago hogeita hamarreko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetara, klase dominatzailearengan nahasmen eta pesimismoz beteriko giroa eragiten duten gertakari politiko eta ekonomikoak nola korapilatzen diren ulertu ahal izateko.
Finantza espekulazioa eta zorra. Iraganeko lezioak ez dira ikasi
Duela hamar urteko atzeraldi ekonomiko handiari aurre egiteko agenda kapitalistak are larriago bihurtu ditu garai hartan azaleratu ziren kontraesanak.
2008ko eztandaren ondoren, G-8 eta G-20ko goi-bilerek deklarazio harro asko egin zituzten inbertsio bankuak zorrotz erregulatzearen eta kontrol publikoen alde. Halere, propaganda horren guztiaren atzean, mundu osoko gobernuek justu aurkakoa egin zuten: aurrekontuen zati handiak banku, korporazio handi eta porrot egindako enpresak salbatzeko erabili ziren, diru kopuru erraldoiak sartuz eta, horretarako, murrizketa sozialen aldeko plan izugarriak zein pribatizazio masiboak eginez.
Historiako mozkin finantzario handienek agerian uzten dute egungo ekonomiaren jite parasitarioa, egunetik egunera fikziozkoago eta errealitatetik aldenduago. Mozkinak ez ditu irabazten inbertsio produktibo eta merkantzien salmentatik, baloreen merkatuan produktu finantzario espekulatiboak erreproduzituz baizik. Egun, banku estatubatuarrek 157 bilioi dolar dituzte deribatuetan, hau da, munduko BPGaren bikoitza eta 2008an pilatutakoa baino %12 gehiago.
Burbuila espekulatiboaren aurrerakadarekin batera, munduko zor publiko eta pribatuak marka guztiak gainditu ditu, erorketa are dramatikoago bat prestatuz. Finantza Internazionalen Institutuaren arabera, 2018an, mundu osoko etxebizitza, enpresa, banku eta gobernuen zorra 243,2 milioi dolarretara iristen zen. Hori BPG globalaren %317aren parekoa da.
Hegemonia eskuratzeko borroka
Munduko hegemoniaren lehia zabalean, AEBren eta Txinaren arteko borroka komertziala eraldaketa kualitatibo bat ari da izaten nazioarteko harremanetan. AEBk aspektu askotan zuzendari postua mantentzen jarraitzen badu ere, ezin ezkuta dezake inperialismo txinatarraren gorakadari aurre egiteko pairatzen dituen arazo larriak.
Hona adibide gisa balio dezaketen datu zenbait: 2000 eta 2015 artean Txina munduko altzairuaren %3 ekoiztetik %50era igaro da, eta soilik 2011 eta 2013 artean zementu gehiago kontsumitu du AEBek XX. mende osoan baino. 1980an esportazio txinatarrak munduko %1 ziren, 2018an, berriz, munduko esportazioen lehen postuan kokatu zen, guztiaren %12,8arekin. Azken hamar urteotako munduko hazkundearen heren bat baino gehiagoren erantzulea izan da.
Hala ere, Estatu Txinatarraren kapitalismoak ere gain-ekoizpenaren ondorioak pairatzen ditu, eta estimulaziorako estatu plan mordoek ezin dute arazo hori saihestu. 2018an BPGa %6,6 baino ez zen handitu, 1990tik hona izandako mailarik baxuena. Azken mugan, arrazoi objektibo horregatik ezin du atzera egin Beijingo erregimenak. “Zetazko bidearen” megaproiektuaren bitartez nazioarteko akordioen politika oldarkorra ari da aurrera eramaten, azpiegituretan dirutza inbertitzean oinarrituz, etorkizuneko mundu mailako merkataritzaren kontrol eta zuzendaritza borrokatuz.
Burgesia iparamerikarra bidegurutze historiko batean dago. Prentsa ekonomikoak azaleratutako datu ederrek (121 hilabeteko hazkundea eta indize ofizialen arabera 3,6ko langabezia) ezin dute munduko potentziaren gainbehera ezkutatu. BPGaren bataz besteko hazkundea Trump aroan, %2,3koa da, azken hirurogeita hamar urtetako txikiena.
Trumpen neurri ekonomikoek Obamaren administraziotik zetorren desberdintasuna eta pobrezia soziala areagotu baino ez dute egin. Murrizketa fiskalek aberats handiak gehiago aberastu dituzte. 2008an 267 bilioidun zeuden eta 2018an berriz 607. Bien bitartean, 39 milioi herritarrek jateko laguntza federalak jasotzen dituzte.
Klase ertain iparramerikarra desegiten ari da. Erreserba Federalaren azken kontsumo inkesten arabera, irabazi ertainak dituzten helduen heren batek 400 €-ko ezusteko faktura baten aurrean diru mailegua eskatuko lukete, zerbait salduko beharko lukete edo fakturari aurre egiteko gai ez liratekeela izango adierazi zuten. Zerbitzuen kostu altua dela eta, laurden batek 2018an inolako mediku-arretarik jaso ez zuela erantzun zuen, eta hamarretik hiruk saldo negatiboak dituzte haien kreditu txarteletan gehienetan.
Nazionalismo ekonomikoa eta gerra komertziala
Abuztu amaieran, Trump Biarritzeko G-7aren gailurrera iritsi zenean, amorruzko adierazpenak egin zituen sare sozialetan “Ez dugu Txina behar, eta, egia esan, haiek gabe hobe geundeke”… Halako mezuek inperialismo iparramerikarren inpotentzia baino ez dute erakusten.
Irailaren 1ean indarrean jarri ziren %15eko arantzel gehigarriak 300.000 milioi dolarretako zerga neurri osoaren barnean oraindik ere zigortuak izan ez ziren inportazio txinatarren zati baten gainean. Horri Txinak erantzun zion produktu iparramerikarrei 75.000 €-tan baloratutako %5 eta %10 arteko zergak ezarriz. Horri yuanaren eta dolarearen arteko debaluazio lehiakorrak gehitu behar zaizkio.
Erabaki horiek ekoizpen kostuak handituko dituzte AEBetan, Txinan eta Europan. AEBetan modu gogorrean eragingo dute automobilen, petrolioaren eta sojaren sektoreetan, besteak beste. AEBk Asiako herrialdetik jasotzen dituen inportazioen %77tik hurbil industria amerikarrean merkantziak ekoizteko produktu erdi-fakturatuei dagokie.
Baina Txinak ere galduko du gerra komertzialaren ondorioz. 2011 eta 2016 artean, munduko merkatuan eginiko erosketa handienak hiru lehiakide zuzenen artean zeuden partekatuta: %27 AEBetatik, %17 Japoniatik eta %11 Alemaniatik.
Eurogunea ere ez da libre egonen gerra horren ondorioetatik. Blokearen kontu korronteko superabitak %21 behera egin du, eragin larriekin ekonomia alemaniarrean (zeinaren esportazio sektoreak BPGaren %50 hartzen duen), frantziarrean eta italiarrean.
Sozialismoa ala basakeria
Autarkia eta nazionalismo ekonomikoa amets atzerakoiak dira, pasa den mendeko hogeita hamarreko hamarkadan agerian geratu zen bezala, eta gortina horren atzean ez da inperialismorik oldarkorrena baino ezkutatzen.
Atzeraldi ekonomikoak berehalakoa dirudi. Botere kapitalista handiak inoiz baina bananduago daude, eta ez dute kalkulatzen krisi ekonomiko berri batek masengan izan dezakeen eragina. Urtetako pobretzeak amorru kolektibo handia eragin dute, hazteari uzten ez diona.
Klase arteko talka garrantzitsu batera ari gara hurreratzen. Errealitateak bete-betean aldarrikatzen du programa marxista, baina, langile klasea ez da ondorio horietara soilik irakurketen bidez iritsiko, esperientziaren bitartez baizik.
Sozialismoa ez da zerutik eroriko, langile klasearen eta gazteriaren ekintza kontzientearen bitartez baizik. Ekoizpen baliabideen sozializazioak baino ezin dezake gure begien artean marrazten ari den hondoratze ekonomikoa eta basakeria konpondu. Munduko ekoizpen indarrek sistema sozial berri baten premia dute, horiek antolatu eta modu armoniatsu eta demokratikoan planifikatuko dituena. Oker eta porroten bitartez, munduko zapalduen buruan langileek ondorio politiko eta praktikoak aterako dituzte, eta eginbeharra beteko duen alderdi iraultzailea sortuko dute.