Ukrainako gerrak kapitalismo globala astintzen duten kontraesan sakonak agerian utzi ditu, aurreko mendeko 30. hamarkadatik aurrekaririk gabeko krisi politiko, ekonomiko eta soziala sortuz. Gobernuek krisi hau ere langile klaseari ordainarazi die eta ondorio izugarriak izango ditu munduko klase borrokan.

Ukrainako gerra Errusiak otsaila amaieran hasitako inbasio militarretik askoz harago doa. Egia esan, 2014az geroztik joan da ernetzen, eta jauzi kualitatiboa eman du Putinen erregimen erreakzionarioa aurrez aurre jarri duenean Ipar Amerikako eta Europako inperialismoarekin, eta Zelenskiren Gobernu txotxongiloarekin.

Bere postu hegemonikoa berrezartzeko azken aukera balitz bezala, Biden eta burgesia estatubatuarra Europar Batasuna belaunikarazten ari dira beren agenda militarista onartzeko. Errusia higadura gerra batean sartu nahi dute, Txinaren goraldia geldiarazteko. Baina soldadu bakar bat bidali gabe Ukrainako herria kanoi bazka gisa erabiltzeko duten estrategia, aurkakoa bihur daiteke: Ukraina suntsitu egingo da, eta munduko ekonomia infernuetara jaitsiko da berriro.

Hala aitortu zuen NATOko idazkari nagusiak, Jens Stoltenbergek, berriki egin den Davosko Foroan: “Errusiaz ari gara, baina baita Txinaz ere” esanez zinikoki gehitu zion “askatasuna merkataritza librea baino garrantzitsuagoa dela” eta “gure balioen babesa etekinak baino garrantzitsuagoak direla”. Eta hau gerrarekin aberasten ari diren Mendebaldeko banku eta monopolio kapitalista nagusietako exekutiboen aurrean dio!

SESB erori ondoren, Estatu Batuetako inperialismoa, Europako aliatuen txaloekin, merkatu librearen garaipenaz eta “komunismoaren” porrotaz harropuztu zen, eta, ondoren, militarki esku hartu zuen bere interes geoestrategiko eta komertzialek hala eskatzen zuten lekuetan. Baina munduko polizia balitz bezala ondoriorik ez izate horrek, aldaketa dramatikoa jasan zuen 2008ko Atzeraldi Handiaz geroztik, indar-korrelazioek aldaketa sakona jasan baitzuten Txina superpotentzia gisa sartzean. Txinako Estatu kapitalismoaren muskulu ekonomiko indartsuak politika inperialista oldarkor bat ekarri du, planetako txoko bakoitzean AEBko erraldoiari aurre egiten diona.

Gerrak atzeraldi ekonomiko gogorrerantz bultzatzen du

Gerra atzeraldi ekonomikoa azkartzen ari da. Atzeraldi hori ez da soilik gerraren ondorio, baizik eta aurreko hamarkadan pilatutako desoreka larrien ondorioa da, pandemiaren azken bi urteetan lehertu direnak. Propaganda egin arren, Ipar Amerikako inperialismoa eta Europar Batasuna gero eta ahulago daude.

Errusiaren aurkako zigorren porrota da horren adibiderik onena. 190 herrialdetatik 40k bakarrik aplikatu dituzte. Europar Batasuna bera oso mugatuta dago horiek egiteko, Hungariaren ezezko argiaren eta beste herrialde batzuek gas eta petrolio errusiarraren hornidura eteteko dituzten zalantza eta erreparoengatik. Petrolio enbargoak oliobideen bidez hornitutakoa salbuesten du, guztiaren heren bat, eta ontzi bidezko bidalketei bakarrik eragiten die. Baina azken hauen debekuak, AEBetan eta Britainia Handian egiaztatu den bezala, ez du eragotzi Putinen petrolioa beraien portuetara iristea.

Txinak Errusiari laguntza sendoa ematen dio eta, era berean, Moskuko energia eta lehengai merkeen horniduraz baliatzen da; esan behar da urteko lehen hiruhilekoan bere ekonomiaren erregistro bikaina lortu duela. Baina Txina ez da bakarra. Beste herrialde askok, hala nola Indiak, petrolio merkea eskatzen dute, eta horrek are gehiago zailtzen du mendebaldeko politika. Izan ere, petrolioaren prezioek gora egin dute, eta horrek aukera ematen dio Errusiari produkzioaren beherakada heren bateraino konpentsatzeko, batez ere OPEParekin duen aliantzari eusten dion bitartean. Honela. AEBek petrolio gordinaren ekoizpen globala nabarmen handitzeko egiten dituen eskakizunei aurre egin diezaiekete.

Europako Batzordeak berak egindako aurreikuspenen arabera, Errusiako gasarekiko erabateko etenak euroguneko BPGa hondoratuko luke eta inflazioaren gorakada handiagoa ekarriko luke. Inflazioak dagoeneko %8,1eko zifra errekorra lortu du, eta horrek agerian uzten du AEBko estrategiak muga handiak dituela.

Bestalde, beste hornitzaile batzuren bidez hornitzeak, hala nola AEB, Errusiako gasarekin alderatuz %30 eta %40 arteko garestitzea ekarriko du, eta Europako industriak, eta bereziki Alemaniakoak, munduko merkatuan lehiakortasun-galera ikaragarria izango du Txinako eta Ipar Amerikako merkantzien aldean.
Gerraren dinamikak eta haren ondorio ekonomikoak zatiketa handiak eragiten ari dira Europako Gobernuen artean. Scholz eta Macronek, Errusia ez umiliatzera deitu dute, eta Ukrainak lurraldeen kontzesioak egin beharko dituela esanez. Baina baita Estatu Batuetako klase menderatzailean bertan ere, The New York Times aldizkariak bere editorialean berriki idatzi duen bezala, edo, Henry Kissinger, Estatu-idazkari ohiak Davosen egindako adierazpenean, Ukrainak Donbás utzi behar duela esanez.

Argi geratzen dena da, Ukrainan era bateko edo besteko su-eten batera hel daitekeen arren, potentzia inperialisten arteko liskarrak aurrera jarraituko duela, gatazka militar berriak barne. Kapitalismoaren gainbehera inperialistaren fasean ezinezkoa da garapen harmoniko, baketsu eta aurrerakoia.

Espekulazioa eta gosea munduan: kapitalisten hipokrisia

Gerrak, lehen pandemiak bezala, irabazi kapitalisten hazkunde itzela ekarri du mundu osoan; martxora arte errekorrak hautsi dituzte, 2021ekin alderatuta %11 gehiago. Gainera, milioika langile familia pobretzen dituen igoera inflazionistak, energiaren, elikaduraren eta bankaren monopolio handiak aberasten ditu..
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariaren zinismoak eta Mendebaldeko gobernu kapitalistek, Putinen erregimena munduko gosearen erantzule bakar gisa salatzen dutenean, ez dute lotsarik. Benetan goseak kezkatzen baditu, EBko eta AEBetako bozeramaileak, Chicago, Minneapolis edo Parisko lehengaien poltsetan espekulatuz poltsikoak betetzen dituzten inbertsio-funts handietara jo beharko lukete. Hor sortzen dira goseteak!
FAOren arabera, 2021/22 zereal-kanpaina maximo historikoa izan da: 2.800 milioi tona. Egungo stockari batuta, 3.626,8 milioi tona izango lirateke, eta 835 milioi tonako soberakin bat geratuko litzateke kontsumitu ondoren. Ukrainak eta Errusiak 32,5 milioi tona gari eta arto ekoitziko lituzkete martxotik ekainera bitartean, “munduko merkataritza-bolumenaren %6,7, kanpainaren amaieran aurreikusitako stocken % 3,89 eta bi magnitude horien %2,46”. Hau da, munduko ekoizpenaren ehuneko txiki bat.

IPES Food-en txosten batek argi eta garbi adierazten du zer gertatzen ari den: “...une honetan ez dago elikagai-urritasunik munduan (...) Benetako arazoa da munduko zereal-erreserba gehienak korporazio handien esku daudela, eta ez dutela interes handirik izakin horiek ezagutarazteko edo askatzeko, prezioak igotzen jarraitzen duten bitartean”.

Hau da, martxoaren 7an JP Morganek nekazaritza-sektoreari lotutako funtsetan inbertitzera animatzeko argitaratu zuen txostenaren arrazoia. Martxoko lehen astean bakarrik, 4.500 milioi dolarrera iritsi ziren inbertsio globalak, eta nekazaritzako bi inbertsio-funts nagusiek 1.200 milioi jaso zituzten, 2021. urte osoko 197 milioiren aldean. Kontua da monopolio handiek ekonomia modu itogarrian kontrolatzen dutela eta etorkizuneko merkatuetan egiten dituzten espekulazio apustuak, poltsikoak betetzeko.

Behera gerra inperialista! Ez Putin, ez NATO, ez Zelenski!

Putinen tropen inbasioak eta NATOk zabaldutako armamentuak Ukraina suntsitzen dute. Gerra erreakzionarioa eta inperialista da bi aldeetatik, eta Zelenskiren Gobernua ez da nazio-askapenaren alde borrokatzen ari, Ipar Amerikako inperialismoaren kontratista bezala baizik. Kieveko Estatu eta administrazio-aparatua, bai eta Ukrainako armada eta ekonomia ere, AEBetako, NATOko eta EBko baliabide militar eta finantzario itzelei esker mantentzen dira.

Baliabide-uholde horrek azaltzen du ustezko mirari militar ukrainarra. Inbasioa hasi zenetik, otsailaren 24an, laguntza hori inoiz baino handiagoa izan da: 42.000 milioi euro AEBk, 15.000 milioi EBk eta 7.000 milioi AEBko inperialismoaren beste aliatu batzuek (Britainia Handia, Kanada, Japonia Australia…). Guztira, 65.000 milioi euro baino gehiago, 2021eko Ukrainako BPGaren %41! Baina Pentagonoak eta NATOk modu irekian parte hartzen dute Ukrainan 2014az geroztik.

Mendebaldeko kontakizunak AEBetako inperialismoak gerra-eskaladan duen paper erabakigarria ezkutatzen du nahita. 2021. urtearen hasieran, Ukrainako Gobernuak Segurtasun Nazionalaren doktrina berri bat diseinatu zuen, NATOn sartzea eta haren ekitaldi militarretan parte hartzea adostu. Abuztuan, AEBk eta NATOk Krimeako plataforma osatu zuten, penintsula berreskuratzen laguntzeko. Denbora horretan, Zelenskiren Gobernuak handitu egin zuen Donbás fronteko hedapen militarra, 120.000 eta 150.000 soldadu bitarte erabiliz. 2022. urtearen hasieran, Zelenskik lege bat onartu zuen NATOko tropek Ukrainako lurrean ariketa militarrak egin ahal izateko.

Horri guztiari gehitu behar zaio 2014az geroztik Ukrainako gobernuek, baita Zelenskik ere, oso izaera erreakzionarioa izan dutela, murrizketa gogorrak, pribatizazio masiboak eta langile eta sindikatuen kontrako legeria gogorra aplikatu baitituzte. Neonaziak eta eskuin muturrekoak nagusi dituen gobernua, hala nola Zelenskiren alderdiko Galina Tretyakova diputatua, langabetuak antzutzeko beharra planteatu zuena, “kalitate txarreko seme-alabak ematen baitituzte”.

Horrek guztiak ez du ukatzen Putinen inbasioaren izaera inperialista eta erreakzionarioa, kapitalista handien eta monopolio errusiarren onura handiagorako lurraldeak bereganatzeko estrategia, eta Ukraina zapaldua izan duen chauvinismo errusiar handiaren berpizkundea, independentzia nazionalerako eskubidea ukatuz. Ez da detaile huts bat Putinek Lenini eta boltxebikeei leporatzea Ukrainako autodeterminazioaren erantzuleak direla.

Antikomunismoa eta nazionalismo totalitarioa erregimen kapitalistaren eta bonapartista putinistaren nortasun-ezaugarriak dira. Langile-klasea esplotatzen du inolako kontenplaziorik gabe, eta biztanleriaren %1ek herrialdearen aberastasunaren %48 bereganatzen du. Disidentzia egiten duen edonor, sindikatuak eta ezker borrokalariak, LGTBI mugimendua eta gizarte-mugimenduak erreprimitzen ditu. Europako ultraeskuindarrarekin lotura estua duen erregimen bat.

Gerra eta haren ondorioak ikaragarriak izaten ari dira Ukrainako, Errusiako eta munduko gainerako langileentzat. 1914an ere izan ziren, iraultzaile-talde txiki batek Bigarren Internazionalaren eta alderdi sozialisten kapitulazioaren aurka egin zuenean, sarraskiari eta sozialabertzaletasunari babesa emateagatik. Hala ere, iraultzaile hauek, Lenin, Trotsky, Liebknecht edo Rosa Luxenburgok, ez zuten amore eman. Bazekiten gerrak iraultzaren hazia zeramala barruan, eta goiz edo berandu langile-klasea eta zapalduak basakeria inperialistaren aurka altxatuko zirela.

Gaur, atzo bezala, ezker erreformista berriko buruzagiek, beren gobernuei aurre egin beharrean, gerraren izaera inperialista, aurrekontu militarren gehikuntza eta eskalada militarista salatuz, gobernu horien propaganda chobinista eta belizistarekin bat egiten dute. Horrek, kosta ahala kosta, batasun nazionaleko politika bat bermatzen du, beren burgesien interesak defendatzeko, eta horrek, hilketak eta langile-klasearentzako ondorio kaltegarriak luzatzen soilik lagunduko du.

Eta gaur, atzo bezala, klaseko independentzia programa duen ezker iraultzaileak argi eta garbi esaten jarraitzen du: Behera gerra inperialista! Etsai nagusia etxean dago! Langile internazionalismoaren alde, iraultza sozialistaren alde!