Hemezortzi hilabete bete dira Ukrainan gerra inperialista hasi zenetik, eta gatazka izugarri zaildu zaie Zelenskiren erregimenari eta Washingtongo ugazabei. Kontraerasoan dena eman ondoren, emaitza urriek mendebaldeko bazkideen arteko talkak areagotu dituzte eta Errusiarekin negoziazio bide bat hastearen alde egiten duten ahots garrantzitsuak ugaritu egin dira.

Kieven kontraerasoaren porrota

Ekainean, Kieveko kontraeraso militarrari argi berdea eman zitzaion, behin eta berriz atzeratu ostean. Mendebaldeak entrenatutako milaka soldadu eta NATOk emandako ehunka tanke eta blindatu oldartu ziren Errusiako armadak iragan udazkenetik baliabide handiekin eraiki eta indartu dituen defentsa-lerroen aurka. Zelenskiren aholkularientzako emaitza etsigarria izan da: Ukrainako tropek hamar kilometro baino ez dute aurrera egin — punturik nabarmenenetan — 600 kilometroko frontean zehar.

Erasoaldi honen porrotaren balorazioak ez dira propaganda errusiarretik etorri. Abuztuan zehar, inperialismo estatubatuarraren bozeramaile nagusiek Ukrainako estrategiarekin oso kritikoak diren txostenak argitaratu dituzte. The New York Times, The Washington Post, Financial Times edo The Wall Street Journal egunkariek argi erretratatu zuten, inolako anbiguotasunik gabe, Estatu Departamentuaren eta Kieveko txotxongiloen porrota. Era berean, iragarri zuten ezinezkoa dela haien soldaduak Melitopolera iristea eta Errusiak bereganatutako lurralde ukraniarrak bitan zatitzea.

Txosten horiek azaltzen dute Ukrainako soldaduen hildako kopurua handia dela, baliabide blindatu eta artilleria urriak daudela eta hegazkin armada ia ez dela existitzen, hori ezinbestekoa denean aurrerapen sakon bat egiteko. Aldi berean, Ukrainako eta Mendebaldeko agintari militarren arteko ezberdintasunak aipatzen dituzte. Pentagonoa irmoa izan zen hegoalderantz lerro bakar batean sartzeko apustuan, bitarteko guztiekin eta bajen kopurua kontuan hartu gabe, eta oso kritiko agertu ziren Kieven estrategiarekin, horiek zenbait ofentsiba lerro sortzea eta tropa gehiago mantenduz mantsoago aurrera egitearen aldekoak baitziren.

The Wall Street Journalek Valery Zaluzhny komandante ukrainarraren adierazpen batzuekin laburbiltzen zituen desadostasun horiek: "Ez dute gatazka honen izaera ulertzen. Hau ez da kontrainsurgentzia. Hau Kursk da", Bigarren Mundu Gerran SESBen eta nazien arteko tanke guda handiari erreferentzia eginez.

Abuztuaren amaieran, The Washington Post, The Economist edo El País egunkarietan artikulu berriak agertu ziren, orain arte argitaratutakoarekin guztiz bestelakoak. Ukrainako gizarteak bizi duen giro goibela eta gerrarekin nekatuta dagoen herrialdea deskribatzen hasi dira. Bakearen alde lurraldeko zati bat sakrifikatzeko prest daudenak geroz eta gehiago direla aipatzen da eta herritarrak soldadutzatik ihes egiten ari direla. Ama batek El Paísen zioen: "Nahiago dut errusiarrek Donbas berenganatzea nire semea gudan ikustea baino".
Halaber, garrantzitsua da Zelenskiren aurrean  hazten ari den jarrera kritikoa. 2019an Gobernura iritsi zenean egindako promesak ezerezean geratu dira: bakea Errusiarekin, ustelkeriaren aurkako borroka, bizi baldintzen hobekuntza... Aldi berean, herritarren aurkako polizia indarkeria gero eta handiagoa da. Hainbat hilabetez gerra propaganda eta nazionalismo erreakzionarioenaren bandera erabili du, baina horrek muga bat du. Ukraina, gaur egun, estatu mafiosoa da, non ezkerreko oposizioa ilegalizatu eta bereziki zapaldu den, Ministroen Kontseilua Zelenskiren konfiantzazko zirkulu gero eta murritzago batek ordezkatu du, eta ustelkeria nahieran dabil, Estatu aparatuan purgak eta liskarrak eraginez. Zelenskik Oleksii Reznikov Defentsa ministroa kargugabetu zuen gerrarekin eta ustelkeriarekin gero eta handiagoa den ezinegonari aurre egiteko, erregimenaren gainbehera mailaren adierazgarria.
Kontraerasoaren erdian, Kieven hauteskunde aukeren zurrumurrua zabaldu da. Radak urrian amaitzen du bere agintaldia eta presidentzialak 2024ko martxoan egin beharko lirateke. Indarrean dagoen lege martzialak ez du baimentzen hauteskundeak egitea, baina Zelenskiren agintari taldea hautestontziak irekitzea baloratzen ari da, beranduegi izan baino lehen.

Horrek guztiak Ukrainako azken ekintza militarrak baldintzatzen ditu. Irailaren hasieran, hegoaldeko errusiar defentsa lerroak hautsi dira, Robotine herria hartu eta orain Verbove mehatxatuz. Aldi berean, errusiar lurraldean, ukrainarren drone erasoak ugariagoak eta ausartagoak dira. Baina horrek ez du berez gerraren dinamika orokorra aldatuko. Arrakala sendotzen badute ere, horrek ez du zertan esan nahi hegoalderantz azkar egingo dutenik aurrera: Kieveko armadari aste batzuk baino ez zaizkio geratzen udazkeneko euriteek frontea lokaztu baino lehen.

Lerro errusiarren kolapsorik ez badago, eta hori ez da litekeena, Zelenskiren gerra-helburuek porrot egingo dute, eta horrek ere gero eta maizago botatzen dituen purrustadak azalduko lituzke, "erasoaldiaren erritmoa kritikatzen dutenak isilarazteko aginduz".

Zatiketak mendebaldeko inperialismoan

Washingtonek hainbatetan ohartarazi dio Ukrainari ezingo dutela bermatu  laguntza militar eta ekonomiko maila bera 2024an. Eta arazoa ez da soilik stock militar geroz eta txikiagoa dela. Datorren urtean presidentetzarako hauteskundeak egingo dira AEBn, eta gerraren kostuak inflazioa eta defizita areagotzen ditu. Estatu Batuetako klase agintarian eta Estatu aparatuan dauden zatiketa itzelak sakontzen ari dira, munduko jendarme eztabaidaezinaren gainbehera azaleratuz.

Alderdi Errepublikanoa Trumpen eskuetan dago, eta iragarri du Kieveko Gobernuari laguntza ekonomikoa eta militarra ematen jarraitzearen aurka dagoela. Agenda honek babes sendoa du hauteskunde-oinarriaren artean. CNNren arabera, estatubatuarren %55 Ukrainara baliabide gehiago bidaltzearen aurka daude, eta ehuneko hori 71koa da boto-emaile errepublikanoen artean.

Estatu Batuetako klase agintariaren barne borroka egunero haizatzen da prentsa burgesean. Zelenski goraipatuz Etxe Zuriak egindako adierazpen ofizialek espazioa partekatzen dute Bidenen politikarekiko kritikoak diren artikuluekin, administrazio bereko goi-funtzionario zibil eta militarren adierazpenekin.

Hori da estatubatuarren presioaren atzean dagoena, kontraerasoan emaitza zehatzak lortu eta negoziazio mahai batera esku artean zerbait dutela iritsi nahi dute. Negoziazio hori, lehenago edo geroago, saihestezina izango da, eta gero eta garbiago aipatzen da Washingtonen eta Bruselan.

Abuztuaren erdialdean, Stian Jenssenek, NATOko idazkari nagusiaren kabineteburuak, balizko irteera negoziatu bat iradoki zuen :Ukraina ekialdeko lurraldeak Errusiaren esku uztea, Kiev NATOn sartzearen truke. Stoltenberg idazkari nagusiak berehala atera behar izan zuen animoak lasaitzera, Zelenskik proposamena "onartezintzat" jo ondoren.

Argi dago Jenssenen proposamena mendebaldeko inperialismoaren sektore geroz eta zabalago batek partekatzen duela. Oso kezkatuta daude Kievek ez duelako "helburu errealistarik" eta gerra hau AEBn eta Europan eragiten ari den etxekaltearengatik. Era berean, Errusia Donbasetik eta Krimeatik kanporatzeko aukera baztertzen dute. Biden Administrazioa eta Stoltenberg bere lekaioa ordea Zelenskirekin lerrokatu dira, dinamika itsu eta kontrolik gabea elikatuz.

Honaino iritsita, ahots asko sortu dira Washingtonen Ukrainaren auzia Europaren esku uztearen eta Ozeano Barean kontzentratzearen alde, Txinari aurre egiteko. Ideia hori egunero agertzen da AEBetako hedabide nagusienen editorialetan, baina EBk ezin du Ukraina sostengatu, ez militarki, ez ekonomikoki, ez politikoki. Lehen kolpea eman nahi bazuen ere, AEB bi frontetako borroka batean harrapatuta geratu da.

Orain arte, Washingtonek nolabaiteko arrakasta izan du Errusiara eta Txinara gehiegi hurbildu den Europa menderatzen. Era berean, Europako kapitala erakartzeko AEBren estrategia eragina izaten ari da. Baina Bidenen politikaren kostua kontraesan basatiak eragitean oinarritzen da: Alemania atzeraldian dago, EBZk dio ekonomia "indarrez lurreratu" behar dela estanflazioa ekiditeko, Europako herrialde guztiak daude krisia buru gainean dutela, eta, badirudi klaseen arteko borrokak Britainia Handian eta Frantzian berriki ikusi ditugun gatazkak irekitzeko prest dagoela. Macron Frantziako presidenteak zioen ez zuela AEBren eta Txinaren arteko borrokaren tartean sartu nahi. Scholzek eta Europako beste agintari batzuek antzeko adierazpenak egin dituzte. Kontua da ez dutela gaitasunik jarrera independente bat mantentzeko.

Putinen erregimen bonapartista eta Prigozhinen heriotza

Aldiz, zein egoeratan dago Putinen erregimena?

Galdera honek erantzun argi batzuk ditu. Joan den abuztuaren 23an, airean lehertu zen Jevgeni Prigozhin zihoan jet pribatua, Wagner taldeko gertuko buruzagiekin batera. Egun horretan bertan, Surovikin jeneralaren behin betiko kargugabetzearen berri eman zen, izan ere, Prigozhinekin lotuta zegoen eta Shoigu Defentsa ministroarekin eta Guerasimov Estatu Nagusiko buruarekin etsaitua.

Bi hilabete lehenago, Prigozhin eta Wagnerren matxinada gertatu zen, Putinek bi hamarkadatan aurre egin behar izan dion erronkarik garrantzitsuena. Mendebaldeko propagandak eskuak igurtzi zituen balizko estatu-kolpe baten aukeraren aurrean, eta batzuek, buru beroagoarekin, berehalako "gerra zibila" aipatzen zuten. Ez zen ordea horrelakorik gertatu. Matxinadatik bi hilabetera, badirudi Putinek GPU estalinistaren estiloan itxi duela auzia.

Errusia erregimen bonapartista burges eta inperialista guztiz erreakzionario batek gobernatzen du, non Putinek talde ezberdinen arteko epaile lanak egiten dituen. Prigozhinen maniobra ez zen "boterea eskuratzeko eraso" bat izan. Bere burua defendatu nahi zuen, Bajmut konkistatzeko erabilia izan ondoren paretik kentzeko ahaleginak argiak baitziren. Bi hilabete hauetan, Putinek Prigozhin bere kasara utzi du, agintariek Wagner taldearen kontrola berreskuratzen zuten bitartean. Wagner Errusiako kanpo politikarako funtsezkoa da, Afrikako esku-hartzearen arduraduna. Taldea Estatuaren kontrolpean geratu denean, Prigozhinen eta bere gertukoen bizitzek ez zuten ezer balio.

Putinen ospeari matxinada honek pasa dion prezioa mendebaldeko propagandak iragarritakoaren kontrakoa izan da. Uztailaren amaieran Errusiako Levada zentro independenteak egindako inkesta baten arabera, Putinen onarpena % 80tik gora mantentzen da, Shoigu ministroarena zertxobait jaitsi da eta Prigozhinena izugarri jaitsi zen.

Errusiak aise aurre egin die zigor ekonomikoei, Asiara hidrokarburoen salmentak handituz, baina ez hori bakarrik. Mendebaldeko inperialismoaren ahultasuna agerian geratzen da zigorretatik kanpo utzi dituzten errusiar lehengaiak behar dituztelako, uranioa edo gas natural likidotua, esaterako. Europak gerra aurretik baino %40 gas likidotu gehiago erosi du aurten. Era berean, errusiar misilen hondakinen artean etengabe agertzen dira mendebaldeko osagaiak, eta arazo handirik gabe iristen jarraitzen dute. Abuztu amaieran, Kaja Kallas Estoniako lehen ministroa, Putinen aurkako ahots gogorrenetako bat, batzorde parlamentario batera deitu zuten azalpen eske, bere senarraren enpresa Errusiarekin merkataritzan aritu baita gerra osoan zehar!

Errusiak, bere ekonomiari eusteaz gain, gerra-ekonomia bihurtu du. Horregatik jokatzen du denborak Putinen alde. Gudaren erritmoa eusteko egoera askoz hobeagoan dago Ukrainak eta mendebaldeko babesleak baino. Ukrainako tropek edo errusiarren akatsek frontearen haustura eragingo balute ere, Moskuk oraindik baditu nahikoa elementu gerra luze bati eusten jarraitzeko, soldaduen mobilizazio orokor batetik hasita.

Errusia eta Txina indartu egin dira

Irailaren 1ean, Putinek iragarri zuen 20.000 milioi dolarreko inbertsioa egingo zuela 2022ko irailean anexionatutako Ukrainako lau eskualdeak garatzeko, eta beste bilera bat egingo zuela Xi Jinpingekin. Hori da inperialisten arteko gatazkaren egungo egoera azaltzeko beste faktore giltzarri bat: Errusia Txinarekin dituen loturak sendotzen ari da. Prozesu hori sakondu egin da gerran zehar, eta agerian geratu da 2023an 200.000 milioi dolarrera irits daitekeelako bi aldeen arteko merkataritza, marka hautsiz aurreikusitakoa baino urte bete lehenago.

Gerra hasi zenetik, lehenago mendebaldeko inperialismoaren aliatuak ziren zenbait herrialdek bizkarra eman diote AEBetako estrategiari, eta Txinarantz biratzen ari dira argi eta garbi. Eta ez dira garrantzirik gabeko nazioak: India, Israel, Turkia, Golkoko herrialde guztiak, Brasil..., horietako bakar batek ere ez ditu Errusiaren aurkako zigorrak aplikatu, eta neurri batean edo bestean erabakigarriak izaten ari dira bere ekonomiaren egonkortasunari eusteko, eta, gainera, gero eta akordio estuagoak ixten ari dira Txinarekin.

Duela hilabete batzuk, Saudi Arabiaren eta Iranen arteko harremanak berrezartzen ikusi genuen, Txinaren bitartekaritzari esker. Orain, abuztuaren amaieran egindako BRICSen 15. goi-bileran, Argentina, Egipto, Etiopia, Iran, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak sartzea onartu dute. Albiste horrekin batera beste berri garrantzitsu bat etorri zen: BRICSen BPG bateratuak lehen aldiz gainditu zuen G7ren BPG bateratua.

Munduko hegemonia lortzeko AEBren eta Txinaren arteko aurrez aurrekoan, azken honek aurrerapausoak eman ditu etengabe, eta Washingtonek atzera egin du behin eta berriz. Erosteko ahalmenaren parekotasunean oinarritutako munduko BPGren proportzioa hartzen badugu, Txinak AEB gainditu zuen 2020an (%18,33 eta %15,83, hurrenez hurren). Dolarrak dibisa-erreserbako moneta gisa duen ehunekoa 59 puntutan jaitsi zen 2021ean, 22 urtean hamaika puntu baino gehiagoko atzerakada jarraituarekin.
AEB oraindik ere planetako lehen potentzia eta botere militar nagusia da, baina gainbehera begi bistakoa da eremu gakoetan. Bien bitartean, Txinako ekoizpen indarrek, kapital finkoaren eraketa gordinak, industriaren eta teknologiaren garapenak, azpiegiturek, barne merkataritzak, merkataritza superabitak eta kanpo inbertsioek jauzi ikaragarria eman dute azken hogeita hamar urteotan. Ez da ilusio bat. Ez da Japoniak hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan izan zuen hazkunde mota. Metatze prozesu kapitalista da, AEBk XX. mendearen lehen erdian bizi izan zuenaren antzekoa. Eta ondorioak nabarmenak dira nazioarteko harremanetan.

Era berean, ezinbestekoa da Txinak esku hartzea Ukrainako gatazkaren konponbide negoziatuan. Abuztuan Saudi Arabiako Yeda hirian egindako goi-bileran parte hartu du. Zalantzarik gabe, gerra inperialistak aurrera jarraituko du, gerra piztera bultzatu zuten arrazoiek bere horretan dirautelako. Eta agertoki honetan Washingtonek eskaini dezakeen gauza bakarra Ukrainako porrota atzeratzeko armak dira. Dena den, mendebaldeko inperialismoa amildegi bat ikusten hasi da bere oinen azpian.