Gerrak, genozidioak, pobrezia, gosetea... kontinente afrikarreko masek bizi duten sufrimendu latzak sistema kapitalistaren miseriarik gordinena erakusten digu.

Komunikabideek etengabe erakusten dizkigute herrialde bateko edo besteko gertaera lazgarriak (atentatuak, gatazka armatuak...) eta bertako masen bizimodu gogorra, kasu gehienetan oinarrizko bizi baliabiderik gabe, bizitza, azken finean, bizirauteko eguneroko borroka bihurtzen dela. Egia esan, errealitate hau ezkutatu ahal izatea ere zaila gertatzen den maila krudeletara ailegatzen da. Hala ere, komunikabideek zabaltzen duten informazio mediatikoa azalean geratzen da beti eta aurriritzietan oinarritzen da, ez da benetako arazoaren muinera ailegatzen.

Arazoak ez du zerikusirik afrikarren izaera ‘basatiarekin’ eta ez dago inondik inora bere kulturan edo bizimoduan errotua, argi esanda, arazoa kolonialismoak eta inperialismoak urteetan zehar herri bat bere interesetan erabili eta esplotatu izana da, eta zapalkuntza hori ez da amaituko sistema kapitalistarekin amaitzen ez bada. Bigarren mundu gerraren ondoren Afrikar kontinente guztian hiru herrialde bakarrik ziren independienteak, beste guztiak potentzia kapitalistetako metropolien koloniak ziren. Kolonialismoko urte hauetan herrialde inperialistak ez ziren arduratu bere kolonien garapen industrial eta ekonomikoaz, guztiz kontrakoa, garatu gabe mantendu zituzten kontzienteki eta bertako ekonomiak mendebaldera lehengaiak esportatzeko moldatu zituzten.

Hirurogeigarren hamarkadan zehar, herrialde afrikarretako masak iraultza koloniala egiteko batu ziren eta independentzia lortu zuten, ez inperialismoaren opari bezala, masen borrokaz baizik. Kasu askotan mugimendu hauek Moskuko irudira egindako erregimen bonapartisten sorrera eragin zuten (Mozanbike, Angola, Somalia, Etiopia...), eta masen bizitzan hobekuntza batzuk egiteko aukera eman zuen. Baina Sobietar Batasunaren erorketak ondorio izugarriak ekarri zituen, burgesia inperialistarentzat frenu zena erortzean potentzia kapitalistek ez zuten erreparorik izan bere anbizioak betetzeko. Laurogeigarren hamarkadaz geroztik kontinentearen pobretzea etengabea izan da eta lortutako konkista apurrak ezabatuak izan dira. Urteen ostean gero eta argiago ikusten da 'independentzia' hau formala bakarrik zela, azken fienan, zapalkuntza ekonomiko eta sozialak beste itxura batekin baina berdin jarraitzen duela.

 

Aberastasun handia eta miseria ikaragarria

 

Pobrezia honen iturri bezala jartzen duten beste argumentu faltsu bat indar naturalen baldintza gogorrena da. Baina lehorteek, uholdeek, etab.ek ez dute zerikusirik gaitzaren jatorriarekin, asko jota, benetako arazoaren ondorioak larriagotzen dituzte. Pobrezia, ekonomia kapitalistaren produktu zuzena da.

Afrika agian kontinente aberatsena da, bere lur azpia baliabide naturalez josia dago. Munduko petrolio erreserben %9 dauka eta gainera perforazioen arrakasta indizea askoz handiagoa da munduko beste tokietan baino (%50ekoa %10 munduko bataz bestekoaren aurrean). Bere lurretan dauka, besteak beste, munduko erreserben %90 kobaltoan, %90 platinoan, %40 urrean, %98 kromoan, %64 manganesoan, uranioaren herena, etab. Aberastasun hauekin herritarrek oparotasunezko bizimodu batez goza lezakete, baina horrela izan beharrean aberastasun hau da hain zuzen bertako gerra eta auzien jatorria. Zergatik ez da herritarren gehiengoaren onurarako erabiltzen?

Ekonomia mundiala herrialde aberatsenek eta hauen atzean dauden 200 bat multinazionalek kontrolatua dago (kolonia ohien komertzioaren %50a baino gehiago kontrolatzen dute). Hauek, gobernu afrikar txotxongiloen laguntza baldintzagabea jasoz, lehengaien prezioak jartzen dituzte eta, noski, izugarri merke mantentzen dituzte produktuak koste gutxiagoan manufakturatzeko. Lan indarra ere, milaka umerena barne, praktikoki baldintza esklabuetan lortzen dute. Baina aldi berean, Hirugarren Munduko herrialdeak, produktu manufakturatuak Mendebaldeko prezioetan erostera behartzen dituzte!

 

Kanpozorraren zama

 

Afrikaren kanpozorrak kontinentea oraindik gehiago itotzen du, aurrerapen txikiena ere ezinezko bihurtuz. Azkenaldi honetan zorra esportazioekin lortutako diru sarrerak baino lau aldiz gehiago hazi da. Zama hau munduko beste edozein lurraldetakoa baino bi aldiz handiagoa da. Hau dena, Banku Mundialaren arabera Afrikak laguntza bezala urtero 13.000 milioi dolar jasotzen dituela eta zorraren ordainketa bezala 15.000 milioi dolar itzultzen dituela kontuan hartuz. Afrikar kontinentea mundu garatura kapital garbia esportatzen duen herrialde bat bihurtu da.

Honi NMFk eta Munduko Bankuak inposatutako Egituren Egokitzapenerako Programak gehitu behar dizkiogu. Nazioarteko Moneta Funtsak programa hauek jarraitzera behartzen ditu maileguak eskatzen dituzten herrialde guztiak, salbuespen bezala noski Estatu Batuak, nahiz eta herrialderik zorpetuena izan. 1980az geroztik 36 herrialdek programa hauek aplikatu dituzte erabateko hondamendizko ondorioekin. Inposatzen dituzten neurrien artean gastu publikoaren murrizketa, hau da, laguntza sozialen murrizketa, Mendebaldera esportazioa handitzea (prezio barregarrietan noski), enpresa publikoen pribatizazioak eta multinazionalen sarbide askea jartzea daude.

Ghanan adibidez 130 enpresa pribatizatu behar izan ziren mehatze nagusia barne, muga-zerga guztiekin amaitu zen eta osasuna eta hezkuntzaren dirulaguntzak ezabatu ziren NMFren baldintzak betetzeko. Neurri hauen ondorioak zein izan ziren? Langabezia tasa %20era igo zen, elikagaien eta oinarrizko zerbitzuak igo ziren, biztanleriaren %78,4a egunero dolar batekin bizi da eta %75ak ez dauka osasun zerbitzuetara sarbiderik. Zeinek jaso zituen onurak? Multinazionalek mehatzeen %85 daukate eta irabazien %95 aberriratzen dute atzerrira.

 

Gerrak eta gatazkak

 

Kontinente hau gerra gehien jasan dituena ere bada, 90. hamarkadan bertako 53 herrialdeetako 32k gatazka armaturen bat jasan zuten gutxienez. Hauen artean Ruandako jenozidioa edo Angola, Mozambike edo Kongoko gerra zibilak egon dira. Utzi dituzten odol putzuen irudiak benetan ikaragarriak izan dira, baina zein zegoen honen atzean sua pizten? Azken hamarkadako gerra hauetako bakoitzaren atzean potentzia inperialista bat edo beste egon da. Azken hamabi gerretan Estatu Batuek armak eta entrenamendu militarra eman dizkiete parte hartzaileei. World Policy Institutek argitaratutako informe baten arabera, gerra hotzean (1950-1989) Estatu Batuek Afrikara 1.500 milioi dolar bidali zituzten armamentu eta formakuntza militarrean. 1991-95 artean AEBk 50 herrialdeei laguntza militarra eman zien eta 1991-98 artean, Afrikara bidalitako formakuntza militarraren eta armamentuaren salmenta 227.000 milioiera igo zen.

Kongoko Errepublikako gerra da ziurrenik inperialismoaren papera hobekien erakusten duen adibidea. Herrialde hau lehen aipaturiko baliabide mineraletan aberatsena da. Orain dela urte batzuk koltanaren munduko erreserba handiena aurkitu zen bertan (mineral preziatua pisu gutxi eta eroale bikaina izateagatik). 1998an hasi zen gatazka, Ruanda eta Ugandak (AEBren bi gobernu txotxongiloak) Kongoko lur eremu batzuk okupatu zituztenean, mehatze hauek kontrolatzeko asmoz. Azkenean zazpi herrialdek esku hartu zuten gerran eta Estatu Batuek zazpiei bidali zizkien armamentu eta laguntza militarrak. Nokia, Sony, Intel... bezalako enpresek begiak Kongora zuzendu zituzten eta enpresak, kasu askotan fantasmak, jarri zituzten bertan esplotazio kontratuak lortzeko. Gaur egun koltana AEBra, Alemaniara, Belgikara eta Kazajistanera doa. Mehatzeetan 20.000 langilek egiten dute lan, baldintza ikaragarri latzetan eta ateratzen duten kiloko 10 dolar irabaziz, nahiz eta gero mineral hau Londresen 250 edo 300 dolarretan kotizatzen den.

Baina beti gertatzen den bezala komunikabideek isilpean gordetzen eta minimizatzen dutena Afrikar langile klaseak azken urteetan egin dituen borrokak dira. Zimbaue, Egipto, Guinea... bezalako herrietan milioika langileez osatutako proletario sendo bat garatu da eta gaur egun gero eta gogorrago borrokatzen ari da. Marruekosen aurreko hilabeteetan zehar borroka garrantzitsuak eman dira osasungintzan, pensionistetan, zamaketarietan eta 2006 urtea prezioen igoeraren aurkako langile eta nekazarien mugimendu bateratu batean amaitu zen. Guinea Conakryn 18 eguneko greba orokorra egin zen eta errepresio gogorren gainetik, 56 hildako, grebak jarraitu egin zuen gobernuak sindikatuen baldintzak onartu zituen arte. Garrantzitsua da esaterako Egipton hazten ari den mugimendua. Greben marea ikaragarri bat sortu da AEBren aliatu klabea den herrialdean eta gobernuak errepresio gogorrari ekin badio ere ez du lortu hau isolatzea eta mugimendua sektore klabeetara zabalduz dijoa.

Etorkizunerako, Afrika barrenean ere masen arteko borroka izugarriak prestatzen ari dira, geroz eta gehiago dira hau bultzatzen duten egoerak. 60 eta 70. hamarkadetan ikusi genuen bezala Afrikako langile, nekazari eta masa zapalduen potentzial ikaragarria martxan jarriko da eta benetan miseria eta sufrimendu honekin bukatzeko bidea masen eskuetara zabalduko da.

 

 

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.