Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Mohamed VI.a Marokoko erregeari jakinarazi dio Saharako gatazka konpontzeko alternatibarik “serioena, errealistena eta sinesgarriena” dela Marokoko Gobernuak 2007an egindako proposamena, hots, Sahara autonomia erregimen huts batean uztea.
Isilpean egin zuen, errege alauitari bidalitako gutun batean. Marokoko Errege Etxeak martxoaren 18an eman zuen horren berri. Jarrera horrekin, Pedro Sanchez eta PSOE Marokoko diktadura basatiaren alde jarri dira, Marokoko masen esplotazioan oinarritzen den eta Saharako herriaren eskubideak zapaltzen eta dagozkion baliabide naturalak lapurtzen dituen erregimenaren alde alegia.
Espainiako Gobernuaren eta mendebaldeko inperialismoaren ahotan, Ukrainaren alde entzuten ditugun “demokrazia” eta “autodeterminazio eskubidea” paper erre bilakatzen da Saharako herriaz ari direnean.
Pedro Sanchezen jarrera berri horrek koalizio exekutiboko inbestidura bazkideen haserrea eragin du, baita Unidas Podemosena ere. Alderdi moreak “formalki” errefusatu du Sanchezek Marokoren aurrean amore eman izana, eta Sahararako erreferenduma eskatzen jarraitzen du. Halaber, martxoaren 22an hainbat alderditako diputatuk, tartean UP alderdikoek, Saharako banderak zabaldu zituzten Kongresuan, eta Saharan autodeterminazio erreferenduma egitea defendatu zuten tribunatik.
Halere, nahiz eta UPko ordezkariek adierazpen horiek egin zituzten, Ione Belarrak, Yolanda Diazek eta beste agintari batzuek adierazi zuten desadostasun horrek ez duela esan nahi UPk Gobernutik irtengo direla eta ukatu egin zuten NATOren eta PSOEren arteko lotura hausteko inolako asmoa dutela; areago, berretsi zuten inoiz baino garrantzitsuagoa dela koalizio-gobernuarekiko konpromisoa. [1]
Beste behin ere, Sanchezen Gobernuak bete gabe utzi du hartutako konpromisoetako bat, eta oraingoan Saharako herriari egin dio traizio. Eta UP, berriz ere, kexatu ondoren, PSOEk ezartzen duen politikaren mendean jarri da. Baina ezin da ahoz Saharako herria defendatu eta, aldi berean, Marokoren diktaduraren zapalkuntza legitimatzen duen Gobernu bateko kide izan. Hori zinismo hutsa da!
Saharako herria, beste peoi bat munduko geopolitikaren taulan
Hainbat hamarkadatan, Espainiako gobernu “demokratikoek”, bai PSOEk osatutakoek, bai PPk (nahiz eta orain Voxekin eta Ciudadanosekin batera kritikatzen duen Pedro Sanchezek Saharako gatazkaren aurrean izandako jarrera) aktiboki babestu dute alauitarren diktaduraren politika, eta isilik geratu dira Saharan eta Marokon bertan egindako ankerkerien aurrean.
Politika horrek ez du aldaketarik izan PSOE-UP Gobernuarekin. Unidas Podemosek, bere programan, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarekin (SEAD) harreman diplomatikoak ezartzea eta horren autodeterminazio-eskubidea defendatzen zituen. Baina hasieratik argi utzi zuen zein izango zen bere benetako egitekoa Gobernuan.
2020ko azaroan, orduko Atzerri ministro zen Arantxa Gonzalez Laya “sozialistak” Marokoko bere homologoari berretsi zion Gobernuak ez zuela SEAD onartzen, eta Pablo Iglesiasek ere halaxe esan zuen: “Ezin daiteke bestela izan, Espainiak Mendebaldeko Sahararekiko duen jarrera Kanpo Arazoetako Ministerioak zehazten du".
Marokoko erregimena defendatzean, Espainiako Gobernuak bertako multinazionalek Marokon dituzten interesak eta inbertsioak bermatu izan ditu, baita arrantzarekin loturiko enpresa handiek Marokok kontrolaturiko arrantza-tokietara sartzeko aukera ere. Era berean, azken hamarkadetan kontuan hartu behar izan da immigrazioren kontrola. Espainiako Gobernuak, Europar Batasunak hegoaldeko mugan duen politika arrazistaren zaindari leiala den heinean, Marokoko zerbitzu errepresiboak azpikontratatzen ditu, Europara sartzen saiatzen diren migratzaileek jasaten duten tratu basatiarekin ez ikusiarena eginda.
Horrekin guztiarekin lotuta dago Marokok duen garrantzia potentzia inperialista handien norgehiagokan, nazioarteko eragin-eremuak, merkatuak, lehengaien iturriak eta abar kontrolatzeko. Azken urteotan, AEBk eta Txinak munduko nagusitasuna lortzeko duten lehian, faktore horren garrantzia biderkatu egin da.
Txinaren eta Errusiaren presentzia eta eragina nabarmen hazi da Afrikan, eta Frantzia eta AEB bidali dituzte aspalditik kontrolpean zituzten eremuetatik. Ahultasun horretan, inperialismo iparramerikarrak bere posizioei eusteko maniobra egin du, eta beharrezkotzat jo du Marokorekiko loturak sendotzea, Asiako erraldoia ere herrialde hori erakarri nahian ari baita [2].
2020ko abenduaren 10ean, Donald Trump presidenteak Marokok Mendebaldeko Sahararen gainean duen subiranotasuna aitortu zuen. Erabaki horrek indarrean jarraitzen du Joe Biden boterera iritsi arren. Geroztik, Europako herrialdeek Marokoko erregimenaren asmoen alde egiteko presioa izugarri handitu da.
Marokok ere izan du zer esana. Gobernu amerikarrak emandako babesak indartuta, erregimen alauitak EBko hegoaldeko mugako jendarme-posizioa eta Mendebaldeko Saharako uretako arrantza-toki aberatsen gaineko nagusitasuna erabili ditu Europako herrialdeei Marokok Sahararen gainean duen subiranotasuna ofizialki onar dezaten eskatzeko. 2020ko abenduaren 11n, Frantziako Gobernuak adierazi zuen Marokok planteatutako autonomia-plana “eztabaidarako oinarri serio eta sinesgarria” zela [3]. Urtebete geroago, 2021eko abenduaren 14an, Alemaniako gehiengo sozialdemokrata zuen gobernuak Mendebaldeko Sahararako autonomia plan hori ere defendatu zuen, alderdi berdeko Annalena Baerbock Kanpo Arazoetako ministroaren bitartez [4].
Orain Espainiako Gobernuak, Estatu Batuetako inperialismoaren zerbitzari leialak, tesi horiekin bat egin eta Saharako herriari egindako traizioa handitzen du. Estatu Batuekiko morrontza horrek Estatu espainiarraren eta Aljeriaren arteko gatazka diplomatikoa pizteko mehatxu egiten du. Aljeria Iberiar penintsulako hidrokarburoen hornitzaile nagusia da, eta Fronte Polisarioaren aliatua. Gainera, Marokoren aurkari historikoa ere bada Magreben nagusitasuna eskuratzeko borrokan eta Txinaren bazkide komertziala da [5]. Aljeriak kontsultak egitera bidali du Madrilen duen enbaxadorea, eta adierazi du “erantzun globala” emango diola “Madrilek Saharari buruz duen jarrera berriari”.
Bestalde, Nabila Massralik, Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako bozemaileak, EBren babesa eman dio Espainiaren jarrera berriari [6].
“Nazioarteko legalitatea” eta potentzia kapitalisten hipokrisia
Errusiak Ukraina inbaditu ostean, AEB, Alemania, Frantzia, Espainia eta EBko estatu kide guztiak nazioarteko legalitatea, herrien askatasunaren eta herrialdeen osotasunaren defendatzaile sutsu gisa aurkezten dira munduko iritzi publikoaren aurrean.
Halere, Mendebaldeko Saharako egoera eta azken hamarkadetan Saharako herriak jasan duen sufrimendua aipatzen zaienean, nazioarteko legalitatearen kezka guztiak erabat desagertzen zaizkie.
NBEren 690. ebazpenak, 1991ko apirilaren 29koak, Saharako herriak bere autodeterminaziorako duen eskubidea aitortzen du. Plan horrek trantsizio-aldi bat ezartzen du. Horren arabera, Mendebaldeko Saharako herriak bere independentziaren edo Marokon integratzearen artean aukeratu beharko luke. Erreferendum hori, ordea, ez da inoiz egin.
Bestalde, Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak 2021eko irailean berriro erabaki zuen (2016an eta 2018an ere hala egin zuen) Mendebaldeko Sahara eta Maroko bi lurralde desberdin eta bereizi direla. Europako Justiziak azpimarratu zuen Marokok ez duela Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasunik, potentzia okupatzaile soila dela eta, beraz, lurraldean duen presentzia legez kanpokoa dela.
Baina zer axola dio nazioarteko legalitateak, inperialismo iparramerikarraren eta EBko mendeko kideen interesak babestu eta defendatu nahi direnean? Beren hipokrisiak ez du mugarik.
NBEaren ebazpenak edo nazioarteko auzitegien epaiak ez badatoz bat potentzia handiek lortu nahi dituzten helburuekin, ez dira aintzat hartzen eta zaborrontzira botatzen dira, inolako kontenplaziorik gabe.
45 urteko gerra eta errepresioa
Espainiak erregimen frankistaren deskonposizio garaian izandako deskolonizazio prozesuan daude Saharako arazo nazionalaren sustraiak[7]. Testuinguru horretan hainbat interesek bat egin zuten; batetik Hassan II.aren monarkiak Saharako kostaldeko aberastasuna eta fosfato-hobiak ustiatu nahi zituen, eta, aldi berean, txobinismoa hauspotu, Marokoko masen arreta arazo larrienetatik desbideratzeko; bestetik, inperialismo estatubatuarrak Marokoko erregimena aliatu sendotzat hartu nahi zuen. Azkenik, Francoren erregimenaren oinordekoak Juan Carlos I.aren koroatzea prestatzen zebiltzan eta AEBren abala eskuratu nahi zuten operazio hori aurrera eramateko.
Marokoko diktadurak, AEBen babesarekin, antolatutako “martxa berde” ospetsuaren ondoren, egungo errege emerituak eta Hassan II.ak isilpean hitzartu zuten Espainiako Estatuak Sahara Marokori utziko ziola, iparramerikarrek erregeari emandako babesaren eta Marokorekin sinatutako akordio ekonomiko batzuen truke. Akordio horiek Madrilgo Hiruko Akordioaren eranskin sekretuetan jasota geratu ziren, 1975eko azaroan, eta akordio horrek itxi egin zuen koloniaren eskualdatzea.
Urte bereko Marokoren inbasioak gerra piztu zuen eta 1991ra arte iraun zuen. Saharako lurraldearen okupazioa izugarria izan zen, fosforo zuriz eta napalmez egindako zibilen aurkako bonbardaketekin. Biztanleriaren ihesaldi masibo bat gertatu zen, biztanleen bi heren inguru erbesteratu egin ziren eta askok Tindufeko errefuxiatu-esparruetan amaitu zuten, Aljerian. Gaur egun, 175.000 errefuxiatu inguru bizi dira bertan.
Gerrak Mendebaldeko Sahara bitan banatu zuen: Marokok okupatutako kostaldea, fosfato-hobiak biltzen diren lekua, eta Aljeria eta Mauritaniarekin muga egiten duen ekialdeko eremua, Lurralde Askatuak bezala ezagutzen dena. Bertan borrokatzen du Fronte Polisarioak. 1980an hasi zen Maroko lotsaren harresia eraikitzen, bi zatiak bereizteko.
Saharako herriaren autodeterminazio eskubidearen alde
Hamarkadetan zehar, Marokoko monarkia kinka larrian jartzea lortu duen gauza bakarra masa-borroka izan da. NBEren planek ezer ere ez dute konpondu.
Saharako eta Marokoko zapalduek mobilizazio ugari egin dituzte azken hamarkadetan. 2005ean, Saharako Intifada deiturikoa izan zen; 2008ko ekainean, Marokoko greba orokorra; 2010ean, Gdim Izikeko kanpalekua altxatu zen, 20.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen, eta hilabete batzuk geroago, Marokoko zapalduek bat egin zuen Arabiar Udaberriko olatu iraultzailearekin, Otsailaren 20ko Mugimendua piztu zen; 2016ko urrian, Hirak (Herri Mugimendua) lehertu zen Rifen, 2011tik izandako altxamendurik handiena.
Gertaera horiek guztiek erakusten dute gakoa autodefentsa armaturako eskubide osoa duen Saharako herritarren indarrak eta langile eta nekazari marokoarren indarrak elkartzea dela, miseriara kondenatzen dituen erregimen autoritario eta ustel berberari elkarrekin aurre egiteko. Fronte Polisarioak lezio guztiak atera behar ditu Sanchezen Gobernuaren, EBren eta AEBen traiziotik, eta iraultza sozialistaren programan oinarritu behar du, Saharako herriaren eskubide nazionalen aitortza konkistatzeko.
Kapitalismoa eta zapalkuntza inperialista garaituta bakarrik izango da libre Saharako herria.
Oharrak:
[1] Podemos, Saharako Gobernuaren jarrera aldaketari buruz: «Herrialdeak Saharar herriaren eskubideekiko eta giza eskubideekiko konpromisoa du»
[2] Txinak Zetaren Ibilbide Berrirako proiektua indartu du Marokon
[3] Frantziak berretsi du Marokok Mendebaldeko Sahararako duen autonomia-plana serioa eta sinesgarria” dela.
[4] Alemaniak Sahararako Marokoren autonomia plana babestu du
[5] Txinak eta Aljeriak NBEren ebazpenekin bat datorren konponbidea eskatu dute Sahararentzat
[6] Bruselak Espainiaren bira babestu du Saharan
[7] Puntu honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, hauxe irakur dezakezu: Marokoren erasoaldi militarra Saharako herriaren aurka, Espainiako Gobernuak isilik mantentzen den bitartean