Artikulu hau idazteko unean, areagotu egin dira Libanoren inbasio sionista saihesteko negoziazioak, AEB eta Frantzia buru direla. Ekialde Hurbilean Hezbolaren aurkako gerra batek eta Iran gerran sartzeko aukerak zalantza asko sortzen ditu Mendebaldeko botere gune inperialistetan. Eta, hala eta guztiz ere, Netanyahuren erregimena inpunitate osoarekin sentitzen da eta makineria militarra prestatzen ari da. Sionistak Hitler bezala jokatzen ari dira, buruzagi naziak Londres eta Parisko baretze politikei barre egiten zienean.
Ezinezkoa da aurreikustea Tel Aviven agintzen duten eskuin muturreko mesianikoen politikek zein ondorio izan ditzaketen Ekialde Hurbilarentzat eta munduarentzat. Ministro sionistek publikoki adierazi dutenaren arabera, estatu sionista indarrak metatzen ari da mugan, Libano airetik suntsitu ondoren, lurreko inbasio bat hasteko eta Hezbola Litani ibaiaren beste aldera jaurtitzeko. Libano bigarren Gaza bihurtu nahi dute.
Israel eta Netanyahu nazien Alemaniarekin eta Hitlerrekin alderatzea ez da txorakeria. Egun gutxitan, Libano hegoaldeko bonbardaketa sionistek 558 pertsona hil dituzte, horietatik 50 haurrak, eta 2.000 inguru zauritu uzi dituzte. 1990ean gerra zibila amaitu zenetik eraso batek eragin duen hildakoen kopururik handiena da. Izua hedatu nahi dute, Gazan bezala, biztanleria zibila jo ta su sarraskituz eta berehala ihes egitera behartuz. Hanka egin duten pertsonak dagoeneko milioi erdi pertsona dira, 5,5 milioi biztanle baino ez dituen herrialde batean.
Astebete lehenago, sionistek kaosa zabaldu zuten Libanon eskala handiko eraso terroristekin, walki-talkiak, telefonoak eta bestelako gailuak leherraraziz. 5.000 bonba baino gehiago 50 hildako eta 3.000 zauritu baino gehiago eragin zituzten, gehienak mutilazio izugarriekin! Eraso terrorista masiboak izan ziren baina, jakina, mendebaldeko "demokraziek" ez dituzte kondenatu.
Bitartean, Gazako genozidioak ez du su-etenik ematen. Dagoeneko kanpaina militar gupidagabeak 42.000 inguru hil ditu, eta The Lanceten arabera, kopuru hori orotara 180.000koa izan daiteke. Horri guztiari ehunka mila zauritu eta gaixo gehitu behar zaizkio. Baita lurraldea erabat birrindurik uztea ere, bonba atomikoak Hiroshiman utzitako irudiak gogoraraziz.
Gazako genozidioa Zisjordaniara ere zabaldu da, eta kolonoen eta Israelgo armadaren erasoaldi faxistak erabateko izua eragin du bertan: iaztik 700 palestinar inguru hil dituzte, horietatik 164 haurrak; soldadu israeldarren irudiek agerian uzten dute Netanyahu eta haren gobernu nazi-sionista zein urrun iritsi diren.
AEBk eta EBk Netanyahuren gerrak armatu eta finantzatzen dituzte
Alabaina, erregimen sionistak hori guztia egin badezake, eta mundua aurreikusi ezin diren ondorioak dituen gerra batetara bultza badezake, hori Biden, Kamala Harris eta Etxe Zuriko buru diren demokraten laguntza militar, ekonomiko eta diplomatiko sutsuari esker da. Bai, demokratena! Trumpen aurkako kanpaina egiten duten eta ultraeskuinaren arriskuaz hitz egiten duten berberak dira munduko gobernurik faxistenaren eta supremazistenaren babesleak.
Dudarik ez uzteko, Washingtonek erabaki berri du beste hegazkin ontzi bat eta hainbat gerra fragata bidaliko dituela Libanoko eta Irango kostaldera, eta tropa gehiago Ekialde Hurbilera. Argi utzi diote Netanyahuri, eginak egin arren, babesa ematen jarraituko diotela. Bidenek berak, NBEren Batzar Nagusian, adar jotzea zirudien hitzaldi batean, Hamasi eta Hezbolari bota zien eskaladaren errua berriro. Hitlerrek ere, bere garaian, txekiarrei edo poloniarrei eta bereziki juduei leporatu zien euren herrialdeen inbasioaren eta garbiketa etnikoaren errudunak izatea.
Azaldu dugun bezala, Washingtonen laguntza finantzario eta militarrik gabe, estatu sionistak ezingo luke jarraitu Gazako genozidioarekin, eta, jakina, ezingo luke planteatu ere egin Libanoko gatazka.
Israelgo ekonomia lur jota dago. 60.000 enpresek porrot egin dute urriaren 7tik, eta sektore osoak geldituta daude, hala nola eraikuntza, landa edo turismoa. Horren arrazoia, besteak beste, erreserbisten erreklutamendua izan da, mobilizatutako militarren % 71 hartze baitu. Defizit publikoa ia % 9koa da, eta gastu militarraren hazkunde bizkorrak elikatzen du. Israelgo Bankuak kalkulatu duenez, gerrak 67.000 milioi dolar jango ditu 2025era arte. Alabaina, AEBk dagoeneko onartu du Israeli 30.000 milioi euroko laguntza gehigarria ematea.
Gu despistatzen saiatzen dira, sinetsaraziz AEB txunditurik dagoela Israelen ekintzekin. Zehatz mehatz ezagutzen dituzte planak, eta sionistek ez dute pausorik ematen Etxe Zuriaren oniritzia izan gabe, azken horiek oso konbentziturik egon ez arren. Une honetan, Etxe Zuriak ez du gerraterik nahi Libanon, egia da, baina behin eta berriro lagunduko diote estatu sionistari. Netanyahuk eta bere ministro faxistek ondo dakite hori!
AEBren gainbeherak eta Txinaren aurrean izan dituen galerek fidagarritasuna kentzen diote bere aliatu arabiar ohien aurrean, hala nola Turkia, Saudi Arabia edo Egipto. Horregatik ezin dio Israeli kontra egin, nahiz eta horrek, aldi berean, Ekialde Hurbilean eta munduan gero eta bakartuago egotea ekarri.
Eta gauza bera esan dezakegu Europari buruz eta Borrell bezalako kanpo politikaren bozeramaileei buruz. Aiene asko gatazkaren biktimengatik edo Libanoko inbasioaren arriskuaren aurrean, baina ez dute neurri bakar bat ere hartzen, ezta zigor bakar bat ere, estatu sionistaren aurka. Errusiarekin bai, eta Israelekin ez? A ze Hipokresia!
Europako Batasunak Israelen lehen bazkide komertziala izaten jarraitzen du, eta bere horretan mantentzen du EB-Israel elkartze hitzarmena. Armak saltzen eta hornitzen jarraitzen du, eta AEBekin batera, Netanyahuri beharrezko baliabide guztiak bermatzen dizkio Gazan sarraskia egiteko eta gerra Zisjordaniara eta Libanora zabaltzeko. Borrellen aieneak eta Pedro Sanchezen diskurtsoak antzezpen hutsa dira eta Sumarrekin eta IUrekin batera osatzen duten Espainiako Gobernuak parte hartze zuzena du egoera honetan.
Hirugarren Reich sionista
Estatu sionista muga jasanezinetara iristen ari da. Duela urtebete naziei buruzko film bateko eszenatokia emango zukeena, orain errealitate bihurtu da. Gazako suntsiketak eta genozidioak ez du parekorik XXI. mendean, eta gerrak Ekialde Hurbila hartzeko mehatxua gero eta posibleagoa da.
Netanyahuren gobernuak eta bere aliatu faxista ultraortodoxoek, egunez egun 14. katetik (Israelgo telebista kate ikusiena) palestinarren eta orain libanoarren garbiketa etnikoa defendatzen ari dira, eta arma atomikoen erabilera justifikatzera ere iritsi dira. Baina asmo osoz esandako ankerkeria eta astakeria horietako bakar batek ere ez die murriztu jasotzen duten babesa. Aitzitik, Israelgo gizartean duten boterea indartzen eta sendotzen ari dira.
Oposizioak, duela urtebete Netanyahu bere erreforma judizial autoritarioagatik larri estutu zuen arren, orain ez dio deriba horri aurre egiten. Gazako genozidioa eta Zisjordaniako palestinarren aurkako sarraskiak gaitzesteari uko egin dio, eta bahituak bueltan ekartzeko su-etena eskatzeko protestak murriztu ditu.
Orain, gainera, oposizio horren zati bat ari da sutsuen eskatzen Libanon esku hartze militarra hastea. Benny Gantz buruzagi nagusietako batek, maiatzera arte Netanyahurekin Gobernua partekatzen zuenak, duela aste batzuetatik esan du "iparraldean ekiteko garaia" iritsi dela, eta Netanyahu kritikatu du bere ustezko pasibotasunagatik: "Egia esan, uste dut berandu gabiltzala". Eta gauza bera gertatzen da Yair Lapidekin. Netanyahuren Gobernuan sartzeari uko egin zion, baina orain Libanoko biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketa basatiei ongietorria eman die, "unea iritsi dela" adieraziz. Oposizio horrekin, nola ez da bada nagusituko ultraeskuindar mesianikoa?
Yoav Gallant Defentsa ministroa ustez Gobernuaren alde moderatua zen eta Netanyahuk eta bere lagun faxistek haren postua zalantzan jarri izan dute. Orain bera da eskalada militarraren defendatzaile sutsuenetako bat. Israelen ezarri den larrialdi egoerak armadari eskumena eman dionean herritarren oinarrizko eskubideak bertan behera uzteko eta bilerak debekatzeko, zera esan du Yoav Gallantek argi eta garbi: "publikoak jarrera, diziplina eta erabateko obedientzia erakutsi beharko ditu".
Deriba totalitario hori gero eta nabarmenagoa da Israelen barruan, eta hamarkadak dira palestinarrek pairatzen dutela Gazan eta Zisjordanian. Argi dago Netanyahuk eta bere kideek ez dutela inolako erreforma judizialik behar eskubide demokratikoekin amaitzeko eta estatu sionista diktadura teokratiko bihurtzeko. Bide horretatik, supremazismo sionistari eta gerrazalekeria ankerrenari erabat amore emanik dagoen oposizioarekin, ia ezinezkoa izango da Netanyahu eta bere gobernua geldiaraztea.
Sionismo ultraeskuindarraren aurkako oposizio irmoa altxatzeak, lehenik eta behin eskatzen du Israelgo estatu kolonialista kapitalistari aurre egitea, Gazako eta Zisjordaniako palestinarrei eskubide oro ukatzen baitie. Halaber, herri palestinarraren erabateko askapenaren alde kontsekuenteki borrokatzea eskatzen du.
Elkartasun internazionalistak eta iraultzak bakarrik geldiaraziko dute gerra!
Nahiz eta AEB, EB eta nazioarteko komunitatea konplizitate kriminal batekin jokatzen ari diren, nahiz eta su etena eskatzen duten beste potentzia inperialista batzuk uko egiten dioten estatu sionistarekin harremanak hausteari, hala nola Errusiak edo Txinak, egia esan, genozidioaren aurkako masen borroka indartzen ari da mundu osoan.
Milioika lagunek bete ditugu kaleak Palestinako herriari elkartasuna adierazteko, eta orain berriz egingo dugu gerraren aurka eta Libanoko gure anai-arrebei babesa emateko. Jordanian, Marokon, Egipton, Turkian... Israelekin negozio handiak egiten dituzten gobernu ustelen herrialde horietan mobilizazio ikaragarriak ikusi ditugu. Haatik, esan izan dugun bezala, basakeria horrekin amaitzeko ezinbestekoa izango da udaberri arabiar berri bat, oraingoan gobernu hauen eta sistema kapitalistaren aurka joaz, iraultza sozialista gisa.
Duela gutxi, Liga Arabiarrak Borrelli eskatzen zion EBk ausardiaz joka zezala Gazako genozidioa geldiarazteko. Baina… eta Liga Arabiarrak? Zergatik ez dute petrolio eta gas merkataritzan 1973an bezala boikota ezartzen? Non dago elkartasun arabiarra deiturikoa? Kaleetan bai noski. Baina ez gobernuetan, interes bakarra baitute: instituzio sionistarekin eta bazkide amerikar eta europarrekin dituzten negozio oparoak mantentzea.
Hilabete hauetan AEBn masa mugimendu indartsua ikusi dugu Palestinaren kausaren alde. Demokratentzat amesgaizto bihurtu da, mugimenduak irmo salatu baititu genozidioaren erantzule gisa. Zazpi sindikatu handik Israelekin harremanak erabat eteteko eskatu diote Bideni. Hori ez da huskeria eta presidentetza galtzeko faktore bat bihur dakieke.
Gauza bera gertatzen da kontinente zaharrean. Britainia Handian, lehen ministro laborista berriak sarraskiaren aldeko politikarekin jarraitzen du, baina ia milioi bat pertsonak Londresko kaleak hartu berri dituzte. Eta protestak etengabe gertatzen dira Frantzian, Estatu espainiarrean, Belgikan, Suedian eta baita Alemanian ere, gobernu sozialdemokrataren errepresio bortitzari aurre eginaz. Nabarmendu behar da Alemaniako gobernuak bilera publikoak debekatu eta desegin dituela, Samidoun bezalako elkartasunezko erakunde palestinarrak ilegalizatu dituela, eta orain haurrak atxilotzen ere ari dela, sionisten ereduari jarraiki, bandera palestinar bat eramateagatik. Horra hor munduari lezioak eman nahi dizkion Europa demokratikoa.
Libanoko basakeria sionistak, eta orain inbasio militar batek, langile klasearen, gazteriaren eta zapalduen arteko haserrea areagotu besterik ez dute egingo. Gorakada horren aurrean, eta Ekialde Hurbil osoko gerra baten arrisku larriaren aurrean, ezin dugu inolako konfiantzarik jarri Mendebaldeko gobernu kriminalen jardun diplomatikoan, ez NBEn edo nazioarteko komunitatean, ezta Txina edo Errusia bezalako potentzietan ere; izan ere, nahiz eta estatu sionista salatu komunikatu publikoetan, pasibotasun izugarria baitute, Netanyahuri lasai egiten uzten diona.
Masen mobilizazioa gogortu eta zabaldu behar da, boikot ekintzak areagotuz eta ekoizpena geldiaraziko duten lanuzteak eta greba orokorrak bultzatuz. Eta hori egin behar da seinalatuz, lehenik eta behin, geure gobernuak eta basakeria geroz eta krudelagora garamatzan sistema kapitalista bera. Gerra gerrari eta gerra sarraskia sostengatzen duten gure gobernuei!
Berriro ere, mundu osoko klase agintariak, Israel, AEB eta EB buru direla, 1914koa edo 1939koa bezalako eszenatoki batera garamatzate. Militarismoaren eta inperialismoaren aurrean, genozidio sionistaren aurka, internazionalismo proletarioaren borroka oihua inoiz baino beharrezkoagoa da: sozialismoa edo basakeria!
Ibaitik itsasora, Palestinak irabaziko du!
Bonbarik ez, soldadurik ez, eurorik ez gerra inperialistarako eta genozidio sionistarako
Batu zaitez Ezker Iraultzailera