Behera Yoon Suk-Yeol-en gobernua! Gora Koreako langileen borroka!

Joan den abenduaren 3an, asteartea, Yoon Suk-Yeol Hego Koreako presidentea, Herri Boterearen Alderdi (PPP) kontserbadorekoa, estatu kolpea ematen eta gerra legea ezartzen saiatu da, armada erabiliz.

Gerra lege horren bitartez, hauek aginduko zituzkeen: Asanblea Nazionalaren jarduera ezabatzea; manifestazio, bilera, greba eta jarduera politiko guztiak debekatzea; oposizioko alderdiak eta sindikatuak isilaraztea; armadak hedabideak eta prentsa zentsuratzea, eta eskubide demokratikorik oinarrizkoenak etetea. Horrek ahalbidetu egingo luke agindu judizialik gabe edozein herritar edo etxebizitza atzitu, atxilotu eta arakatzea.

Librería"
Joan den abenduaren 3an, asteartea, Yoon Suk-Yeol Hego Koreako presidentea, Herri Boterearen Alderdi (PPP) kontserbadorekoa, estatu kolpea ematen eta gerra legea ezartzen saiatu da, armada erabiliz.

Presidenteak gerra legea iragarri eta berehala, Park An-Su ―lege hori aplikatzeko izendatutako komandante militarra― jendaurrean agertu zen neurri diktatorial horien berri zehatza emateko eta jakinarazteko Seulen tropa eta indar bereziak hedatu izana, Asanblea Nazionala hartzeko helburuarekin, bertan oposizioko diputatuak batzartuta zeuden eta. Kanpoaldetik zetozen albisteek adoretuta, bildutako diputatuek, Parlamentuak dituen 300 ordezkarietatik 192k, gerra legearen aurkako mozio bat onartu zuten, eta Yoon Suk-Yeol presidenteari agindu zioten legea altxatzeko.

Hedabide independenteek eta sare sozialek zabaldutako informazioaren arabera, presidenteak eta armadaren buruzagitzak hasiera batean ez zioten mozioari men egin nahi izan, eta euren asmoei eutsi zieten; alegia, Parlamentuari eraso eta oposizioko buruzagiak eta kideak atxilotzeko agindu zuten. Baina dena aldatu zen jabetu zirenean euren kolpe militarra ezartzeko gogor borrokatu beharra izango zutela herri antolatuaren erresistentziaren aurrean.

Kolpeak porrot egin du azkenean; izan ere, milaka langilek, gaztek eta herritarrek aurka egin diote, Asanblea Nazionala inguratuz eta militarrei ausardiaz aurre eginez. Era berean, porrota eragin dute entzerratutako diputatuen erresistentziak, bai eta Hego Koreako sindikatu nagusiak, Koreako Sindikatuen Konfederazioak (KCTU) egindako iragarpenak ere; 1,2 milioi afiliatu dituela, sindikatuak iragarri du greba orokor mugagabea hasiko duela gerra legea bertan behera utzi arte.

Koreak, “Txinako diktadura" zitalaren aurrean "demokrazia liberalaren" eredutzat hartzen denak, berriro ere agerian utzi du mendebaldeko inperialismoaren eta Washingtonen aliatuen gainbehera larria; hain zuzen ere, nagusitasun globala erdiesteko borrokan ari diren eremu guztietan nabari da erorialdia. Dela Afrikan edo Latinoamerikan, dela Europan edo Asian, kinkan dago AEBk SESBen kolapsoaren ondoren eraiki zuen mundu ordena. Zauritutako piztia baten antzera, Estatu Batuetako handikiak gogor egiten ari dira errealitate horren aurka, eta, hortik, ezegonkortasun kronikoa sortzen dute.

Zelenskiren erregimenak Ukrainan pott eginda eta Errusiak Donbass-en indartsu jarraitzen duela berretsi ondoren ―zigorrei iskin eginez eta haren ekonomia hazten ari dela ―, ez da halabeharra AEBk Sirian erasoaldi kriminal bat abian jarri izana (faxista kutsuko milizia salafistak eta jihadistak erabiliz), sionistak Gazan gauzatzen ari diren genozidioari babesa berretsi izana, eta orain Korean kolpe militar bat sustatzea, hain zuzen ere berebiziko garrantzi geopolitikoko esparru batean, non nabarmen areagotu baita Pekinekin irekitako gatazka, bai Taiwanengatik, bai Txinako itsasoko ibilbideen kontrol militarra bermatzeagatik eta hango merkataritza mendean izateagatik.

Librería"
Kolpeak porrot egin du, milaka langile, gazte eta herritarri ―Asanblea Nazionala inguratu eta militarrei aurre eginda ―, entzerratutako diputatuei eta Hego Koreako sindikatu nagusiak greba orokor mugagabea hasteko egindako iragarpenari esker.

Gizarte miseriak eta prekaritateak klase borroka indartzen dute

Hego Koreako gertaerek argi erakusten dute demokrazia burgesak, eta haien sistema parlamentarioa, monopolio kapitalista handien diktadura ezkutatzen duen aurpegi huts bat baino ez direla benetan, eta burgesiak ez duela inolako eragozpenik forma "demokratikoak" alde batera utzita neurri larderiatsuetara jotzeko, haren interesak mehatxupean egonez gero.

PPPk eta alderdiko presidenteak gerra legea zuritu dute, eta, hortaz, kolpe militarra ere bai, oposizioaren aurrean "demokrazia liberala" salbatzeko ezinbesteko neurria delakoan; izan ere, ustez Ipar Korea begiko izatea eta Estatuaren aurkako jarduerak egitea leporatu zioten oposizioari.

Baina propaganda horren atzean bestelako errealitate bat ezkutatzen da, alegia, egungo presidentearen eta haren gobernu ultrakontserbadorearen izan txarra (gutxiengo dira Asanblea Nazionalean) eta Hego Koreako kapitalismoak bizi duen krisi larria. Krisi hori estu lotuta dago Txinak eta AEBk munduan nagusigoa lortzeko borrokan jardutearekin.

2022ko hauteskunde presidentzialetan lorturiko garaipen eskasak (% 0,8ko aldea bakarrik) eta azken legegintza hauteskundeetan presidentearen alderdiak izandako hondamen latzak nabarmen polarizatuta utzi dute herrialdea. Kolpearen unean, Asanblea Nazionalak egungo gobernu kontserbadorearen aurkako aurrekontu batzuk onartuak zituen 2025erako, baita Estatuko fiskal nagusia eta beste goi kargudun batzuk kargutik kentzeko mozioak ere. Beste alde batetik, ustelkeria kasuak estu hartzen ari dira presidentea eta haren emaztea, eta kaleetako haserre eta ezinegon soziala etengabe areagotzen ari da.

Koreako gizartea aurrekaririk gabeko krisi egoerara eraman dute bizi baldintzak okerragotzeak, soldata txikiek eta lan prekaritateak; eta azken urteotan, are egoera larriagoan jarri dute kontrolik gabeko inflazioak, lanaldi amaigabeek (munduko luzeenetakoak, 11 ordura artekoak) eta etxebizitzaren prezio guztiz neurrigabeek.

Hego Koreak munduko jaiotza tasarik baxuena du, eta emakumeei bereziki garesti irteten zaie, ELGAko herrialde guztietako generoko soldata arrakalarik handiena dago eta. Horren ondorioz, mugimendu feministak berebiziko indarra bereganatu du azken urteotan, eta, beste herrialde batzuetan bezalaxe, eskuindarren erreakzioaren eta Yoon Suk-Yol agintariaren adierazpenen jomuga bihurtu da.

Baina funtsezko kontua da Hego Koreako langile mugimenduaren erantzunak oso egoera nekeza eragin diola klase menderatzaileari. Azken urteetan izandako greba boladak, eta bereziki aurten egin direnek, oldarkortasun maila oso arriskutsuak eskuratu dituzte. Estatu kolpea ematen saiatu baino lehentxeago, garraioaren, hezkuntzaren eta zerbitzu publikoen sektoreetako hainbat sindikatuk hiru eguneko greba koordinatuetarako deia egina zuten, abenduaren 2tik aurrera egitekoak ―besteak beste, zama kamioilarien elkartasun greba bat ―; eta, halaber, trenbide enpresako eta Seulgo metroko langileei abenduaren 5etik eta 6tik aurrera greba mugagabean jartzera deitu zieten[1]. Bestalde, aurtengo martxotik, praktikaldian dauden 12.000 mediku egoiliarrek greba eta mobilizazio iraunkorrak eta oso erradikalizatuak egin dituzte, osasun zerbitzua hari batean jartzeraino.

Librería"
Azken urteetan izandako greba boladak, eta bereziki aurten egin direnek, oldarkortasun maila oso arriskutsuak eskuratu dituzte. Estatu kolpea ematen saiatu baino lehentxeago, garraioaren, hezkuntzaren eta zerbitzu publikoen sektoreetako hainbat sindikatuk grebarako deia egina zuten.

Samsung enpresak, herrialdeko industriaren enpresarik adierazgarrienak (BPGaren % 22,4 berari zegokion 2022an), 100.000 langile baino gehiago dituelarik, greba mugagabea bizi izan zuen uztailaren 10etik abuztuaren 8ra bitartean, soldata igoeren eta ordaindutako oporren aldeko borrokan. Greba historikoa izan zen, azken 55 urteotako lehenengoa, hain zuzen ere historian zehar sindikatuei maiz eta etengabe jazarri zaien enpresa batean. Greba hori borrokaldi gogor-gogor baten ondorio izan zen, enpresa barruan sindikatu independenteak onartzea ahalbidetu zuen eta. Gaur egun, gatazkak bizirik eta konpondu gabe jarraitzen du.

Koreako gizartearen gainean helarazi nahi diguten kontakizuna, hots, jendarte diziplinatua eta balio kontserbadoreei loturik bizi dela eta kultura arrazoiengatik atsedenik gabe lan egiten duela dioen ikuspegia, erabat faltsua da, eta hango erregimenaren legitimotasun krisi gero eta handiagoa estaltzeko ahaleginean dabil.

Hego Korea, oinarrizko pieza bat Txina eta AEBren arteko gatazkan

Gizartearen altxagarri horrekin eta masa borrokaren gorakadarekin batera, munduko hegemonia lortzeko inperioen arteko borrokan herrialdeak duen jarrera da itzelezko ezegonkortasun hori azaltzen duen beste alderdia.

Hego Koreako erregimena AEBren aliatu porrokatua da, eta muturreko politika militarista eta gerrazalea gauzatzen ari da. 2017an, gobernu kontserbadore batek Estatu Batuen Thaad misil sistema hedatzea erabaki zuen, Ipar Korearen mehatxuak indargabetzearen aitzakiapean. Alabaina, politika horren jomuga beste bat zen: Pekingo gobernua.

Esan beharra dago parlamentuko oposizioa ez dela inondik ere ez komunista, ez iraultzailea; aitzitik, Txinara hurbiltzeko asmotan dabiltzan burgesiaren fakzioak dira oposizioko buru. Horrela bada, misilak hedatzearen aurka agertu zen, Txinarekiko harreman ekonomiko gero eta estuagoei kalte egin ziezaiekeen zirikada bat zela iritzita.

Washingtonen estrategia argia da. Jakina da Ekialdeko Europa eta Ukraina erabili dituela Errusia militarki setiatzeko, eta atzera egin du NATO ekialdeko mugan ez hedatzeko hartu zituen konpromiso guztietan; bada, ildo beretik jo du Asiaren kasuan, hau da, Taiwanen eta Hego Korean haren probokazio militaristek helburu bera dute: Txinari ohartarazpen latz bat helaraztea. Kontua da iraganeko harropuzkeriek ez dutela lehengo eragin bera.

Txinako erregimenak erantzun egin zion misilen sistema instalatzeari, halabeharrezko zigorrak ezarriz; hala nola, Txinako turismoa Hego Koreari ixtea, diru sarreren iturri garrantzitsua baita. Inork pentsatzen badu agintari txinatarrak oso makurrak direla, pentsa dezagun zer gertatuko litzatekeen Mexikok bere lurraldean misil sistemak instalatzeko baimena emango balu, AEBren segurtasuna mehatxatzeko. Tesia formulatze hutsak berekin dakar erantzuna.

Inperialismo estatubatuarrak sakrifikatuko ez duen pieza bat da Hego Korea. Marra gorri bat da. Jakina denez, Koreako gerra 1953an bukatu zen, AEBk Ipar Korean 635.000 tona bonba bota ondoren, hiru milioi zibilen heriotza eta 5.000 eskolaren, 1.000 erietxeren eta 600.000 etxeren suntsipena eragin zutenak. Bada, harrezkeroztik, Washingtonek erabateko eta izugarrizko presentzia militarra du hegoaldean, 30.000 soldadu inguru zabalduta baitauzka lurraldean.

2022an boterea eskuratu zuenetik, Yoon Suk-Yeol presidentearen gobernu kontserbadoreak are indar handiagoz bat egin du Estatu Batuen inperialismoak ―eta zehazki Biden-en administrazioak― akuilatutako asmo militaristarekin eta probokazioekin. Denboraldi honetan indartu egin da AEBren, Japoniaren eta Hego Korearen arteko aliantza, hiru aldeko hitzarmen militar eta segurtasuneko baten bitartez. Horrek guztiak ondorio nabarmenak ekarri dizkio Hego Koreari: defentsaren arloko aurrekontuak izugarri handitu dira, lehendik ere murriztuta dauden gizarte politiken kaltetan, eta uko egin zaio eskakizun historiko bati, hots, Japoniari Bigarren Mundu Gerraren aurretik eta bitartean Koreako herritarren aurka eragin zuen genozidioagatik kalte ordainak exijitzeari.

Librería"
Munduko nagusigoa erdiesteko Txinarekin lehian dagoen honetan, inperialismo estatubatuarrak sakrifikatuko ez duen pieza bat da Hego Korea. Washingtonek 30.000 soldadu inguru ditu zabalduta herrialde horretan.

Akordio berri horiek haserrea ernatu dute legebiltzarreko oposizioan eta biztanleriaren sektore zabalen artean. Alderdi Demokratikoko presidentegaiak, Lee Jae-myung-ek, argi eta garbi azaldu du zein den auziaren gakoa legegintza hauteskundeetarako kanpainan, urte honen hasieran: "Lehen, Txina zen Hego Korearen esportazio merkatu nagusia; orain, ordea, Hego Koreak batez ere inportatu egiten du Txinatik. Txinatarrek ez dute Hego Koreako produkturik erosten, ez zaielako gustatzen Hego Korea. Zergatik ari gara Txina haserrearazten? ‘Xie xie’ ―eskerrik asko― esan beharko genioke [Txinari], eta berdin ‘xie xie’ Taiwani ere. Zergatik ari gara trabak jartzen itsasarteko harremanei [Txina-Taiwan artekoei]? Zergatik axola digu zer gertatzen den Taiwango itsasartean? Ez al genuke soilik geure buruarengan pentsatu behar?"[2].

Ikusmolde horrek argi erakusten du Hego Koreako klase menderatzailearen barruan ere gero eta banaketa handiagoak daudela Txinaren aurrean mantendu beharreko jarrerari dagokionez. Inoiz ez da halakorik gertatu orain arte. Beste horrenbeste ari da gertatzen oraintsu arte AEBren bazkide egonkor eta fidagarri gisa ageri ziren herrialde ugaritan. Bestak beste, Saudi Arabian, Filipinetan, Indian... Munduko indarren korrelazioa itsumustuan aldatzearen ondorioz azaleratzen diren kontraesanak dira; alegia, gain behera doan botere inperialista batekin (AEB) ohiko harremanei eustearen eta Txinarekiko negozio garrantzitsu eta gero eta onuragarriagoak indartzeko beharraren arteko sokatira.

Hego Korearen kasuan, kontraesan hori berealdikoa da gaur egun; izan ere, erdieroaleen Hego Koreako industria indartsua Txinaren mende dago erabat, bai lehengaiak eskuratzeko ―haiek ekoizteko baitezpadakoak diren lur arraroen % 80 txinatarren eskuetan daude―, bai erdieroaleok Txinara esportatzeko.

Hego Koreak ekoizten dituen zirkuitu integratu eta memoria txip guztien % 60,8 eta % 73,3 esportatzen du Txinara oraindik ere. Erdieroaleen Hego Koreako industria Txinako industriarekin integratzea dela eta, Taiwangoarekin gertatzen den bezala, oso zaila da desakoplatzea edo banantzea, AEBren presio guztiak gorabehera[3].

Kolpeak porrot egindakoan, lasaitua hartu duela adierazi du Estatu Batuetako administrazioak. Bai zinikoak eta gezurtiak jaun horiek! Eskarmentu pixka bat duen edonork erraz ulertzen du horrelako urrats bat ez dela ematen gutxienez estatubatuar inperialismoaren sektore garrantzitsu baten babesik izan ezean, eta CIAk zuzenean esku hartu duela hasiera-hasieratik.

Orain, euren krimenen aztarnak ezabatu nahian dabiltza, eta berdin egiten ari da agintean dagoen alderdia, PPP. Ordu batzuk isilik eman eta gero, azkenean, jendaurrera azaldu zen presidentearengandik eta kolpean parte hartu zuen armadako buruzagiengandik aldentzeko.

Zentzugabea da mendebaldeko hedabideek egin duten interpretazioa, hots, gertatutakoa Yoon Suk-Yeol erotu izanaren ondoriotzat hartzea. Axola handiko erabaki bat ez da hartzen ez estatubatuar inperialismoa albo batera utzita, ez Hego Koreako klase menderatzailea edo armadaren goi agintariak bazter utzita.

Librería"
Orain mobilizazioak Yoon Suk-Yeol eta haren gobernua kanporatu behar ditu, eta kolpean esku hartu duten guztiak auzipetu eta espetxeratu; baina, batez ere, alternatiba iraultzaile bat bultzatu behar du, argi eta garbi planteatuko duena kapitalismo korearra eroraraztea.

Mugagabeko greba, presidentea kanporatu arte

Kolpeak huts eginda, legebiltzarreko oposizioak mozio bat aurkeztu du presidentea kargugabetzeko, baina aginteko alderdiaren (PPP) boto batzuk beharko lituzke legez eskatutako bi herenen gehiengoa erdiesteko. Adierazgarria da KCTU sindikatu konfederazioak eutsi egin diola gerra legearen aurka deitutako greba mugagaberako deialdiari, harik eta gobernu kolpista behin betiko boteretik kendu arte.

Une honetan presidentea ezkutuan dago. Defentsako ministroak, ordea, agerraldia egin du, eta kolpean ardura duela onartu eta dimisioa eman du. Bestalde, presidenteak izendatutako lehen ministro kontserbadoreak aditzera eman du karguan jarraituko duela, "herriaren zerbitzura azken unera arte". Oso litekeena da egungo gobernuak behea jotzea eta Yoon Suk-Yeol presidentearen agintea amaitzea, nahiz eta AEBk eta barneko aliatuek ahaleginak eta bi egingo dituzten hori eragozteko. Oraingo agintariak eroriz gero, berriz ere hauteskundeetarako deia egin beharko litzateke, eta, beharbada, oposizioak alde handiz irabaziko lituzke.

Garrantzitsua da azpimarratzea oposizioko alderdiek ―batez ere Alderdi Demokratikoa, joera liberal-sozialdemokratakoa―, klase menderatzailearekin estu-estu daudelarik, ez dutela inolako asmorik hondamen sozialari edo prekarizazioari buelta emateko, eta, halaber, ez dutela planteatzen herrialdea mendean hartuta daukaten enpresa multzo handiak nazionalizatzearen ildoko programarik. Begi bistan dago Txinarekin harremanak sendotzeko eta Ipar Korearen auzokide ona izateko xedeak arrazoi onartezinak direla Washingtonentzat. Hori horrela, halabeharrezkoa da liskarra piztea, eta egoera sozial gero eta ezegonkorragoarekin korapilatuko da.

Langileek, emakumeek eta gazte jendeak oinarritik abiatutako mobilizazioak zapuztu du kolpea. Eta mobilizazioak Yoon Suk-Yeol diktadoregaia eta haren gobernua kanporatu behar ditu, bai eta kolpearekin zerikusia duten politikari eta armadako kide guztiak auzipetu eta espetxeratu ere; baina, oroz gainetik, alternatiba iraultzaile bat bultzatu behar du, duda-mudarik gabe kapitalismo korearra indargabetzea planteatuko duena, benetako politika sozialista gauzatuko duen langileen gobernu bat irabazteko.