Txina kapitalismorantz joateak nekazarien eta langileen altxamenduak eragin ditu. Aldi berean, langile klase txinatarra erabat gaztetua eta indartua izan da landa guneetatik hirietara joandako 200 milioi nekazarirekin. Landa inguruko bizi baldintza miserableetatik hirietako esplotazio basatietara joatera behartuak izan dira bizi hobe baten bila. Orain, krisi ekonomikoak areagotuta, langile klase txinatarraren kontzientzia bortizki ari da aldatzen, ideia iraultzaileentzat leku aproposa eskainiz.
Honen adibide dira azkenaldian Txinan ematen ari diren gertakizunak. Orain arte komunikabideak Txinako hazkuntza ekonomiko ikusgarriaren inguruko albisteak behin eta berriz errepikatuz ibili dira, baina albiste horiek denbora batez alboratuak izan dira bertako langileek hainbat greba eta mobilizazio gogor antolatu ostean. Financial Times aldizkariko artikulu batek zera zioen: “Txinako langileak ondoez pixkat erakusten ari dira azkenean”. Baina “borrokarako gogo faltagatik” langile klase txinatarrari egindako kritika honek ez ditu aipatzen “munduko fabrikako” langileek dituzten zailtasun guztiak. Hainbat eta hainbat langile suizidiora bultzatu dituen esplotazio basatiaz gain, langile txinatarrek Alderdi Komunista Txinatarreko burokrazia prokapitalistaren zama eraman behar dute. Ezin da ahaztu oraindik Konstituzioko lehenengo artikuluak dioena: “Txinako Errepublika Popularra langile klasea buru duen Estatu sozialista da, langile eta nekazarien arteko aliantzan oinarritua”.
Kapitalisten poltsikoak langile odolez bustirik
Agintari “komunista” hauek, sistema sozialista bat defendatzetik urrun, behin eta berriz ari dira langile klasea erasotzen, hauen bizi baldintzak gizakiak jasan dezakeenaren mugetaraino eramaten eta behin baino gehiagotan muga horiek pasaz. Foxconn enpresan gertatu zena langile klase txinatarrak jasan behar dituen baldintza jasangaitz horien adibide bat besterik ez da. Enpresa hau jatorriz taiwandarra da eta munduko produktu elektroniko fabrikatzailerik haundiena. Apple, Dell, HP... bezalako enpresentzat egiten du lan eta 800 mila langile ditu Txinan. Bere zuzendariak, Ferry Gouk (Asiako gizon aberatsenetariko bat, 6.000 milioi dolarreko ondasuna) komunikabideetako titular bat baino gehiago bete du, denbora gutxian 11 langilek bere buruaz beste egin zutelako. Shenzhengo bere fabriketako langileek muntaiako kateetan dauzkaten teknika militarrak salatu dituzte, baita hilean irabazten dituzten 100 euroko soldatak ere, soldata hauekin ordu extra mugagabeak sartu behar izaten dituzte, eta egunero 16 ordu batazbeste astean sei egunez. Gertakizun hauek sortu duten iskanbilagatik enpresak %30 eta %66ko soldata igoerak iragarri ditu.
Hondaren lantegietan langileek borrokaren bidea hautatu dute jasaten dituzten bizi baldintza gogorren aurka. Lehenengo greba herrialdearen hegoaldean hasi zen baina berehala gainontzeko hiru lantegietara zabaldu zen, baita multinazional japoniarrarentzat ekoizten duten beste hainbat lantegietara ere. Grebaren zabaltzeak, marka honen herrialdeko ekoizpena gelditu zuenak, nagusiak larritu zituen eta azkenean soldatak % 24 altxatzeko konprometitu ziren. Beste hainbat enpresa ere langile borrokaren eskenatoki bihurtu dira (Hyundai, KOK, Tsisheng Furniture,…) soldata igoerengatik.
Ogiaren aldeko borrokatik eskubide politikoen aldeko borrokara
Baina ez da soilik soldata igoeren aldeko borroka. Langile sektore baten kontzientziazio politikoaren aurrean gaude, beraien herrixketako miseria utzi eta bizi hobe baten bila hirietara joan behar izan zuten milioika gazte langilerena. Hondako langileek, eskaera ekonomikoetaz aparte arlo politikoarekin zerikusi gehiago duten eskaerak ere egin dituzte. Erregimenaren sindikatu ofizialaren aurrean, aukeraketa zuzena eta beraien ordezkari sindikalen kontrola eskatu dute, zeinei borrokarako erabateko inplikazioa eskatu dien.
Egia da hauek lehenengo urratsak direla baina prozesua martxan da iada. Txina ez da salbuespen bat: kapitalismoa klase arteko borroka da. Kontzientziaren garapenak eta honen adierazpenak lehenago edo beranduago agertu daitezke baina azkenean baldintza materialek klase ezberdinen jokaeran bere zigilua ipintzen dute. Gainera enpresarien gose aseezinak ez ditu langileak pakean utziko eta horrek beraien borroka antolakuntza eta metodoak hobetzea eskatuko du, baita beraien programa erreibindikatiboa zabaltzea erasoetatik babesteko. Nahiz eta oraingoz enpresari askok soldata igoerak onartu behar izan, pentsatzen ari dira zein neurri hartu aurrerantzean tendentzia hau desbideratzeko eta etekinak ez jaisteko. 2009ko abenduan Shangain dagoen AEBko Merkataritza Kamerak 2002 multinazionalen artean egindako ikerketa batek zioenez, horietako %28ri ekialdeko kosta garestiegia iruditzen zitzaion eta enpresak herrialdearen barnealdera eramatea aurreikusten zuten (miseria handiagoko tokietan soldata txikiagoak ordainduz etekin gehiago aterako dutelako). Beste %14 batek horretaz aparte beste herrialde batzuetara deslokalizatzeko asmoa agertu zuten, hala nola Vietnam, India, Tailandia eta Indonesiara. Dagoeneko hori ari da egiten kapital alemaniarra duen Adidas taldea.
Alderdi Komunista Txinatarreko zuzendaritza kontu handiarekin ari da jokatzen, soldata minimoaren igoeraren aldeko adierazpenak eta langileen aldeko lege erreforma batzuk ere eginez. Ondo dakite zer nolako lehergailu soziala daukaten ipurdipean, nahiz eta langileei bi digituko soldata igoerak egin hauek sentitzen duten injustizia eta bizia aurrera ateratzeko zailtasunak ez direlako desagertzen. 2010 urteko lehen hiruhilekoan izandako %11,9ko hazkuntza ekonomikoa ospatzetik urrun Estatistikaren Bulego Nazionaleko bozeramaileak honela irakurtzen zituen datuak: “Gorako tendentzia hau hurrengo hilabeteetan mantsotu egingo da eta hazkuntza %8an geldituko da aurten, bigarren hiruhileko hazkuntza askoz txikiagoa izango delako”.
Egoera honetan, garrantzizko auzi bat agertzen da: txinako monetaren balioa eta AEBak egiten ari den presioa balio hori handitzeko. Pasa zen ekainaren erdialdera, Banku Zentralak yuanaren berbalorizazio prozesu bat iragarri zuen eta egun gutxitara honek 1993tik hona dolarrarekin alderatuz kotizaziorik altuena izan zuen. Teorikoki, sektore eszeptikoenen iritziz, yuan indartsuago batek, Txinarentzat inportazioen prezioa merketuko luke eta txinatarren eros ahalmena handitu, hainbeste nahi duten barne kontsumoa ere haundituz. Era berean, Europa eta AEBtako ekonomia nazionalentzat ere onuragarria izango litzateke, Txinarekin duten hartu-emanen defizit komertziala arinduko lukeelako eta horrela munduko ekonomiaren errekuperazioa ahalbidetu. Baina formula hau urruti dago perfektua izatetik zeren yuanaren berbalorizazioak txinako produktuen garestitzea ekarriko du eta beraz bere konpetibitatea galduko du munduko merkatuan.
Egoera gehiago okertzeko, higiezinen burbuilaren eztandaren mamua ari da zabaltzen Txinan. Kezka jabetzen prezioen igoera altuek eragin dute, prezio igoera horiek kapitalismo txinatarraren tendentzia espekulatiboen adierazpena direlarik. Munduko merkataritzaren erorketak esportazioetan eragin duen segurtasun faltak, higiezinen sektorea bezalakoetan inbertitzea ekarri du, eskulanen sektoreetan baino irabazi handiagoak eta azkarragoak eskaintzen dituelako. 2010eko lehen hiruhilekoan izandako hazkuntzaren zati haundi bat jabetza pribatuetan egindako inbertsioei esker izan zen, epe horretan %25eko hazkuntza izan baitzuen.
Nahiko argi ikusten da kapitalismo txinatarrak arlo ekonomikoari eta klase arteko borrokari egin beharko diela aurre, ahaztu gabe bi puntu hauek erabat loturik daudela. Marxismoak errealitatea den bezala ikusten du, mugimenduan eta prozesuen garapenean eta ez guri gustatuko litzaiguken bezala. Horregatik, ezin da ekoizpen indar txinatarren garapen ikusgarria ukatu hau kapitalismopean izan arren, eta ez da behar ukatu txinatar ekonomiaren hazkuntza ekonomia mundiala krisian aurkitu arren. Baina baieztatzen dena da sistema kapitalistak ez duela bere kontraesanekin bukatzerik lortu, ezta Asian ere. Eta hain zuzen, kontraesan horien garapena da langileak klase bezala kontzientzia hartzen laguntzen duena. Txina beste herrialdeetatik bereizten duen ezaugarri nagusia bere langile kopurua da eta dudarik gabe langile klase txinatarrak datozen urteetan munduko mugimendu iraultzaileetan paper garrantzitsua jokatuko duela.