Japoniako Fukushimako zentral nuklearrak eragindako hondamendia sistema kapitalistaren porrotaren erakusgarri da. Argi dago hondamendiaren eragile nagusiak milaka eta milaka hildako eragin zituen eta Richter eskalan ia gorengo maila lortu zuen lurrikara eta honen ostean izandako tsunamia izan zirela, baina kapitalismoa ere erantzule da hondamendi honetan.

Lurrikararen ondoren, hozte sistemak huts egin eta Fukushimako hondamendi nuklearra hasi zen. Hondamendi honen ondorioek denbora luzez eragingo dute milaka eta milaka pertsonen osasunean eta bizitzan. Horretaz gain, lurrikaren eta kutsadura nuklearraren eragin ekonomiko eta sozialek milaka pertsonen bizitza astinduko dute. Esan bezala, lurrikara izan da hondamendi nuklearraren pizgarria, baina hau ezin azal daiteke gertakari edo istripu natural baten bidez bakarrik, hau oso larria izan bada ere. Lehen arazoa agerikoa da: Japonia planetako faila sismiko aktiboenean dago eta lurrikarak etengabekoak dira. Gainera, munduko herrialde nuklearizatuena da, 54 erreaktore ditu aktibo eta bi eraikitzen ari dira. Horretaz gain, zentral nuklearren jabe diren enpresak, beste enpresa kapitalista guztiak bezala, etekin pribatu maximoaren bila doaz. Enpresok istripuez eta hauen ondorioez etengabe gezurrak esaten dituzte. Estatu aparatuarekin loturak dituzte, eta honen betebeharra litzatekeen segurtasuna eta kontrola mantsoa eta eraginkortasunik gabekoa da, burokrazia guztiak izan ohi diren bezala. Garbi dago istripu nuklear bat gertatzeko baldintzak badaude, ziurrenik, lehenago edo beranduago gertatu egingo dela.

Fukushimako istripuaren aurretik, Wikileaksek ezagutzera emandako dokumentuen arabera, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako (EANA) funtzionario batek beren zentral nuklearrak lurrikara indartsu bati aurre egiteko prestatuta ez zeudela, eguneratu gabe zeudela eta lurrikara handi batek “arazo larriak” ekar zitzakeela jakinarazi zizkien japoniar autoritateei. Gobernu japoniarrak, ordea, ez zuen ezer egin. Istripuaren aurrean gobernuak izan duen jarrera ere lotsagarria izan da, ondorioak gutxietsi ditu eta mantsotasunez eta sekretismoz jokatu du.

Informazio manipulatua monopolio handien mesedetan

Industria nuklearraren atzean oso interes indartsuak daude, bertan bat egiten dute energia eta arma sektoreetako enpresa monopolistikoek, finantza sektoreak eta aparatu estatu-militarrak. Beren argumentuen arabera, Japoniak ez du energia lortzeko beste baliabiderik eta, beraz, energia nuklearra beste aukerarik ez zegoen. Nolanahi ere, hau ez da egia, energia nuklearraren ordezko aukera asko daude, dagoeneko garatuak eta oraindik garatu ez direnak, eta herritarrentzat arriskurik ez dutenak. Planetako faila sismiko garrantzitsuenak dauden lekua zentral nuklearrez betetzea eta milioika pertsonen bizitza arriskuan jartzea ez da “saihestezina”, kapitalismoaren logikatik berezi nahi ez duen eta etekin maximoaren legean, herrialdeen arteko konpetentzia suntsikorrean eta honekin lotuta dagoen militarismoan oinarritzen den zentzugabekeria bat da. Potentzia inperialista guztiek garatu eta hedatu dute energia nuklearraren erabilera, bai helburu ekonomikoetarako bai militarrerako.

Zentral nuklearren arazoa ez da, noski, Japoniako arazo bat bakarrik eta bere arriskua ez da mugimendu sismikoetara mugatzen; arazoaren oinarria oso-oso arriskutsua den teknologia irizpide kapitalistekin erabiltzea da, hau da, teknologia hau etekin maximo pribatuari eta munduko merkatua bereganatzeko estatu burges nazionalen arteko borrokari lotuta egotea da arazoa. Estatu guztietan egon dira istripu nuklearrak, baita Euskal Herriaren inguruan ere. Estatu frantziarrean adibidez, nahiz eta bertako autoritateek Japoniako istripuaren larritasuna zabaldu duten bertan inoiz ezer pasa ez balitz bezala. Estatu frantziarreko argindarraren hiru laurdena bertako 59 zentral nuklearretatik dator, Japonian baino zentral gehiago dago bertan. 2008ko udan lau istripu egon ziren hainbat plantetan. Batean 74 kg uranio isuri ziren lurpeko hoditeria haustean eta isurkina inguruko erreketara iritsi zen. Beti bezala, herritarrei ez zitzaien istripuaren berri eman. Bigarren istripuan material erradioaktiboa isuri zen. Beste istripu batean, 15 langile kutsatu ziren eta laugarrenean hogeita bost langile inguru hauts erradioaktiboak harrapatu zituen Triscantineko zentralean. Istripu hauek zentral nuklearren mantenu lanerako ematen ari ziren azpi-kontratazioaren hazkuntzarekin lotuta zeuden. 15 urtetan %20tik %80ra igo zen azpi-kontratazioa. Industria nuklear frantziarreko istripuen %70 azpikontratatutako langileek jasan zituzten. Hemen argi eta garbi ikusten dugu lan baldintzak okerragotzeak, kapitalismoaren oinarrizko joera honek, istripu nuklearrak gertatzeko arriskua areagotzen duela

Estatu espainiarrean eta Katalunian ere istripu nuklearrak eta teknologia hau kapitalisten eskura egoteak dakartzan arrisku latzaren adibideak egon dira. 2007ko azaroaren 26an Ascó I-eko (Tarragona) zentral nuklearrean “ezbehar” bat egon zen. Erreaktore nuklearretan sartzen diren erregai erradiaktiboen barrak transferentzia hodi batekin garraiatzen dira. Hodi hauek, behin beren barneko erregai erradiaktiboa hustu ondoren, garbitu egiten dituzte kutsadura kentzeko. Honetarako erabiltzen den ura hondakin nukleartzat hartzen da. Ur hau gordetzen zuten bidoiak Ascó I-eko erreaktoreko urtegira isuri zen.  Bidoien husteak lurrun erradioaktiboak sortu zituen, xurgagailu batek bildu eta zentralaren inguruan (tximiniaren inguruko 50 metroko erradio batean) aireratu (%95) zituen. Ezbehar hau ez zitzaien ezagutzera eman ez iritzi publikoari, ez segurtasun nuklearreko arduradunei, ezta bertako langileei ere 2008ko apirilera arte. Zuzendaritzako hamar bat kidek bakarrik zuten honen berri. Zentraleko zuzendaritzak datuak ezkutatu zituen eta pixkana-pixkana eman zuen honen berri, onartuz beste batzuek berria zabaldu zutela eta ezin zezaketela gehiago ezkutuan mantendu. Kontrolik ezaren argigarri, ustez kutsatu gabe dagoen txatarra kudeatzen duen enpresa batek bere kamioietako batean partikula erradioaktiboak aurki zituen Reusen, Ascótik 62 km-ra dagoen enpresa-eraikinera iristean. Zentraleko langileak “lasaitzen” saiatu zen zuzendaritza, honako hitzok erabiliz: “Partikula erradioaktibo guztiak ogitarteko batean bilduko bazenitu eta jan, ez litzateke osasunerako arriskutsua izango”. 1989an Vandellòs I-eko zentral nuklearrean ere istripu bat izan zen eta 1979ko AEBko Three Mile Islandeko istripu famatuari eman baino puntu bat gutxiagoko larritasun maila eman zitzaion. Erreaktorea hiru gradu gehiago bakarrik berotu izan balitz, ondorioak ikaragarriak izango ziren. 

Energia monopolioen nazionalizazioa langile kontrolpean

Lobby nuklearren argumentuetako bat istripuak orokorrean “saihestezinak” direla eta gizarteak garapen ekonomiko eta teknologikoarengatik ordaindu behar duena dela esatea da. Lobbyek barregarri utzi nahi dute gobernuek eta enpresa kapitalistek energia nuklearra erabiltzeko duten modu arduragabe eta kriminala salatzen duen edonor, aurrerapen teknologikoaren eta gizartearen garapenaren etsai bezala aurkeztuz eta gure helburua harri-arora itzultzea eta istripurik ez dagoen gizarte idilikoa eraikitzea dela esanez.

Errealitatea bestelakoa da. Hain zuzen ere, kapitalismoa da gizartearen eta teknologiaren garapenaren arazo nagusia, eta teknologia hau gizarte osoaren onurarako erabiltzearentzat oztopo. Azken urteetan aurrerapen teknologiko ikaragarriak egon diren arren, hauek monopolio kapitalista gutxi batzuk kontrolatzen dituztenez, gosea, senda daitezkeen gaixotasunak, langabezia, prekarietatea eta etorkizunarekiko zalantza gizartearen gehiengoarengan mantendu eta areagotu egin dira. Kapitalisten esku, garapen teknologikoa hondamendiaren, langile zapalkuntzaren, militarismoaren eta milaka langile kaleratzen dituen krisi ekonomikoen sinonimoa da eta pertsona askoren ekimena eta indar sortzailea suntsitzen ditu. Hau ez da teoria edo iritzi huts bat, errealitate bat baizik. Gainera, industria nuklearraren eta petrolioaren monopolio handiek ingurugiroarentzat eta gizakiarentzat kaltegarri ez diren teknologien garapena geldiarazten dute. Horregatik, langile mugimenduak eta bere erakundeek energia nuklearraren erabileraren aurka agertu behar dute eta eraikitzen ari diren zentralak eta martxan daudenak geldiarazi behar dituzte. Era berean, beharrezkoa da energia sektoreen enpresak eta energia garbien garapen iturriak langile erakundeen eta kontsumitzaileen kontrolpean nazionalizatzea, zentral nuklearren itxierek kalean utziko lituzketen langile guztiei lanpostu bat bermatuz. Korporazio gutxi horiei energiaren monopolioa eskuartetik kendu behar zaie energia garbia, merkea, gizarte osoak goza dezakeena eta ingurugiroa errespetatuko duena bermatzeko. Erokeria eta kaos kapitalistaren aurrean, gure alternatiba ez da harri-arora itzultzea, ezta itxura gizatiarra duen kapitalismo bat ere. Gure alternatiba ekoizpen baliabideak eta baliabide teknologikoak nazionalizatuta egongo diren gizarte sozialista bat da. Horrela soilik izango da posible energiaren erabilera planifikatua gizartearen gehiengoaren mesederako erabiltzea.