Turkia aurrera eramaten ari den erasoak eta inbasio militarrak fase berri bat hasi du Siriako gerran. Donald Trumpek iragarri zuenean Siriatik soldadu estatubatuarrak aterako zituela eta ez zutela turkiarren eta kurduen arteko gatazkan esku hartuko bermatu zuenean, bidea ireki zion Erdogan presidente turkiarrari ipar-ekialdeko Sirian herritar kurduen aurkako erasoari ekiteko.
Turkiako armadak erasotu duen Siria iparraldeko eremua gaur egun Siriako Indar Demokratikoen kontrolpean dago. Defentsa Batasun Demokratikoaren Alderdi kurduak (PYD) zuzentzen duen milizien aliantza baten eskuetan dago, kurduen, arabiarren, turkmenistandarren eta beste hainbat herriren artean. Milizia kurduak izan ziren benetan ISISeko yihadistak lurralde horretatik kanporatu zituztenak, AEBekin parekotasunik gabeko aliantza eginez. 6 soldadu estatubatuar hil ziren, 11.000 kurduren aldean.
2019ko irailaren amaieran, Erdoganek Siriako iparraldean erasoaldi militar berria abiatuko zuela iragarri zuen. Bere hitzetan, “segurtasun eremu bat ezartzea” zen helburua, hiru miloi siriar finkatu nahi ziren “bake pasabide” bat ezartzeko, 30 km-ko zabalera eta 480 km-ko luzera izango zituena. Proiektuak, ordea, ez du ez humanitarismoarekin ez terrorismoaren aurkako borrokarekin zerikusirik, Turkiako gobernuak behin eta berriz hori esan arren. Ekialde Hurbilean dituen interes ekonomiko eta inperialistak dira Turkiako klase agintaria, Estatu Batuen babesarekin, hori egitera bultzatzen dutenak. Ez da eskuhartze baketsu bat. Erasoa milaka hildako eta milaka eta milaka erbesteratu kurdu eragiten ari da. Erdoganen gobernuaren benetako asmoa, behin Siriako ipar ekialdea menperatu ondoren, lurralde hori bere kontrolpean mantentzea da, Siriako Armada Asketik datozen mertzenario islamisten bidez. Otsailetik armada turkiarraren eta islamisten kontrolpean dagoena Afringo hiriak ondo erakusten du zer gertatuko den Turkiak bere helburua lortzen badu: milaka zibil hil dituzte eta biztanleei eskubide murrizketak eta errepresio gogorra inposatu zaie.
Rojavaren eredua
ISIS kanporatzea lortu ondoren, kurduek Siria iparraldearen kontrola hartu, euren autonomia aitortu eta Siria Iparraldeko Federazio Demokratikoa (Rojava) sortu zuten. Demokrazia zuzenaz gobernatzen den eta eskubide zein genero berdintasuna dagoen estatu laiko bat eratu zuten, non gutxiengo etniko eta erlijioso guztiak errespetatzen diren. Rojavak mirespen handia eragin du mundu osoan, eta bereziki inguruko estatuetan banaturiko 30 miloi kurduen artean. Kurduak dira munduan dagoen estaturik gabeko naziorik handiena. Gaur egun Kurdistango estatuak egon behar lukeen lurraldeak Turkia, Irak, Iran eta Siriako eremuak hartuko lituzke. Beren helburu nazionalak historikoki trukeko txanpon bezala erabili izan dira, eta oligarkia inperialistek azkenean beti trazionatu izan dituzte horiek.
Rojava, azken batean, mehatxu bat da Erdoganentzat eta bere kide inperialistentzat, praktikan jartzen baititu herri kurduaren tradizio demokratiko eta iraultzaile hoberenak. Siria iparraldean ezarri nahi duen “bake pasabide” horrekin, Sirian eta Turkiako hegoaldean bizi diren kurduak banatzea lortuko luke. Gainera, gerratik eta basakeriatik ihesi Turkiara erbesteraturiko siriar asko hor kokatzeak ekonomikoki mesede egingo lioke Ankarako gobernuari. Turkiako ekonomiaren gainbehera berriak nazionalismoaren bandera astintzera behartzen du Erdogan, azken hauteskundeetan izandako porrotean agerian geratu zen ospe txarrari aurre egiteko. Kurduen aurkako maniobra militarrak horretan lagunduko diola espero du. Hala ere, zenbat eta gehiago iraun inbasioak eta erasoek, are eta handiagoa izango da Turkiako kurduen artean horrek edukiko duen inpaktua eta piztuko duen haserrea. Eta horrelako maniobrekin beti gertatzen den moduan, azkenean kurduak kanporatuz lur eremu honetan errefuxiatu siriarrak kokatzea lortzen badu, zatiketa eta sarraski etniko berrien hazia ereingo du.
Guda inperialista
Estatu Batuen atzera egiteak eta Turkiaren inbasioak eragina dute maila internazionalean. Donald Trumpen erabakiak ezinegona eragin du Alderdi Errepublikarrean, eta Sirian Errusiari bidea erraztea leporatu diote presidenteari. Siriak, berriz, galdu zuen lurraldea berreskuratu ahal izango du oraingoz, milizia kurduekin lortu duen akordioaren ondoren. Bakoitzak argi utzi ditu zein diren bere asmo inperialistak. Iranek milaka soldadu ditu Estatu Batuen aurrean Siriako gobernua babesteko, Errusiak ere berea egingo du Turkiarekin akordiora iritsi ondoren, eta Alemaniak NATOko soldaduak mugitu nahi ditu, horiek bere kontrolpean mantenduz.
Kurduen buruzagiak indar inperialista baten edo bestearen babesean ari dira irteera bilatzen, baina inperialismoaren eskutik inoiz ez da herri baten askapenik lortu. Potentzia guztietan klase dominatzailearen interesak masa zapalduenen aurkakoak dira. Herri kurdua adibide bat gehiago da. Sistema kapitalistan, potentzia handientzat nazio zapalduak xake taulako peoiak besterik ez direla erakusten du. Estatu Batuek, Europak, Errusiak eta baita Erdoganek berak ere, zerbait hitzeman izan diote uneren batean herri kurduari, gero esandakoa bete gabe uzteko.
Ez ekialdeko potentziak, ez Estatu Batuak, ezta Errusia ere, ez dira herri kurduaren aliatuak. Estatu Batuentzat kurduekin egindako aliantza estrategia kontua zen. Garbi zegoen YPG/YPJrekin (Siriako milizia kurduekin) eginiko akordioa bertan behera utziko zuela interes inperialistek horrela eskatzen bazien. Herri kurduak lurraldeko gainontzeko zapalduekin batera borrokatuz bakarrik lor ditzake bere eskubide demokratikoak. Langileekin, gazteekin, nekazari arabiar, turkiar edo irandar behartsuekin batera amaituko du hauen guztien eskubide demokratikoak bermatzeko prest ez dauden kapitalisten eta inperialisten jazarpenarekin.