Sionismo genozidak eta mendebaldeko konplizeek gosez hiltzen dute Palestinako herria

Sionismoaren basakeria genozidak aurrera jarraitzen du. Gazan milioi erdi palestinar baino gehiagok gosete latz bati aurre egin behar diote eta haurrak dira biktima nagusiak. Gaur egun, mundu mailan gosetearen 5. maila (maila gorena) jasaten dutenen %80a gazatarrak dira. Israelek gerra arma gisa erabiltzen du gosea, AEBen eta EBren babes osoarekin.

NBEko Nazioarteko Justizia Auzitegiak hipokresia izugarriarekin genozidioa dagoen edo gerra krimenak egite ari diren eztabaidatzen duen bitartean, ebidentziek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Azken adibidea: Gaza Hirian soldadu sionistek egindako sarraskia, zerbait jan ahal izateko irin zaku baten bila ari zen jendetzari tiro egin ziotenean. Ehun hildako.

Elkartasun internazionalista

Genozidioa benetakoa da eta izugarria gainera. Nazioarteko Justizia Auzitegiak, AEBk eta EBk badakite hori, baita gobernu arabiarrek eta nazioarteko komunitateak ere. Baina hitz merkeak baino ez dituzte jaurtitzen. Netanyahuri ahopeka eskatu diote bere burua kontrolatu dezan, eta palestinar herritarrak sarraskitzen jarraitu dezakeela, baina ustezko nazioarteko lege humanitario bat errespetatuz.

Iritzi publikoa engainatzen saiatzen diren bitartean, erregimen sionistarekin armen salerosketan jarraitzen dute, bere gerra-industria erraldoia elikatuz, herrialdeko esportazio guztien ia %20 hartzen baitu, eta lotura ekonomiko eta diplomatikoei eusten diete.

Genozidio hau mendebaldeko klase agintariaren eta bere demokrazia ustelaren kondena argia da. Baina, aldi berean, berriro mahai gainean jarri du zabor hori guztia garbitzeko zapalduen ahalmen ikaragarria. Gazarekiko elkartasun mugimenduak, milioika pertsonen kaleetako mobilizazioak, gogor borrokatzen ditu sionistak eta haien konplizeak.

Martxoaren 2an eta 3an New Yorken, Washingtonen, Los Angelesen eta AEBko ehun hiri baino gehiagotan; Londresen, Manchesterren eta Erresuma Batuko dozenaka hiritan; Toronton, Berlinen, Vienan, Pisan, Rabaten, Kairon edo Habanan. Eta aurreko asteburuan, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko ehun hiri baino gehiagotan, Netanyahuren eta Pedro Sanchezen eta Yolanda Diazen Gobernuaren, EAJ-PSEren Jaurlaritzaren konplizitatearen aurka.

Mobilizazio masibo guztiak, Israeli material militarra ematen dioten enpresen eta portuen blokeoak, Israelgo apartheidarekin negozio oparoak egiten dituzten mendebaldeko multinazionalen aurka egindako ekintzak… behetik antolatutako mugimendu honen presioa da, hain zuzen, Bidenen Gobernuaren eta Pedro Sanchezen demagogia patetikoaren atzean dagoena, Israelen blokeoaren alternatiba gisa zinikoki laguntza humanitarioa paraxutaren bidez botatzea aipatzen duenean. Bitartean, ehunka kamioik Egiptoko mugan jarraitzen dute, Rafah ondoan, gosetetik metro gutxira, janari tonak usteltzen utziz.

Infernua hemen dago AEB eta Europari esker

Netanyahuren gobernu supremazista, kolonialista eta ultraeskuindarrak, oposizio ustez laiko eta "moderatu" horren laguntzarekin, 40.000 hildako eragin ditu Gazan, 25.000 emakume eta haur. Eta orain Rafahren inbasioarekin mehatxatzen du, han 1,5 milioi gazatar pilatzen baitira baldintza tamalgarrietan. Zifrak izugarriak dira: egunean 127 haur erail zituzten, eta Auschwitzen, berriz, 118. "Lurrean infernu bat badago, Gazako iparraldea da", adierazi zuen NBEko Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoko bozeramaileak.

Zisjordanian, Israelgo armadaren eta kolonoen falange faxisten erasoaldiak jarraitzen du. Ia 500 hildako urriaren 7tik. Zifrarik larriena hamarkadetan. Baina basakeria sionistak orain palestinarren mugak gainditu nahi ditu, Libano bonbardatuz, biztanleria zibilari eraso eginez eta gatazka igotzearekin mehatxatuz, Libanoko hegoaldea inbadituz eta Beirut errauts bihurtuz.

Hori posible da Biden Gobernuaren eta demokraten laguntza ekonomiko, logistiko eta militarrari esker, eta Europako Gobernuen, gobernu kontserbadoreen edo «sozialisten» adostasunari esker.

Washingtonek 14.000 milioi dolar eman dizkio Netanyahuri eta beste hainbeste eman nahi dizkio. NBEtan betoa jarri dio erregimen sionista gaitzesteko edo berehalako su-etena eskatzeko ebazpenari. Hauxe da AEBen "demokrazia" inperialistaren aurpegia. Bidenek eta demokratek Trumpen metodo barbaro berberekin jokatzen dute, eta aurreko administrazioen betiko legez, Vietnamen, Korean, El Salvadorren, Nikaraguan, Indonesian...

Gauza bera esan dezakegu EBz, Europako gobernuez eta Borrell edo Pedro Sánchezen aiene zinikoez. Gertatzen dena izugarria dela esaten digute. Baina EBk, Israelekin merkataritza libreko lehentasunezko akordioa du, bere bazkide nagusia da, esportazio  israeldarren % 25,6 jasoz eta inportazioen % 31,9 entregatuz.

Israelekin harreman ekonomiko guztiak hautsiko balituzte, inportazioak eta esportazioak, hornikuntza eta armamentu edo energiaren salerosketa blokeatuz, Londres, Paris eta Berlinen dituen kontuak blokeatuz, orduan Israelgo ekonomia hondoratu eta gerra ofentsibak porrot egingo luke. Jakina, hori ez da gertatuko, utopikoa da horrelako zerbait gertatuko dela pentsatzea, baldin eta ez bada herriaren altxamendu batek mendebaldeko burgesiak mehatxatzen dituelako.

Horregatik, argi hitz egin behar da: Gazako genozidioaren aurka borrokatzea Ipar Amerikako, Alemaniako, Erresuma Batuko, Frantziako edo Espainiako burgesiari eta bertako gobernu txotxongiloei aurre egitea da. Herri palestinarraren etsaia ez dago Tel Aviven bakarrik, hemen dago. Etsaia etxean ere badago.

Palestinako eta munduko ezker militantearen erronka

Nabarmendu behar da, Txina eta Errusia buru dituen beste bloke inperialistak ez dituela indarrak mugitu sarraski hau saihesteko. Petrolioaren eta gasaren enbargoa ezar lezakete, edo harreman ekonomiko batzuk hautsi, Israelgo ekonomiari eta bere industria militarrari arazo larriak eraginez. Baina Beijingeko erregimenak negozio oparoak ditu Ekialde Hurbilean, diktadura arabiarrekin eta baita Israelekin ere, eta ez ditu gaiztotu nahi.

Gazak irakaspen baliotsua eskaintzen du, nazio askapena Gobernuekin edo bidelapur inperialistekin aliantza estrategikoak egitetik pasatzen dela uste dutenei.

Palestinar herriak, zapaldutako eta kolonizatutako herri guztiek bezala, zapaltzailearen aurka armak hartzeko eskubidea eta betebeharra du. Baina borroka armatua politika iraultzaile eta kontsekuente batek gidatu behar du, ez integrismo erlijiosoak, ezta mullahen Iran bezalako potentzia erreakzionarioen mende egindako maniobrek ere.

Palestinar herriak jasaten duen klase eta nazio zapalkuntza gogorra, garbiketa etnikoa eta genozidioa, masen mobilizazioaren, greba orokorraren eta matxinadaren bidez bakarrik gelditu ahal izango dira, klase-programa internazionalista batekin, iraultza sozialistaren bandera altxatuko duena basakeria kapitalista eta inperialistaren aurrean. Intifadaren adibideak bidea markatu zuen.

Osloko Akordioen porrotak, Palestinar Aginte Nazionalaren politika tamalgarriak, mendebaldeko inperialismoaren mende, eta Hamasen politika burges eta integristak dakarren eta kalezuloak zera erakusten dute: sozialismoaren borroka metodoetara eta programara itzuli behar da, zapaldu guztien klaseko batasunera, desberdintasun etniko, erlijioso edo nazionalen gainetik.

Ekialde Hurbilean kapitalismoarekin amaitzea eta Estatu sionista boteretik kentzea Palestina askea konkistatzeko ezinbesteko baldintza da.