Mendebaldeak "taliban" gisa izendatzen dituenak errealitatean haziz doan talde politiko desberdinen koalizioa da. Bertan nazionalistak, komunistak, sozialistak, pashtun tribuak eta talibanak aurki ditzakegu, inbasio arrotzaren aurkako erresistentzia mugimendu nazional bilakatu direlarik

Estatubatuarrek 2003an Irak inbaditu zutenetik inperialistak krisi diplomatiko eta militar handienaren aurrean daude. Estatubatuarrak euren indarrak Afganistandik atera nahian dabiltza eta NATOko gainontzeko herrialdeak presionatzen dituzte borroka haiek jarrai dezaten. Azken hilabeteetan, NATOren indarrek, okupazioak dirauen urteetan baino galera gehiago jasan dituzte. Eta bitartean, Afganistango egoera sozial, politiko eta ekonomikoa okertuz doa etengabe.

Arazoak  arazo, gainera, Karzairen erregimenaren agintaldia Kabulgo eremu batzuetara mugatzen da soilik. Inperialismo estatubatuarrak berriz, Musharrafen erregimena presionatzen jarraitzen du afganistandarren altxamendua geldiarazteko "gehiago" egin dezan. Baina, hau zenbat eta gehiago saiatu, orduan eta handiagoak dira jasaten dituen galera militarrak, eta gero eta handiagoa da ejertzito barruan Musharrafen politikaren aurka dagoen erreakzioa.

Bestalde, ISIak (Pakistango zerbitzu sekretuak) talibanei babes klandestino eta logistikoa eman izanaren salaketa ez da oinarririk gabekoa, nahiz eta Musharrafek hau ukatu. Ejertzito pakistandar eta fundamentalismo islamdarraren arteko lotura asko daude. Afganistango PDPAaren gobernu ezkertiarraren aurkako altxamendu erreakzionarioa 60. hamarkada amaieran hasi zen eta 80. hamarkadan zehar mantendu zen ISIak bultzatuta, inperialismo estatubatuarraren izenean. CIAk eta ISIak opioaren produkzioa, heroina birfinketa eta drogen trafiko sare zabal bat antolatu zuten altxamendu kontrairaultzaile hau finantzatzeko. Hau ez da berria, 1954ko Frantzia kolonialak, bai ondoren etorri ziren estatubatuarrek, Vietnam eta Laosen izan ziren gatazketan tribu desberdinetako mertzenarioei droga trafikotik lortutako dirutik ordaintzen zieten. Drogak ekoiztu (sarritan babes ofizialpean gainera) eta CIAk eskoltatutako hegazkinetan banatzen ziren merkatuetara 60. hamarkadan eta 70.aren amaieran.

Droga trafiko honen helburu garrantzitsuena hau zen: Kabulgo gobernu komunistaren aurkako "yihad" islamikoa finantzatzea. Aski ezagunak dira antzeko kasuak Hego Amerika osoan zehar estatubatuarrek egindako operazioetan. Kasurik ezagunena Contraren eskandalua izan zen Nikaraguan, 1980an. Han kokaina trafikotik ateratako dirua Contraren gerrillak finantzatzeko erabili zuen CIAk, Managuako gobernu sandinistaren aurkako altxamendu kontrairaultzailea burutu zezaten.

 

INPERIALISMOAREN ZAILTASUNAK

Mendebaldeko zenbait analisten arabera, inperialistak galtzen ari dira Afganistango erresistentziaren aurrean. Seulis Councilek (analisi enpresa europarra) txosten bat argitaratu berri du, zeinean dioen "taliban" mugimendua Afganistanera itzultzen ari dela eta dagoeneko herrialdearen erdia kontrolatzen duela hegoaldean. Hau harrigarria da AEBek eta euren aliatu den NATOk kontrakoa sinestarazi nahi digutenean. Seulisen arabera, Afganistan hegoaldean "estatubatuar eta britainiarren politika militarrak" eragindako eskasia eta gosetea jasaten ari dira. Txosten hau mendebaldeko txosten ofizialekin kontraesanean dago; Seulisen ikertzaileen arabera AEBek Afganistanekiko duten politikak “terrorismoarentzako” paradisu emankorra sortu du, hain zuzen ere 2001eko inbasioak desegin nahi zuen “terrorismoa”.

AEBek eta NATOk esan dute Afganistan eta Iraketik euren indar armatuen erretiratzeak hutsune bat utziko duela, estremistak aprobetxatu eta okupatuko dutena. Baina, adierazpen hauek ez dute zentzu handirik, Afganistan erdia eta Iraken herena erresistentzia anti-estatubatuarrak kontrolatzen baitu jadanik. Estatubatuarren bonbardaketa gogorrengatik izan ez balitz, NATO eta estatubatuarren indarrek Afganistan eta Iraketik ihes egin beharra izango zuten dagoeneko.

Mendebaldeak "taliban" gisa izendatzen dituenak errealitatean haziz doan talde politiko desberdinen koalizioa da. Bertan nazionalistak, komunistak, sozialistak, pashtun tribuak eta talibanak aurki ditzakegu. Hau inbasio arrotzaren aurkako erresistentziako  mugimendu nazionala bilakatu da eta ez mugimendu taliban fundamentalista, mendebaldeko komunikabideek sinestarazi nahi diguten bezala. Bonbardaketen bidez "demokrazia", "ilustrazioa" eta "balore liberalak" onartzera behartua izan den herri baten mendekua da hau, arma inperialisten kainoien bidez harri arora bidali duten herriarena.

Aspaldiko otoitz hindu batek honela dio: "Oh Siva, salba gaitzazu  tigrearen  hatzaparretik,  kobraren  letaginetik  eta  afganistandarraren  mendekutik". Tropa inperialistak ez dira "terrorismoaren" aurka borrokan ari Afganistanen, mendebaldeko liderrek hori esan arren. Afganistango herriaren aurka ari dira borrokan. Hildako zibil bakoitza, bonbardatutako herrixka bakoitza eta bortxatutako emakume bakoitzak inperialismoaren etsai berriak ereingo ditu.

Afganistanek tradizio ezkertiar indartsua du. Azken finean, 1978ko udaberriko iraultza, izan zituen akatsak gora behera, aurrera salto garrantzitsua izan zen herrialde honetako historian. Erreforma erradikalak ezarri ziren hezkuntzan, osasungintzan, nekazaritzan eta beste hainbat arlotan. Iraultza honek, ustelkeriaz beteriko gizartearen oinarriak astindu ez ezik, eskualdeko interes inperialistak ere mehatxatzen zituen. Hortik yihad kontrairaultzailea.

Iraultza gertatu eta aste batzuetara, 1978ko udan, Ted Grantek idatzi zuen: " hau da Alderdi Komunistak, erradikalekin batera, hartu behar duen bidea. Afganistango oposizioko indarrek, Etiopian bezala, ziur aski norabide horretan bultzatuko ditu. Baina, iraultzak ez badu aurrera egiten kontrairaultza prestatuko dute noblezian eta mula islamistetan oinarrituta. Kontrairaultzak arrakasta izango balu, erregimen zaharra berrezarriko lukete, izugarrizko sarraskiaren gainean. Sortuko diren kontraesanei begirik kendu gabe, langile estatu baterako ekonomiaren trantsizio batean oinarrituz, langile demokraziarik ezean, marxistok, modu serio batean, estatu honen sorrera eta inperialismoaren eta kapitalismoaren ahultzea babestuko dugu". (Ted Grant, La revolucion colonial y los estados obreros deformados. 1978).

Ikasgai hauek ikasi beharrekoak dira Afganistanen izango diren borrokentzako estrategia iraultzaile bat garatzeko. Gaur egun, iraultza eta kontrairaultza Afganistan eta Pakistanen oso loturik daude. Afganistango tradizio iraultzaileak langile  eta gazte belaunaldi berri batetara pasako dira. 1978ko iraultzak gauza bat gutxienez frogatu zuen, garapen kapitalistaren etapa gainditua izan zitekeela Afganistanen.

Are egiagoa  da hau gaur egun. Sistema kapitalista ustel honen menpean, Afganistanek duen etorkizun bakarra basakeria da. Hau soilik alderdi marxista batek gidatutako iraultza sozialista batekin saihestu daiteke, Asia hego-ekialdeko federazio sozialistari bidea prestatuz.

Afganistan izango da, behar bada, basakeriaren eta sozialismoaren arteko bidegurutzean aurkitzen den herri baten adibiderik garbienenetakoa. Inperialismoaren erorketak ez du derrigorrez fundamentalismoaren indartzea zertan ekarri. Pakistan eta inguruko herrialdeetako mugimendu iraultzailea oso posible da eta honek olatu iraultzailea esnaraziko du Afganistanen.