Uda honetan, Donetsk eta Luhanskeko Herri Errepublikek Kieveko gobernu atzerakoi eta proinperialistaren bonbardaketa eta eraso militar gogorrak jasan dituzte. NBEaren arabera, masakre honen ondorioz,  2.593 hildako izan dira, 6.000 zauritu baino gehiago, 260.000 barne desplazatu eta 800.000 pertsona baino gehiagok Errusiara ihes egin behar izan dute. Bien bitartean, AEB, Britainia Handia eta Estatu frantziarreko gobernuek ez dute aukerarik galdu beren buruak munduaren aurrean "demokraziaren" eta "eskubide demokratikoen" defendatzailetzat aurkezteko, ustez "errusiar inbasioaren" aurrean; errealitatea bestelakoa da, ordea; herritar zibilen aurkako ofentsiba militar basatia sustatzen dute eta banda faxistak armatzen dituzte.

 

 

Abuztuaren erdialdera, Kieveko gobernuak Slaviansk eta beste hiri batzuk okupatu zituen, eta bazirudien abuztuaren 24ko desfile militarrean (Ukrainako independentziaren eguna da) garaipen handi bat ospatuko zuela, Donbas guztia kontrolatuz. Hala ere, goizetik gauera, egoera guztiz aldatu zen: ekialdeko herri milizia antifaxistak erasora pasatu ziren fronte guztietan eta gobernuak okupaturiko lurraldeak birkonkistatu zituzten. Miliziek erabilitako taktika militarra honakoa izan zen: ejertzito ukraniarrari pasatzen utzi zien, ondoren setiatzeko; horrela milaka soldadu harrapatuta gelditu ziren Errusiako mugaren eta haien artean, janari gutxirekin eta hornitzeko aukerarik gabe. Milizien hurrengo helburua Mariupol (portua duen hiria) izan zen; bertan Azov batailoi ankerrak, “Eskuin Sektoreko” faxistek osatutakoak, herritarren izua eragin zuen.

 

Porrot lotsagarri honen ostean, Ukrainako gobernuak, AEB eta EBren babesarekin, sekulako propaganda mediatikoa antolatu zuen: ustezko inbasio bat salatu eta Errusia munduko bakearentzat mehatxu bezala aurkeztu zuen, honen inongo probarik eduki ez arren. Milizia errebeldeak Errusiaren laguntza jasotzen ari direla egia da, baina hau ezin konpara daiteke Kieveko gobernuak jasotako armamentu astun, tanke, hegazkin eta mertzenarioekin eta NATO eta CIAk emandako babesarekin. Donetseko Herri Errepublikako lehen ministroak, Zajarjenchok, publikoki onartu zuen beraien milizietan 3.000-4.000 borrokalari errusiar daudela, hauetako asko goi karguko militar ofizial ohiak, eta beren borondatez elkartuak.

 

Ejertzito ukraniarrak atzera egin behar izana ez da milizien arrakasta militarrarengatik soilik izan, hau baino faktore garrantzitsuagoak badaude. Ejertzitoaren egoera, azken batean, bera ordezkatzen duen herrialdearen adierazgarri da, eta bertako kontraesan eta egoera ezberdinak agerian geratu ohi dira. Ukrainaren kasuan, ejertzitoa zatitua dago eta tropak desmoralizatuta daude. Gobernuak onartu duenez, desertzioen ondorioz 1.000 prozesu judizial baino gehiago jarri ditu abian. Ehunka soldaduk Errusiara ihes egin dute eta beste asko milizietara batu dira. Gainera, ejertzitoko kide askok ez dituzte gerraren arrazoiak onartzen. Boluntarioak ejertzitoan sartzeko egindako kanpainaren porrotaren ondoren, talde faxistetako kideak soilik erakartzea lortu baitu, gobernuak formakuntza militarrik gabeko gazteak derrigorrez erreklutatzea beste aukerarik ez du izan.

 

NATOren eta inperialismoaren asmoak

 

AEB eta EB Ukrainako krisia baliatzen ari dira Europa militarizatzeko. Iraileko lehen asteburuan Galesen ospatu zuten bilkuran milaka soldaduz osatutako esku hartze azkarreko bi indar sortzea eta Baltikoko estatuetan, Polonian eta Errumanian base militarrak ezartzea adostu zuten. Ukrainako krisia eta Errusia aitzakia hutsa dira. Mendebaldeko potentzien helburua Errusiak oraindik mantentzen duen eragin eremutik baztertzea eta Europako leherketa sozialak kontrolatzea dira. Izan ere, langabezia masiboarekin, pobreziazko soldatekin, ongizate gizartearen gainbeherarekin eta murrizketa basatiekin, harreman sozialak lehertzeko zorian daude. Burgesiak indar militarra baliatzeak arrazoi argi bat du: geroz eta nabarmenagoa den iraultza soziala saihestea. Baina horrek beren indarra erakutsi ordez, beren ahultasuna islatzen du. Afganistan, Irak, Siria eta orain Ukrainan bizi diren egoerak begiratu besterik ez dago beraien helburuak betetzen ez direla ikusteko.

 

Espero zitekeen moduan, Putin eta Errusiako oligarkia ez ziren gelditu AEB eta EBren isolatze saiakerari erantzun bat eman gabe, kontuan izanik euren helburu ekonomiko eta estrategikoak jokoan zeudela. Gainera, Errusiak Donets eta Luhansk alde batera utzi izan balitu, Putinen irudia kaltetuko zitzatekeen. Errusiako ekonomia atzeraldian dago eta, mendebaldeko gainontzeko gobernuen antzera, herstura neurriak aplikatzen ari da. Horregatik, garbi eduki behar dugu Putinen laguntzak ez duela zerikusirik Ukrainako ekialdeko herritarren egoera hobetu nahiarekin edo beren eskubide demokratikoak defendatzearekin. Ukrainako ekialdeko altxamendua baliatzen ari da Errusiako oligarkiak herrialde hartan dituen interesak babestu eta mendebaldeko potentzia inperialistekin negoziatzeko.

 

 

Ukrainako mendebaldeko herritarrak gerraren aurka

 

Ukrainako gobernuak duen beste arazoetako bat herrialdearen mendebaldeko eta hegoaldeko herritarrek esku hartze militarrarekiko duten kontrako jarrera da. Uztailaren 22an onarturiko dekretuak 18 eta 25 urte bitarteko gazteak ejertzitora joatea derrigortzen zituen. Honek estatu guztian gerraren aurkako mobilizazioak piztu zituen. Soldaduen ama, emazte eta senideek bi kexa nagusi zituzten: batetik, ejertzitoan parte hartzea derrigortzea eta, bestetik, derrigortze hau langileen semeei bakarrik aplikatzea eta aberatsen semeak gerratik libratzea. Hainbat egunetan, hiri eta herri nagusietan, baita Kiev hiriburuan ere, manifestazioak antolatu zituzten, errepide, trenbide eta portuak blokeatuz eta gobernu eraikinen parean kontzentrazioak eginez. Ehunka gaztek, erreklutatze aginduak erre zituzten eta toki askotan erreklutatze bulegoei eraso egin zieten. Egun batzuk beranduago, gobernuak zerga berri bat iragarri zuen: soldaten %1,5 gerra kostuak finantzatzeko erabiltzea inposatu zuen. Honek dagoeneko haserre zeuden herritarrak gehiago haserretzea eragin zuen.

 

Ukrainako gobernua ahal duen guztia egiten ari da gerraren aurkako oposizioa isilarazteko eta parlamentuan gerraren aurka zerbait esaten zuten diputatuak bertatik kanporatuak edo faxistek kolpatuak ere izan dira. Honetaz gain, alderdi komunista legez kanporatzeko prozedura judiziala martxan jarri dute, errusieraz ziren egunkariak itxi dituzte eta ezkerreko ekintzaile eta pazifista askok ihes egin behar izan dute. Askok, beren ekintza politikoarekin jarraitzeko klandestinitatera pasatu behar izan dute.

 

Ekonomia “gainbehera bizian”

 

Gerraren aurretik Ukrainako egoera ekonomikoa txarra zen, eta orain gainbehera bizian dago. Ekonomiaren adierazle guztiak hondoratu dira; adibidez, produkzio industriala %12 jaitsi zen abuztuan eta nekazal ekoizpena %15. Egoera okertzen ari da gainera, izan ere, Donets eta Luhansk inguruek Ukrainako BPGren %16 ekoizten baitute, eta esku hartze militarraren ondorioz industria eta azpiegitura asko hondaturik geratu dira edo hauek beren aktibitatea bertan behera utzi behar izan dute. NDFren esanetan, ekonomia ukraniarrak %6 eta %7 bitarteko atzerakada edukiko du aurten. Gainera, gasa ekoizten duen Errusiako Gazprom enpresak Ukrainari gasa saltzeari utzi dio Ukrainako gobernuak 5.000 milioietako zorra baitu beraiekin. Horren ondorioz, Kiev eta beste hainbat hirietan ur berorik gabe daude, eta egoera benetan kezkagarria da negua gerturatzen ari dela kontuan hartzen badugu, milaka pertsona berogailurik gabe geratuko baitira.

 

Historian hainbat aldiz ikusi dugu gerra bere alderantzizkoan bilakatu dela eta hainbat herrialde iraultzara eraman dituela. Ukrainako oligarkia eta honen nagusi den inperialismoak benetako izua dio chauvinismoaren pozoia desagertu eta arazo sozialak azaleratzeari, horrela gerraren aurkako oposizioa gobernuaren aurkako altxamendu bilaka bailiteke. Azken batean, ekialdeko altxamendua herrialde guztira zabaltzeari izua diote. Ukrainako egoeran aldagai asko daude eta ezin da ezer aurreikusi, baina gauza bat argi dago: kapitalismopean ez da inolako irtenbiderik egongo Ukrainako herritarren arazoak konpontzeko.