Ezkerrerako biraketa historikoa, austeritatearen aurkako hamar urteko borrokaren emaitza da
Joan den otsailaren 7ko hauteskundeek inflexio puntua markatu dute Irlandako Errepublikako egoera politikoan. Gazteen eta langile klasearen botoaren mobilizazioak kolpe latza eman die Fine Gaeli (FG) eta Fianna Fáili (FF), historian lehen aldiz Sinn Féini (SF) garaipena emanez. Laurogeita hamar urte baino gehiagoz boterean txandakatu diren eskuineko bi alderdi tradizionalentzat kolpe hagitz gogorra izan da, hain zuzen ere, egonkortasun kapitalista eta Eliza katolikoaren boterea bermatzen zutenen aurka.
Erregimen bipartidista eta duopolio kontserbadorearen porrotak islatzen du gobernu horiek eta Europako elite kapitalistak troikaren finantza erreskatearen ondoren aplikatu dituzten doikuntza eta murrizketa politikek eragin duten amorru sozialeko giroa. Hamarkada bateko austeritate basatiak gazteriaren sektore zabalen, langileen klasearen eta erdi mailako geruza pobretuen kontzientzia astindu du. "Irlandako mirariaren" hazkunde ekonomikoaren zifrek prekaritatearen eta desberdintasun sozialen areagotzea, zerbitzu publikoen suntsiketa eta bizi-baldintzen degradazio lazgarria baino ez dute ekarri herritarren sektore xumeentzat. Herrialdearen independentziaz geroztik hegemonikoak izan diren bi alderdi burges handien influentzia galerak agerian utzi du establishmentak eta instituzioek duten sinesgarritasun falta sakona.
Polarizazio soziala eta klase borroka. Fianna Fáil eta Fine Gaelen krisi historikoa.
Hauteskundeak baino egun batzuk lehenago, prentsa burgesak Leo Varadkar hautagaia kokatzen zuen garaile gisa, aurrez Fine Gaeletik lehen ministro zena. Artikulu horien arabera, bere irudi publikoak, Brexitaren mugako negoziazioek edo ia enplegu osoko tasek lagunduta, egonkortasun politikoa bermatuz babes sozialari eusteko aukera emango zioten. Propaganda hori guztia, ordea, ezerezean utzi du langile guneetako parte hartzearen handitzeak, Irlandako historian ezkerrenera dagoen legebiltzarra eratuz.
Irlandako susperraldi ekonomikoa aberatsen eta pobreen arteko arrakalaren hazkunde odoltsuan oinarritu da. Hori dago, “Tigre Zeltaren” finantza-erreskatearen arrakastaz eta zifretan eurogunean gehien hazten ari den ekonomia izateaz hitz egiten duten analista burgesen komentarioen atzean. Irlandako ekonomia azkar suspertu zen atzerriko inbertsioak erakarriz, Europako Sozietate Zerga baxuenetako bati esker eta herrialde kapitalista garatuen artean lan merkatu prekarioenetakoa eratu duten lan erreforma basatiei esker. Enpresen mozkinen hazkunde ikaragarriarekin batera, langile klasearen bizi-baldintzak hondoratu dira, esate baterako, haurren pobrezia %37 izanik. Dublinek, munduan multi-milioidun gehien dituen bosgarren hiriburua izatearekin batera, etxebizitza krisi larria bizi du eta 10.000 pertsona baino gehiago utzi ditu etxerik gabe.
Krisia hasi zenetik (haren ondorioek gogor jo zuten Irlanda), austeritatearen aurkako borroka sozialek sektore publikoko langileen greba garrantzitsuekin eta murrizketen aurkako mobilizazio handiekin astindu zuten herrialdea. Adibide on bat uraren tasen aurkako borroka izan zen, kaleetako presioak hori kentzea lortu zuelarik. Alabaina, sindikatuetako buruzagiek "Croke Parkeko" akordioak sinatu zituzten gobernuarekin, bake soziala bermatuz eta borrokan ari diren sektoreak desmobilizatuz.
Hala eta guztiz ere, abortu eskubidearen aldeko erreferenduma bultzatu zuen mugimenduak, garaipen latza lortuaz Gobernuaren eta Eliza Katoliko boteretsuaren aurrean, edo behetik ezarritako grebek, Ryanairren pilotuena edo ICTUko (Irlandako zentral sindikala) buruzagien bake sozialerako estrategiari aurre egin behar izan dioten SNHko 40.000 langileena kasuak, geruza zabalen artean sortu den potentziala eta erradikalizazioa erakusten dute. Hauteskundeetako biraketa handia klase borrokaren gertaera horien guztien ondorioa da, itxurazko egonkortasun politiko eta soziala ahuldu duen erregaia.
Burgesiako bi alderdi tradizionalek inoizko emaitzarik txarrena lortu dute, 2016ko hauteskundeekin alderatuta 7 puntu galduta. 2008ko krisi ekonomikoa hasi zenetik beheranzko joera jasan dute hondoratze progresibo batean. Bi alderdien artean botoen %84 eskuratzetik, %42 eta 67 eserleku lortu dituzte, gehiengo absolututik 13 eserlekutara geratuz. Lehen aldiz Fine Gaelek eta Fianna Fáilek ez dute elkarrekin gehiengo osoa lortu. Langile eta gazteria geruza zabalen arteko kontzientzian gertatu diren eraldaketa erabakigarriak agerian uzten dituen aldaketa sakona da.
Sinn Féinen garaipena eta ezker parlamentarioaren aurrerakada
Aldiz, komunikabideek IRAren mamua astinduz kanpaina basatia egin arren, Sinn Feinek 2016an botoen %14 izatetik %24,53 jasotzera igaro da, alderdi bozkatuena bilakatuz, hautagaiak barruti guztietan aurkeztu ez arren. FGk eta FFk aurkeztutako 80 hautagai baino gehiagoren aurrean, Sinn Feinek 40 baino ez zituen aurkeztu, eta horietatik 37k lortu zuten eserlekua. Hautagai gehiago aurkeztu izan balira, garaipena are handiagoa izango zen. Dublinen, adibidez, SF lehen indarra da 5 hauteskunde-barrutietatik 4tan, langile-klasearen eta gazteen pisu handiari esker.
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko aberastasun handiei eta multinazionalei zergak igotzea, lan-prekaritateatearekin eta osasun-zerbitzu nazionalaren pribatizazioarekin amaitzea helburu duen programa batean oinarritu da garaipena.
Bestalde, gazteriak pisu erabakigarria izan du emaitza horietan, bai eta oro har gertatu den ezkerrerako biraketan ere; izan ere, prekaritateak eta zerbitzu publikoen kolapsoak gehien zigortu duen sektoreetako bat da. Horretaz gain, borrokaren lehen lerroan egon da abortua legeztatzearen aldeko erreferendumean eta eskuinaren eta elizako hierarkia atzerakoiaren aurkako mobilizazioan. Gazteen artean, Sinn Feinek %32ko babesa lortu du, Fine Gaelek %16koa eta Fianna Fáilek %14koa.
Ezkerrerako aldaketa horren beste isla bat Alderdi Berdearen gorakada izan da, botoen %2,7tik %7,13ra igaro baita, beste herrialde batzuetan bezala, klima aldaketaren aurkako mobilizazioen ondorioz. Bestalde, “Elkartasuna-Jendea Irabazien Aurretik” hautagaitzak, ezkerreko hainbat alderdik osatutakoak,%3,9tik %2,63ra egin du atzera, diputatu bat eta 27.000 boto galduta. Boto hori SFra bideratu da, eskuinaren aurkako bozka baliagarri eta erradikal gisa.
Aldi berean, Alderdi Laboristak, Irlandako ezkerreko alderdi nagusia izan zenak, hondoratzen jarraitzen du: botoen %6,6tik %4,38ra igaro da. 2011n, botoen ia %20 lortu zituen, baina 2011n FGko Gobernuaren agenda neoliberalarekin kolaboratu izanak, ekonomiaren hondamendi betean, pixkanaka desagertzea ekarri du.
Ezkerreko alderdien boto bateratua %30ekoa izatetik %40koa izatera igaro da, eta errekor historikoa lortu du. Krisi ekonomikoaz geroztik Irlandako gizartean gertatu den ezkerrerako bira sakonaren isla da.
Beste elementu esanguratsu bat Irlandaren bateratzearen aldeko kontsignak duen babesa izana da. Berriki argitaratutako inkesta batek erakusten du Ipar Irlandako boto-emaileen %51k eta Hegoaldeko boto-emaileen %60k baino gehiago daudela bateratzearen alde. Brexita Torieen aginte atzerakoian oinarritzen denez, eta krisi soziala eta polarizazio politiko eta soziala hazten ari den testuinguru honetan, Irlandako auzi nazionala berriro azaleratzen ari da, kapitalismoaren ezegonkortzearen eta erradikalizazio faktore gisa, bereziki gazteen artean. Arazo nazionala klase borrokaren baitan dago Irlandan, eta, beraz, ezin da alde batera utzi edo bigarren mailako edo elementu akzidental gisa ikusi.
Alternatiba sozialista batek bakarrik deuseztatu dezake austeritatea!
Hauteskundeen ondoren, klase agintariari eszenatoki benetan konplikatua ireki zaio eta, beste herrialde batzuetan bezala, gobernatzeko ezintasunaren eta hauteskundeen errepikapenaren mamua agertu da. Kontrarreformen eta aurrekontu-murrizketen agendari eusteko gaitasuna duen gobernu bat ziurtatzeko kalkuluak zaildu egiten dira. Egunotan inbestidura negoziaziorako izandako zailtasunak burgesiak aurrez aurre duen krisi politikoaren erakusgarri ona dira.
Batetik, aritmetika parlamentarioak FF eta FGri koalizio gobernu bat osatzea eragozten die. Era berean, SFrekin edozein elkarrizketa irekitzearen aurka agertu dira. Beste indar batzuekin, hala nola laboristekin, sozialdemokratekin edo diputatu independenteekin egindako itun batek Gobernu ahul bat osatuko luke, eskuinak eta instituzionaltasun burgesak zeharkatzen duten krisia bera azkartuko lukeena, Sinn Fein are gehiago indartuz.
SFk du austeritate politikekin hausteko erantzukizuna eta aukera paregabea. Hala ere, hori posible egiteko sistemaren logikarekin hautsi behar da, eta herrialdeak pairatzen duen krisi sozialaren erantzule diren bi alderdiekin, FF eta FGrekin, edozein elkarrizketa edo akordio baztertu. SFk bere burua indar politiko “arduratsu” gisa agertzeko eta bi alderdiekin hitz egiteko prest agertzeko prestutasuna akatsa da, eta politika erreformisten mugak islatzen ditu.
SFren arrakasta langile klasearen arazoak eztabaida politikoan jartzearen ondorio izan da, baina orain politika koherente bat mantendu behar da, kasu honetan oposizioan, langile klasearen eta gazteriaren eskaerak gauzatzeko: etxebizitza duin eta eskuragarria, osasun publikoaren defentsa, lan prekarietatearekin amaitzea, etab. Hauteskundeetako ezkerrerako joera historiko honetan azaleratu diren aspirazioak asetzeko, ezinbestekoa da gobernu burges guztien atzean dagoen benetako botereari aurre egingo dion programa defendatzea, hain zuzen ere, bankaren eta multinazional handien botereari aurre egitea, eta langile-klasearen eta gazteriaren mobilizazioan oinarrituz.
Argi geratu da egonkortasun eta bake sozialeko egoera baten aurreikuspena erabat baztertuta dagoela. Munduko ekonomian atzeraldi berri baten perspektibak Irlandari bete-betean eragingo dioten astindu handien etorkizuna marrazten du. Hauteskundeek argitara atera dute masen konfiantza irabaziko duen alternatiba antikapitalista eta sozialista bat altxatzeko dagoen potentziala. Hori da orain premiazkoena den lana.