klaseko independentzia eta politika internazionalista gerraren aurka
Errusiar armadak Ukrainan zabaldu duen inbasioak berebiziko garrantzia historikoa du eta azken urteetan gatazka inperialistek jasan duten aldaketa latza berresten du. Amerikako Estatu Batuen gainbehera, joan den irailean Afganistanen izandako porrot umiliagarrian ederki adierazia; Txina superpotentzia ekonomiko, teknologiko eta militar gisa finkatu izana; Putinek NATOren planei gerra honekin eman dien erantzuna. Agerian uzten dute Washingtonek SESB desegin ondoren ehundutako mundu agintea krisi sakonean dagoela.
Mundu osoko milioika langile eta gaztek lazturaz ikusten dute Putinen erregimen inperialista eta despotikoaren erasoaldi basatia, Ukrainako hirien aurkako bonbardaketa eta setio gero eta suntsitzaileagoak, eta nola milioika herritar errefuxiatu dituen exodoa. Hala ere, Ukrainako gerra eta dakarren giza sufrimendu guztia, ez dira salbuespena azken hamarkadetan. Giza adimenaren iraintze hutsa da orain Estatu Batuek, NATOk edo EBk “nazioarteko zuzenbidea” eta herrialde baten subiranotasun nazionala” urratzen ari dela suminduta aipatzea. Serbia, Irak, Afganistan, Siria, Libia eta Yemen bezalako herrialde osoak deuseztatu dituztenek eta irailaren 11tik gutxienez 900.000 hildako eta 38 milioi desplazatu eragin dituztenek, ez dute inolako zilegitasunik bakearen zaindari gisa hitz egiteko.
Orain, gerra propaganda honen barruan, mendebaldeko inperialismoak hunkitu nahi gaitu Polonian eta beste herrialde mugakide batzuetan dauden errefuxiatu ukrainarren harrerarekin. Baina Afganistango, Irakeko edo Siriako gerratik ihes egiten zuten milaka eta milaka pertsonak oso bestela tratatu zituzten: Europako mugetara iristen saiatzen ziren bitartean hiltzen ez zirenak Turkiako, Greziako eta beste herrialde batzuetako kontzentrazio esparruetan barneratzen zituzten, egoera penagarrian. Hipokresia benetan higuingarria da.
AEB eta Txina
Ukrainako gerra gure garaiko bi potentzia kapitalista handien, Estatu Batuen eta Txinaren, mundu mailako nagusitasunaren aldeko borrokaren testuinguruan bakarrik uler daiteke. Ukraina pieza txiki bat besterik ez da planeta osoa hartzen duen taularen barruan, eta, gatazkaren amaiera dena delakoa izanik ere, argi dago urrats bat dela guda handiago baten norabidean.
1991n SESB hautsi ondoren, ordena berri bat sortu zen. Inperialismo iparramerikarrak munduko jendarme gisa jarduten zuen inpunitate osoz. NATO 1999 eta 2004 artean Hungaria, Polonia, Txekia, Eslovakia, Bulgaria, Eslovenia, Estonia, Letonia, Lituania eta Errumaniara zabaldu zen, Errusia inguratuz base militar berriak ezarriz. Hori izan zen Washingtonen interesen aldeko interbentzionismo militarraren eta neoliberalismo garailearen estrategia.
Baina eszenatoki hori ustekabeko beste prozesu batek astindu zuen, hots, Txinako kapitalismoaren garapen azkarra, lehen mailako potentzia bihurtzeraino. Mendebaldeko ekonomiak hamalau urte daramatza atzeraldian eta geldialdian; Txinako manufakturek, berriz, munduko herena ekoizten dute, eta 2021eko abenduan esportazioak %21 igo ziren urte batetik bestera, 676.000 milioi dolarreko merkataritza superabita jasoz. Gaur egun, bost bilioi dolar baino gehiagoren hartzekoduna da, eta AEBri gailendu zaio munduko bankariaren postuan. Munduko Bankuaren datuen arabera, Txinako goi teknologiaren ekoizpena 1999an munduko %3 eskasa izatetik 2014an % 26 izatera igaro da, eta AEB, berriz, % 18tik % 7ra jaitsi da.
Konparatzen badugu nola aurre egin dioten pandemiari Beijingo erregimenak eta nola egin dioten mendebaldeko klase agintariek, aitortu behar da Txinako estatu-kapitalismoak erakutsitako nagusitasuna izugarria izan dela. 100.000 biztanleko hildakoen kopuruari dagokionez, AEBk 400 aldiz biderkatzen du Txinako heriotza-tasa, eta Alemaniak 200 aldiz.
Txinako inperialismoak AEBak kanporatu ditu Asia, Afrika eta Latinoamerikan izan dituen ohiko eragin eremuetatik, eta inperialismo iparramerikarraren aliatu tradizionalak, Turkia edo Saudi Arabia, euren esparrura hurbildu ditu.
Txina Washingtonek mundu mailako erabakietan izan duen nagusitasuna auzitan jartzen ari da argi eta garbi, eta burgesia estatubatuarrak ezin du hori onartu hil ala biziko borroka eman gabe. Trumpek Txinaren aurka egindako politika oldarkorra, bere militarismoa eta txobinismo arranditsua, erabat jarraitzen ari da Biden Gobernua.
Afganistandik isatsa hanken artean zuela irten eta egun gutxietara, Estatu Batuek Aukus sinatu zuten, Australia eta Erresuma Batuarekin egindako itun militarra. Itun horrek berrarmatze oso handia suposatzen du, arma nuklearrak barne, eta helburu argia du: hegoaldeko Txinako itsasoa menderatzea eta, unea iristean, Txinari merkantzien esportazio eta inportazioa eragoztea.
Estatu Batuek ezin diote, inola ere, Europari uko egin eta aurkariaren aurrerapena erraztu. Ukraina da horren adibide ona: Txina da bere bazkide komertzial nagusia eta herrialdeko lur landuaren % 9 erosi du. Txinaren eta bere bazkide estrategikoa den Errusiaren aurrerapenak onartezinak bihurtu dira Grezian, Italian, Alemanian... Nord Stream 2 gasbidearen proiektuak alarma hotsak piztu zituen Washingtonen, hain zuzen, Europak Errusiako gasarekiko duen mendekotasun energetikoa are gehiago areagotuko baitzuen, orain beharren %44 baino gehiago betetzen duenean. AEBk boikota abiarazi zuen bertan behera uztea lortu arte.
Horregatik inperialismo iparramerikarrak entzungor egin dio Errusiarekin edozein negoziazio ekiteari. Bere diplomazia erabateko iruzurra izan da, eta inoiz ez du izan Zelenskiren gobernu txotxongiloa NATOn sartzeari eta armak eta base iparramerikarrak Ukrainan zabaltzeari uko egiteko asmorik.
Putinen programa txobinista
Ukraina gobernu estatubatuarraren menpeko Estatu bihurtu da guztiz. Gobernuaren ustelkeria, biztanleriaren gehiengoaren pobrezia eta oligarken aberastasuna etengabe handitu dira. Ukrainako gobernuek, Zelenskirena barne, polizian eta armadan sartu dituzte milizia neonaziak eta eskuin muturreko taldeak, hala nola Azov Batailoia, herrialdearen ekialdeko errusiar hiztunen aurka egin dituen basakeriengatik ezaguna. Erasoaldi horrek Donetsk eta Luhanskeko herri altxamendua eta lurralde hauen zati baten banaketa ekarri zituen, gatazkak 14.000 biktima utziz 7 urte hauetan.
Bi errepublika horiek herriaren benetako altxamendu baten ondorioz sortu baziren ere, Putinek aukera bat ikusi zuen Mendebaldearen aurrean zuen posizioa indartzeko, eta bertan esku hartu zuen bere kanpo politikaren tresna bihurtzeko. Horregatik mila aldiz gezurra da errusiar burgesia txobinistak gerra honekin helburu aurrerakoiak dituela. Bere interesak ez dira Donbaseko errusiar biztanleria defendatzea, ezta Ukraina desnazifikatzea eta munduko zapalduak zaintzea ere. Errusiar kapitalistek eta Putinen Gobernuak ageriko helburu inperialistak dituzte.
Ukrainako esku-hartze militarra baino 48 ordu lehenago Errusiako herriari emandako hitzaldian, Putinek Lenin eta boltxebikeak salatu zituen 1917ko urriko iraultzaren ondoren Ukrainaren autodeterminazio eskubidea eta independentzia praktikan jarri zituztelako, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean (SESB) Errusiarekin eta beste nazio batzuekin berdintasunean integratzea bultzatuz. Hitzaldi horretan, Putinek argi utzi zuen errusiar txobinista handia dela, boltxebismoaren etsai sutsua eta, nolanahi ere, Stalinen politika errepresibo, zentralizatzaile eta errusiazalearen jarraitzailea.
Eta hori erakusten du, halaber, Moskun, San Petersburgon eta beste hiri batzuetan gerraren aurka kalera atera diren manifestarien aurkako errepresio basatiak, milaka atxilotuekin, eta 15 urtera arteko kartzela zigorrak ezartzen dituen salbuespen legea onartuz Indar Armatuei buruzko albiste faltsuak zabaltzeagatik. Ezein iraultzailek ezin du Gobernu despotiko hau babestu, tsarren erregimenen parekoa.
Zigorren papera eta gerraren garapena
Zaila da gerrara nola garatuko den zehaztea. Propagandarako makineria bete betean ari da lanean, ahalik eta nahasmen handiena sortzeko, baina inbasioa hasi zenetik argitu diren auzi batzuk aipa daitezke.
Lehenik eta behin, mendebaldeko inperialismoak Ukrainari ematen dion laguntza militarrak ez du funtsezko aldaketarik ekarriko errusiar gerra makineriaren boterearen aurrean. Ultraeskuineko armadak eta miliziek eskainitako erresistentzia ez da izan mendebaldeko hedabideek margotu nahi duten tamainakoa, Zelenskiren Gobernuaren babes falta ere islatuz.
Bestalde, AEB eta Europa bereziki zalantzati agertu dira zigorrak azken ondorioetaraino eramateko orduan. Egia da Errusiako ekonomia kolpatzen dutela, edo langile errusiarrak eta haien familiak zehatzago izateko, baina Putinen erregimenak Mendebaldeko baliabide ekonomiko zabalak lortzen jarraituko du gasaren, petrolioaren eta Europak uko egin ezin dien oinarrizko beste lehengai batzuen salerosketan. EBren barne zatiketa bera, une batez gerraren hasierako inpaktuak baretua, berriz ere sor daiteke gogor, AEBk presioa areagotzen badu Errusiako gas edo petrolioaren aurkako erabateko blokeoa ezartzeko. Errusiar hornidurak erabat mozteak Europako ekonomia hondora lezake.
Nolanahi ere, ondorioak oso negatiboak dira mendebaldeko ekonomian: inflazioa ikaragarria da, Brent upelaren prezioa 135 dolarretik gorakoa da, argiaren eta gasaren prezioak markatik apartekoak dira, burtsek kolpe nabarmenak jaso dituzte… Estanflazioaren aurreikuspenak, edo atzeraldi beldurgarri batenak, lehen mailako ondorio sozial eta politikoak izango lituzke, Gobernu kapitalisten aurkako mobilizazioa eta haserrea elikatuz.
Hirugarrenik, Mendebaldeko komunikabideek bonbardatzen gaituzten Errusiaren ustezko nazioarteko isolamendua ez dator bat errealitatearekin. Txinaren babes irmoari eusten dio, eta hori erabakigarria da. Eta beste herrialde askok, hala nola Indiak edo Pakistanek, eta baita AEBen aliatu tradizionalek ere, Saudi Arabiak kasu, uko egiten diote etsaitasunezko diskurtsoan sartzeari eta zigorrekin bat egiteari.
Txinaren bitartekaritza, Ukrainako Gobernuaren sektoreek eskatu duten bezala, Errusian interes handiak dituzten Europako herrialdeen laguntzarekin, benetako aukera bihur daiteke. Baina Washingtonen boikot amorratua izango du aurrean, gerra luzatzea interesatzen baitzaio, Putin Ukrainan harrapatuta uzteko.
Hori esanda, nahiz eta Putinen garaipen militarra litekeena den, Ukrainaren okupazio luzeagoak edo Donbasen anexioak, funtsezko azpiegiturak suntsitu ondoren, milaka hildako, milioika errefuxiatu, ekonomia geldiarazi ondoren, gerrak kostu izugarria izango du Kremlinarentzat. Putinek Ukraina NATOn ez sartzea lor lezake, baina Errusiaren aurkako sentimendua sakonki piztuko da txobinismo erreakzionario ukrainarra astinduz eta eskuin muturrak eta mendebaldeko inperialismoak baliatu ditzaketen masa mugimenduetarako baldintzak sortuz. Inbasioaren ondorio erreakzionarioak agerikoak dira.
Gerrarik ez herrien artean, bakerik ez klaseen artean
Ukrainako egungo gerratik, iraganeko eta oraingo gerra inperialista guztietatik bezala, onura aterako duten bakarrak elite finantzarioak eta monopolio handiak izango dira. Aldi berean, murrizketa sozialak eta langile familien bizi baldintzen erasoak izugarriak izaten ari dira hori ordaintzeko.
Bi aldeen arteko gerra erreakzionarioan, klase kontzientzia duten langileen eta gazteriaren lehen betebeharra, geure burgesia nazionalaren aurkako borroka da, internazionalismoaren eta sozialismoaren programarekin txobinismo kapitalistaren aurka borrokatzea alegia. Herrialde guztietako proletarioak batu gaitezen gerra inperialistaren aurka!
Komunista iraultzaileok Ukrainak autodeterminaziorako eta independentziarako duen eskubidea defendatzen dugu, baina ez dugu ilusio faltsurik egiten. Soilik bere langile klasearen ekintza iraultzaile baten bultzadapean, bloke inperialistetako edozein alderen mendekotasun ororekin hautsiz, lor dezake Ukrainak nazio independentearen benetako estatusa.
Sozialdemokraziak eta ezker erreformista berriak amore eman dute beren burgesia inperialistaren aurrean. Horien artean kritikoenek diplomaziaren ekintza «sendatzailea» eskatzen dute, baina gertaerek erakusten dute tartean dauden potentzien edo NBEren diplomaziak ekarri gaituela egoera katastrofiko honetara.
Ezker Iraultzailetik Ukrainaren inbasio errusiarra gaitzesten dugu mendebaldeko inperialismoak eragindako inbasio eta gerra guztiak gaitzetsi ditugun bezala. Erasoa amaitzea eta tropa errusiarrak berehala erretiratzea eskatzen dugu. Baina, aldi berean, azaltzen dugu erretiratze horrek ez duela inola ere bermatzen AEBk eta Europak gerra estrategiak etengo dituztenik eta kanpora NATO oihukatzen dugu. Gainbehera inperialistaren garai honetan, gatazka militar berriak saihestezinak dira.
Gerra metaketa kapitalistaren mekanismoaren parte da. Langile klasearen eta gazteriaren mobilizazio masibo eta sendoarekin bakarrik gelditu ahal izango da, mundu osoko kaleak hartuz, politika iraultzaile, internazionalista eta klase independentziazkoa altxatuz, argi eta garbi borrokatuz tartean dauden potentzien eta beren gobernuen interesak.