Irailaren 25eko hauteskundeek garaipen irmoa eman diote Georgia Meloni ultraeskuindarrari, botoen %26 eskuratuta. Demagogia erreakzionarioa («Jainkoa, aberria eta familia»), nazionalista («lehenik Italia eta italiarrak») eta Europar Batasuneko finantza eliteen nahiz burokraziaren aurkako hitzak ahoan dituela, hala nola, Italiako burgesiaren sektore garrantzitsu batek babestuta, Italiako Anaiak alderdi neofaxistak etekina atera dio Mario Draghiren batasun nazionaleko gobernuan parte hartu ez duen indar politiko bakarra izanari.

Bigarren Mundu Gerra ostetik lehen aldiz eskuin muturrak zuzendutako Gobernu bat egongo da Mendebaldeko Europan, Benito Mussoliniren miresle sutsua dela aitortzen duen presidente batekin buruan.

Halaber, emaitzek agerian utzi dute Alderdi Demokratikoaren gainbehera latza. Bere historiako emaitza okerrenetakoak jaso ditu, 5,3 milioi boto (%19) eskuratuz eta 2018tik 800.000 bozka baino gehiago galduz. Hori dakar, politika kapitalisten, azken hamarkadetako kontrarreformen eta murrizketa sozialen babesle nagusia izateak, Ukrainako gerra inperialistan NATO grinaz babesteak, eta bake soziala eta klase arteko kolaborazioa kosta ahala kosta defendatzeak. Ezarri dituen politikek bidea ireki diete eskuin muturraren gorakadari. Horri Italiako ezkerra aspalditik jasaten ari den krisi sakona gehitzen zaio, langile klasea adierazpen politikorik gabe eta umezurtz aurkitu delarik.

Beste kaltetu nabarmena Giuseppe Conteren Bost Izarren Mugimendua izan da, 4,3 milioi botorekin, %15,4. Hegoaldean lehen indarra izaten jarraitzen duen arren, alderdi populista gogor zigortua izan da, 2018tik Gobernu kapitalista guztien bazkide izateagatik. Duela lau urteko hauteskundeen garaipena eman zien hamar milioi botoen %60 baino gehiago galdu du, neurri handi batean abstentziora joan direnak.

Abstentzio handiena eta sistemaren sinesgarritasun falta

Abstentzioa faktore erabakigarria izan da (%34), 2018tik 9 puntutan hazi delarik. Hegoaldean joera hori are nabarmenagoa izan da, eskualde bakar bat ere ez baita %40tik jaitsi, eta Napolin adibidez %50 baino handiagoa izan da. Baldintza ekonomiko “apenas onargarriak” edo “txarrak” jasaten dituztenen artean abstentzioa %40,5 eta %53 izan da hurrenez hurren, eta 18 eta 35 urte bitarteko gazteen artean %40koa.

Datu horiek argi erakusten dute sistemak sinesgarritasun falta zabala duela, baina baita eskuineko populismoak eta eskuin muturrak ere — neurri batean Ligako eta M5Sko gobernuekin ikusi da — langileen eta gazteen sektore garrantzitsuen kritika eta gaitzespena dutela. Egungo egoeran ez dute ikusten hautestontzietan amorrua adierazteko inolako aukerarik; parlamentuko ezkerraren politika mesprezatzen dute, funtsean eliteen interesak defendatzen dituelako; CGILeko burokrazia sindikalak ezartzen duen oztopoa ikusten dute, edozeren gainetik bake soziala defendatzeagatik eta hauteskundeak ekiditeko Draghi bankariari karguan mantentzeko erregutzera iritsi baitira.

Langile klasea umezurtz dago politikoki eta hauteskundeetan, baina ez du porrot historikoa jasan. Hori oso garrantzitsua da. Jakina, Meloni buru duen gobernu bat mehatxu larria da eskubide demokratikoentzat eta lorpen sozialentzat. Baina hala ere, okerra litzateke ondorioztatzea Italian faxismoa dela jaun eta jabe masen babesa duelako. Hauteskunde hauek nabarmentzen dute, hori baino gehiago, ezker erreformistaren porrota eta langile klasearen eta gazteriaren sektore aurreratuenak bilduko dituen ezkerreko erreferente borrokalari baten gabezia direla auziaren gakoak.

Eskuineko blokeak ez du bere oinarri soziala zabaldu. Norabide erreakzionarioa are gehiago finkatu du klase ertainetako sektoreen artean eta langile atzeratuenen eta urteetan zehar krisiak gogor kolpatu dituenen artean. Bloke honen osaeran aldaketa eman da, orotara lortu dituen 12.300.000 botoetan (%44), duela lau urteko emaitzetatik 145.000 soilik gehitu baititu. Aurreko hauteskundeekin alderatuz, Italiako Anaiak alderdiak 5,8 milioi baino gehiago irabazi ditu, baina Salviniren Ligak 3,2 milioi boto galdu ditu eta Berlusconiren Forza Italiak 2,3 milioi, biek ere hautesleen erdia baino gehiago.

Fenomeno hau ez da bereziki Italiakoa. Trumpismoa; gaullismoaren krisia eta Fronte Nazionalaren gorakada, Frantziako presidentzialen bigarren itzulian %40tik gorako babesarekin lehiatu dena; Voxen emaitza onak edo Suediako azken hauteskundeak, non alderdi neofaxista bigarren indar bihurtu den (%20ko babesa) eskuin tradizionala gaindituz… adibide batzuk baino ez dira, orain dela ez hainbeste alderdi kontserbadore tradizionalak nagusi ziren espazioa muturreko eskuinerantz erradikalizatzen ari dela erakusten dutenak.

Europako Alderdi Popularrak Italiako koalizio ultraeskuindarra bedeinkatu izanak, halaber, agerian uzten du "betiko" eskuinak ez diela sektore horiei muzin egiten, eta faxismoari aurre egiteko ustezko eskuin demokratiko eta zibilizatuari osasun hesiak eskaintzea izugarrizko iruzurra dela.

Klase menderatzailean eta Estatu aparatuetan eskuinera biratzeak eta autoritarismorako eta bonapartismorako joera gero eta handiagoek sakoneko dinamika baten adierazleak dira. Zerikusi zuzena dute krisi ekonomikoaren eta polarizazio soziala areagotzearekin eta, batez ere, sistemak asimilatutako ezker erreformistaren porrotarekin.

Ezker iraultzailea berreraikitzea


Melonirentzat garai lasaiak datozela pentsatzea akatsa litzateke. Dagoeneko ez dago oposizioan eta gobernatzen hasten denean demagogiaren etekinak murriztu egingo dira. Burgesiak behar duen politika aurrera eramatea (murrizketak, pribatizazioak, langileen esplotazioa gogortzea...) eta eskubide demokratiko eta sozialen aurkako agenda oldarkor eta erreakzionarioa aplikatzeak klase borroka sutuko du.

Nazioarteko egoera eta krisi ekonomikoa ez dira baretuko. Zor publikoaren pisuak (BPGren %153) ekonomiaren gainean dago; erabateko pobrezian dagoen biztanleriaren %9,4ko tasak eta %9tik gorako inflazioak egoera iluna erakusten dute. Era berean, Cofindustriako presidenteak ohartarazi du gas errusiarraren hornidura eteteak Italiako industriaren %20 ixteko arriskua ekarriko lukeela.

Ultraeskuinari aurre egiteko modu bakarra langileriaren eta gazteriaren ekintza masibo, antolatu eta kontzientea da. Horrek mahai gainean jartzen du masen alderdi bat berreraikitzeko premia, politika iraultzaile eta antikapitalista batekin.

Monopolio handien nazionalizazioa defendatzea, enpresa elektrikoekin eta bankuekin hasita, kalte ordainik gabe eta langileen kontrolpean, funtsezkoa da alderdi hori berrosatzeko. Eta programa sozialista batekin batera, ezinbestekoa da faxismoari aurre egiteko masen ekintzarako deia egitea, biztanleriaren eta langile klasearen autodefentsa antolatuaren bidez, enpresetan klase sindikalismoa defendatuz, arlo politiko eta ideologikoan, burgesiarekin kolaboratzeko politikak dakarren hondamendia salatuz. Horrela bakarrik jarri ahal izango da martxan langileek eta gazteek gizartea eraldatzeko duten ahalmen izugarria.