Mundu mailako krisiak eragin duen efektu garrantzitsuenetakoa Europaren batasuna puntu kritiko batera eramatea izan da. 1999an euroaren ezarpena, ekonomiaren zabaltze fasean eta munduko eta Europako klase agintariarengan optimismoa zegoenean eman zen. Testuinguru honetan, interes ekonomiko eta politiko ezberdin eta askotan kontrajarria zuten herrialdeetan txanpon bakarra ezartzetik sortzen den kontraesana bigarren maila batean geratu zen. Dena dela, krisia piztu denean kontraesanak modu bortitzean azaleratu dira.

2010 urtean 80-90 hamarkadetan Latinoamerikan gertatutako finantza-krisiak gogorarazten dituzten hainbat gertakari izan ditugu. Maiatzaren 2an EBk eta FMIk Grezia erreskatatu zuten hiru urtetarako 110.000 milioi eurorekin. Trukean Greziak biztanleriaren gehiengoaren bizi baldintzen aurkako eraso gogorrak jarri zituen indarrean. Baina, arazoa konpondu beharrean, neurria jarri eta berehala, zorraren krisia Greziatik Europako beste herrialdeetara hedatzeko arriskua piztu zen. Maiatzaren 5ean, Portugalek zor publikoa ezartzeagatik ordaindu behar zuen “arrisku saria” martxokoa baino lau bider handiagoa zen; bi egunetan espainiar burtsak %7,5 galdu zuen. Munduko inbertsiogileen konfiantza eza Europa osoan islatu zen, AEBetik zetozen baku-arteko kredituak ere eten egin ziren. Testuinguru honetan, finantza kolapsotik gertu, maiatzaren 10ean 750.000 milioi euroko funtsa (hauetarik 250.000 FMIk jarri zituen) onartu zen beste herrialdeen erreskaterako.

Funts hau, “europar elkartasun” bezala saldu bazen ere, bankaren interesak defendatzeko helburuarekin sortu zen eta Europako langileen bizi baldintzen atzerakada ikaragarria eragiten ari da herstura plan latzen bidez. Funts honen eraginkortasunari dagokionez, datuek bere baitatik hitz egiten dute: 2010 urtea Irlandarentzako 85.000 euroko erreskate plan batekin eta 2011ean Portugalera, Estatu espainiarrera, Italiara eta Belgikara hedatzeko beldurrarekin bukatu zen.

Talka soziala areagotzen

Herstura planak ezartzen hasteak eragin sakona izan du europar langile klasearengan eta, ondorioz, mobilizazio handiak egin dira, hainbesteraino non Estatu frantziarrean eta Grezian errebolta sozial maila erdietsi duten. Hala ere, mobilizazioak herrialde guztietan izan dira eta gobernuekiko konfiantza ezak markatu ditu. Azken hamarkadetan inoiz ez da sistema kapitalista zalantzan horrenbesteraino jarri eta ondoeza soziala ere ez da hain orokorra izan.

2010eko uztailean argitaratu zen eurobarometroa (Europako Batzordeko galdetegi ofiziala) krisiak familiengan zuen eragina aztertzera mugatu zen eta oso argigarria da kontinentean eman den atzerakada soziala eta hauen eragina ikusteko. Hiru europarretik batek beldurra du hilabete bukaerara ez ailegatzeko, oinarrizko gastuei aurre ez egiteko eta, are, lana galtzeko. %73ak espero duen baino pentsio txarragoarekin eta beranduago jubilatzeko beldurra du. %60ak uste du pobrezia hazi egin dela bere herrialdean azken urtean (%85 Grezian, %83 Estatu frantziarrean, %75 Italian). 80 milioi europar ia pobrezian bizi dira eta biztanleriaren %8ak pobreziatik irteten laguntzen ez dion lana du. OCDEren arabera, Europako langileen %60k lan kontratu prekarioekin eta laguntza sozialik gabe egiten du lan.

Krisi ekonomikoak eta honen eragin sozialak langile mugimendua berpiztu eta klase arteko borroka areagotu du. Zuzendaritza sindikalen politika kolaborazionistaz gain eta mugimenduarentzat balazta izateaz gain, borrokarako gaitasuna eta erradikalizazio politikoa erakusten ari da langile klasea. Egoera hau ez dator zerutik, denbora luzez joan da garatzen. Boom ekonomiko garaian ere, zailtasun objektiboak egon badira ere, eta zuzendaritza marxista bat egon ez bada ere, azken hamarkadan mobilizazioak, manifestazioak, greba partzial eta orokorrak ikusi ditugu herrialde guztietan.

Itxuraz, azken urteetan langile borrokaren gorakada eta langile klaseko sektore askotan kapitalismoaren aurkako kritika areagotzea kontraesanean egon da Europako estatu gehienetan eskuineko gobernuak egotearekin. Baina eskuineko alderdien hauteskunde garaipenak ez dira izan langile klasearengan erreakzio giro bat dagoelako, agintari erreformisten krisiarengatik baizik. Urteetan eskuinaren moduko politika ekonomikoa ezarri eta gero, eta hainbat alditan aldaketarako itxaropen guztiak suntsitu eta gero, beste garai historiko batzuetan baino zailtasun gehiago dituzte langile klasea hauteskunde esparruan mobilizatzeko. Faktore erabakigarriena, beraz, ez da izan eskuinaren babesaren gorakada, are gutxiago, sistemarenganako ilusioaren gorakada. Ez dugu, beraz, erreformismoaren politikaren eragin kaltegarria gutxietsi behar, langile klasearengan zalantza eta nahasmena txertatu eta erantzun gaitasuna atzeratzen baitu.

Sektore estrategikoenen pribatizazioa, herritarren kapa zabalak txirotzea eta politika ofiziala arbuiatzea Europako errealitate sozial eta politikoaren elementuak dira eta antzeko giroa egon zen Latinoamerikan azken hamarkan ezkerreranzko bira eman baino lehenago. Krisi ekonomikoak eta 2010etik aurrera erasoak areagotzeak prozesua areagotu du.

Klase agintaria prestatzen ari da

Burgesia eta hainbat gobernu klase arteko borrokaren gorakadarako prestatzen ari dira. Gero eta gehiago ari dira erabiltzen demagogia arrazista, “Estatu arrazismoa” izatera iritsi da Estatu frantziarrean esaterako, edota eskura dituzten mekanismo errepresibo “demokratikoak”.

Ikusi genuen 2010eko irailean Sarkozyren gobernuak ijitoak bidaltzeak edo bestelako etorkinen legeak banaketa bat ezartzen duela jatorri atzerritarra duten eta ez duten frantziarren artean. Gaur neurri hauek etorkinei eta gizarteko sektore behartsuenei eragiten diete, baina bihar langile klaseari bere osotasunean eragingo diote. 2010eko abenduan, Estatu espainiarrean aerokontroladoreen greba egin zenean “estatu alarma” eta aire kontrolaren militarizazioa onartu zen. Horrela, gobernuak, onartu berri zituen eraso sozialen larritasuna ezkutatzeko helburuarekin batera, etorkizuneko lan gatazka gogor eta erradikalizatuen aurka erabili daitekeen aurrekari bat finkatu zuen.

Alemanian, 2005-2009 bitartean, Die Linke (“Ezkerra”) alderdiko 53 diputatu espiatu zituen zerbitzu sekretuak. Apirilaren 26an Gai Orokorretarako Europar Batzordeak 8570/10 dokumentua onartu zuen. Honen bidez, EBk besteak beste “ezkerreko, eskuineko, nazionalista, erlijiozko eta globalizazioaren aurkako” jarrera erradikala daukan pertsona oro begiratuz edozein “erradikalizazio prozesu” behatuko du. 2010eko martxoan, 7984/10 dokumentua onartu zen; bertan “erradikalizazio bortitzen gaineko datuak biltzea” proposatzen da eta “erradikala” den edozein erakunde fitxatu ahal izango da, “indarkeriaren aldekoa” izan edo ez. Greziar estatuak KKE legez kanporatzearekin mehatxatu zuen azaroko hauteskundeen aurretik bere finantziazio sistema baztertzen ez bazuen eta estatuari alderdia diruz laguntzen duten pertsonen zerrenda ez bazion ematen. KKEk duen finantziazio sistema fabriketan eta manifestazioetan lortutako bono-laguntzetan oinarritzen da.. Azkenean mehatxua ez zen praktikan jarri, baina hurrengo garaietan, kapitalismoaren aurkako erantzuna antolaketa sindikal eta politiko handiagoan bihurtzen denean eta burgesiak bere sistema mehatxatuta eta gizartea kontrolatzeko ezintasuna duela ikustean, klase agintariak nondik joko duen jakiteko baliagarri izan daiteke.

Polarizazio politikoa gero eta nabarmenagoa da eta datozen urteetan ezegonkortasun politikoaren isla izango diren aldaketa handiak ikusiko ditugu erakunde politikoetan, bai ezkerrekoetan eta bai eskuinekoetan. Masen gertakari handiak ikusiko ditugu, ez faktore sozial edo sindikalek eraginda bakarrik, baita faktore politikoek eragindakoak ere, eta hauetan paper garrantzitsua jokatuko dute gazteek; iragan hurbilean ikusi dugu dagoeneko eta etorkizunean maila altuagoan errepikatuko da.

Financial Times-ek 2010eko martxoan klase agintariak duen beldurra agerian utzi zuen: “Datozen urteetan erabakigarria izango dena ez da zorraren handitasuna, baizik jakitea gobernuak gai izango diren zorrak gutxitzeko baliabideak aurkitzeko (…) (kasurik onenean) ezegonkortasun politiko bat edo (kasurik txarrenean) iraultza bat eragin gabe”. Azken batean, etorkizuna baldintzatuko duena langile klasearen potentzial osoa gidatzen jakingo duen, autoritate nahikoa izango duen eta mugimenduan txertatuta egongo den alternatiba marxista iraultzaile baten eraikuntzaren arrakasta izango da. Horrela bakarrik lortuko da kapitalismoarekin amaitzea eta Europan eta munduan gizarte sozialista bat eraikitzen hastea.