Maiatzaren 6ko hauteskundeen ostean ezin izan zuten gobernurik osatu PASOK eta Demokrazia Berriak (ND) jasandako porrotaren ondorioz. Horregatik, burgesia greziarrak eta europarrak, ahal zen moduan, klase dominatzailearentzako kezka handia zen estrategia posible bat saihesten ahalegindu zen: Syriza koalizio ezkertiarrak irabaztea ekainaren 17ko hauteskundeak. Syrizaren garaipenak murrizketen aurkako eta kalean babes handiko ezkerreko gobernua osa zezakeen.

Kapital greziarraren eta europarraren indar guztiak NDk garaipena eskuratzeko bideratu ziren. Hauen helburua PASOK eta Dimar alderdiekin batasun nazionaleko gobernu bat osatzea zen. Horregatik, hauteskunde kanpaina xantaian eta beldurrean oinarritu zuten. Mezua argia izan zen: ezkerrak garaitzen bazuen, ez zuten “laguntzarik” izango, erabateko porrota ekarriko zuen, Grezia EBtik botako zuten eta eurotik aterako zen, kaosa eta gerra zibila ekarriko zituen. Bistan da, langileen aurkako mehatxuak izan ziren, eta adibide garbiak daude: Eurobank multinazionalak mehatxu egin zuen Syrizak hauteskundeak irabaziko balitu, herrialdetik ihes egingo zuela. Era berean, Alico aseguru-etxeko zuzendariak bere 350 langileei deitu zuen esateko “guztientzako lanpostuak bermatu nahi zituela” baina Syrizak irabaziz gero beren lanpostua galduko zutela.

Azkenean, NDk bere helburua lortu zuen, baina garaipen pirrikoa izan zen. Nazioarteko prentsa burgesak garaipena goretsi zuen, eta emaitza hauek herstura planen legitimazio modura erabili nahi izan ditu; borrokak eta ondoez soziala egon arren, “greziar herriak” “posible den irteera bakarraren” alde egin duela eta ezkerreko alternatiba erradikalen aurka dagoela erakutsi nahirik. Alabaina, errealitatea kontrakoa da: eskuinaren garaipen honek oso ahula izango den gobernua osatu du, eta ez da gai izango ezegonkortasuna eta klase arteko borrokaren goraldia saihesteko.

NDk botoen %29,66 (1.825.644) lortuta irabazi zuen, oso urrun geratu zen bakarka gobernatzeko lortzeko behar zuenetik. Syriza alderdia, aldiz, hiru puntura bakarrik geratu zen, botoen %26,89 lortuta (1.655.079); inoiz ikusi gabeko datuak ziren, eta Syrizaren babesa %10 hazi zen maiatzetik. Bestalde, PASOK alderdiak aurrekaririk gabeko krisia bizi du eta boto ugari galdu zituen. Oraingoan 77.678 boto gutxiago lortu zituen, eta hauetako gehienak, ziurrenik, ND alderdira joan ziren. Gobernu berri honen ahultasuna ez da hauteskundeetan lortutako babes gutxian bakarrik ikusten, ND alderdia ere ez da gai bere inguruan babes soziala lortzeko bere benetako programa babesteko, hau da, merkatu finantzarioaren aginduak hitzez hitz babesteko, nahiz eta orain “hazkunde politikaz” hitz egiten duten.

Syrizak lortutako babesa

Syrizaren aurkako kanpaina basatia izan bazen ere, emaitzak maiatzekoak baino hobeak izan ziren. Esan bezala, botoen %26,89 lortu zituen, maiatzetik %10,1 igo zen babesa, 593.814 boto gehiago lortu zituen. Joera honek Grezian dagoen ezkerreranzko erradikalizazio prozesua islatzen du: Syrizak 16 hauteskunde barrutitan irabazi zuen, eta herrialdeko barruti jendetsuenean eta garrantzitsuenean (Atenasko bigarren barrutian) lehen postua berretsi zuen 313.916 botorekin (%31,43); NDk baino bost puntu gehiagorekin.

Egia da, ordea, emaitza hobeak izan zitezkeela, hau da, Syriza hauteskundeak irabaz zitzakeen bere programaren edukia eta diskurtsoa apalduko ez balitu. Masek Syriza kapitalismoak sortutako hondamendiaren ordezko indar bezala ikusten zuten, eta horregatik zen erakargarria; langileen interesen aldeko jarrera zuen eta ezkerreko gobernua sortzea defendatzen zuen. Syrizako Tsiprasek The Guardian britainiar egunkariak maiatzeko hauteskundeen ondoren egindako elkarrizketan esan zuen abian dagoen gatazkak “langileak eta pertsona gehienak” “munduko kapitalisten, bankarien, burtsako espekulatzaileen eta inbertsio funtsa handien” aurka jarri dituela, eta “herriaren eta kapitalismoaren arteko gerra” dela. Diskurtso honekin Syrizak milaka langile eta gazteren sentimenduarekin bat egin zuen.

Nahiz eta Syrizaren oinarrizko puntua memorandumarekin haustea eta murrizketarik ez onartzea izan, kanpainan zehar bere mezua posizio erreformistetara apaltzen eta makurtzen joan zen. Kanpainaren ardatz bezala Troikarekin akordio “hobea” negoziatzeko aukera eta beharra finkatu zituen. Horrela, NDk betetzen zuen eremua betetzen saiatu zen. Burgesiaren erasoari aurre egiteko modua ez zen bere burua Troikarekin negoziatzaile on gisa aurkeztea, eta “izaera gizatiarreko” Europa kapitalistarengan itxaropena sortzea. Aurre egiteko modu bakarra programa sozialista defendatzea zen, greziar herritarren interesekin bat egingo zuena, eta beraz, kapitalismoarekin amaitzeko borrokatuko zuena. Syrizako agintariek beren eskuetan zuten Troikarena ez zen beste plan alternatibo bat egiteko eta anbiguotasunik gabe defendatzeko aukera: erreskateak sortutako zorra ez ordaintzea eta herstura planak ez onartzea, banka eta enpresa estrategikoak nazionalizatzea langileen kontrol demokratikopean, lanpostu guztiak defendatzea eta pribatizatutako sektore eta enpresak berriro nazionalizatzea, auzoetan eraso faxistei aurre egiteko autodefentsa komiteak sortzea eta izaera sozialistako eta iraultzaileko mugimendu internazionalista bultzatzea Europa osoan.

Hau defendatu eta masa mobilizatuei Greziak bizi duen hondamenditik irteteko bide bakarra gizartearen eraldaketa sozialista dela azaldu beharrean, burgesia internazionalari eta nazionalari mezu lasaigarriak bidali zizkien, G20ko ordezkariekin eta ejertzitoko buruzagi gorenarekin elkartuta.

Alderdi Komunistako (KKE) zuzendaritzaren politika okerra

Syriza eta KKE alderdiek boto ugari lortu izanaren faktoreetako bat ezkerreko gobernua osatzeko eta murrizketen politikei eta hauek babestutako gobernuei kolpe gogorra emateko aukera zen. Dena dela, KKEren kanpainako ardatz nagusia, hain zuzen ere, ezkerreko gobernua osatzearen kontrako jarrera izan zen. Syrizak akordioaren alde egiten bazuen ere, KKEk ez zuen inolako negoziaziorik onartu nahi. Alderdi Komunistaren jarrera honek ehunka langileren eta gazteren itxaropena zapuztu zuen; eta honek ondorioak izan zituen hauteskundeetan: hilabete batean KKEk botoen erdia galdu zuen; maiatzean 536.072 boto lortu zituen,%8,48; ekainean 277.176 boto, %4,5.

KKEk Frente Bakarreko politika defendatu behar zuen: ezkerreko gobernua eta honek hartutako neurri aurrerakoi guztiak babestu behar zituen, botere finantzariotik etorritako erasoetatik babestu behar zuen gobernua, eta, era berean, gobernuak izan zitzakeen ezintasunei benetako alternatiba sozialista eskaini.

Jarrera hau izan beharrean, hauteskunde kanpainako karteletan mezu hau zegoen: “Demokrazia Berria eta PASOK ez dira alternatiba. Ez fidatu Syrizarekin”. KKEko Komite Zentraleko kide eta nazioarteko harremanetarako arduradun den Elisseos Vagenasi egindako elkarrizketa batean KKEk ezkerreko gobernu bat osatzeari uko egitearen arrazoiaz galdetuta, hauxe erantzun zuen: “Uste dugu ‘ezkerreko gobernua’ez dela gai greziarren arazoak konpontzeko; are gehiago, okertzeko gai da. Noski, hau orain ez dute ulertzen langile guztiek eta krisiak suntsitu dituen enpresari txikiek. Syriza krisi kapitalistaren lan zikina egingo duen eta kiebra berriaz arduratuko den gobernuko indar nagusi bezala ikusten duen burgesiaren sektore batek babestu du” (http://es.kke.gr).

Greziako kanpaina jarraitu duen edonorentzat begi bistakoa izan zitekeenez, burgesiak ahalegin guztia egin du Syrizak irabazi ez zezan. Burgesiak garbi zeukan, nahiz eta programa ahula izan eta egindako adierazpenak egin, Syrizaren garaipenaren atzean langile klasearen eta gazteriaren presioa eta gizartea aldatzeko borondatea zegoela.

Behin emaitzak ezagututa, KKEk sakondu egin du ildo oker honetan, eta hauteskundeetan jaitsi izana masen heldutasun ezari, “klase erradikalismoaren atxikitzeari” egozten dio hauteskundeen balantzean esaten dutenez. Era honetan, KKEko agintari stalinistek uste dute beren alderdiak hauteskundeetan lortutako babesa eta masen heldutasun iraultzailea duena elkar loturik daudela. Baina justu kontrakoa da: gertatu dena izan da oinarriko militanteek eta PAMEko (KKEren sindikatua) sindikalistek erakutsitako borrokarako borondateaz gain, KKEko zuzendaritza ez dela gai izan benetako politika marxista defendatzeko. Ez da gai izan bere eragin politikoa hazteko hauteskundeak eskuinaren erreakzioari aurre egiteko aukera gisa ikusten zuten gazte eta langileen artean. Badakigu ezin dela kapitalismoa parlamentu burgesean suntsitu, baina honek ez du eskatzen Syrizarekiko jarrera ultraezkertiarra izatea eta Tsipras eta NDko Samaras zaku berean sartzea.

Emaitza hauek kolpe gogorra eman zioten KKEren zuzendaritzaren politikari eta eztabaida piztu du bere barnean etorkizunean hartu beharreko bideaz. Dena den, ekaineko hauteskundeek ez dituzte Greziako iraultzaren eginkizunak aldatu. Zalantzarik gabe, langileen eta kapitalisten arteko aurrez aurreko gertakari gehiago egongo dira; eta gertakari hauek agerian utziko dute kapitalismoaren amesgaiztoarekin amaitzeko beharra, banka, monopolioak eta kapital inperialista desjabetu eta langileen kontrol demokratikopean jarrita, oinarri sozialistako gizarte berria eraikitzeko.